Hamahiruna urteko espetxe zigorra Bilboko talde bortxaketa egin zutenentzat

Hiru gizon dira; sexu erasoa egin zutenean, 20-28 urte artean zituzten; 18 urteko andre bat inguratu zuten hiruren artean. Andreari emandako tratua «laidogarria» izan zen

Erredakzioa
Bilbo
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak atzo plazaratu zuen sententzia: Bilboko Solokoetxe auzoan 2017ko urtarrilean taldeko bortxaketa bat egin zuten hiru gizonek hamahiruna urteko espetxe zigorra bete beharko dute. Hilaren 9an hasi zen epaiketa. Bertan sartzerik ez da egon, baina zabaldu dira, hala ere, auzibideari buruzko hainbat jakingarri: esaterako, erasoaren irudiak ikusi ahal izan direla segurtasun kameren bidez. Biktima 18 urteko andre gazte bat zen erasoa pairatu zuenean. Orain zigortu dituzten gizonetako bik 20 urte zituzten; besteak, 28. Kartzelan egon dira orain arte ere, sententziaren zain. Emakumearen sexu askatasuna urratzea egotzita jarri diete zigorra, eta erasoaren irudiak grabatu eta zabaltzeagatik ere bai. Izan ere, eskuko telefonoarekin grabatu zuten bortxaketa, eta irudiak ezagun bati bidali zizkion akusatuetako batek.

Fiskaltzak 80 urteko kartzela zigorra eskatu zuen hiru gizonentzat. Akusazio partikularrak, ehun urte baino gehiagokoa. Fiskaltzak, zehazki, 26 urte eskatu zituen bi gizonentzat, eta bat gehiago hirugarrenarentzat. Akusazio partikularrak 38-39 urte arteko zigorrak eskatu zituen. Biek kontakizun bera berretsi dute: janaria saltzeko makinak dauden toki batean inguratu, eta bortxatu egin zuten hiru gizonek emakumea. Horretarako, haren nahasmendu egoeraz baliatu ziren, alkohola edanda baitzegoen. Depresioaren kontrako botikak ere hartzen ari zela nabarmendu du sententziak: «Ulertzeko eta kontrolatzeko gaitasuna erabat kaltetua zuen». Defentsek, hala ere, absoluzioa eskatu zuten, bortxaketa hura sexu harreman baimendu bat izan zela argudiatuta. Sententzian, emakumezko gazteak gizonen partetik pairatu zuen tratu «laidogarria» azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.