Azken urteetako uztarik onena biltzea espero dute aurten mahats ekoizleek

Nafarroan hasi dute bilketa, eta Arabako Errioxan datorren hilean ekitea aurreikusten dute. Iaz baino mahats gutxiago jasoko bada ere, kalitatean nabarmen hobea izango da

aitor biain
Gasteiz
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Atzerapen txiki batekin bada ere, mahatsa biltzen hasiak dira dagoeneko Nafarroan, eta aurki ekingo diote Arabako Errioxan ere. Gauzak ondo bidean, baikor izateko urtea dute aurtengoa mahats ekoizleek, azken urteetako uztarik onena jasotzea espero baitute; bai behintzat kalitateari dagokionez. Izan ere, iazko uztaren aldean, kopuru urriagoa batuko dute aurten oro har, baina aitortu dute kalitatean nabarmen egingo duela hobera.

Ohi bezala, mahats zuria biltzeari ekin diote Erriberan: chardonnay eta moskatel mahatsarekin hasi zituzten bilketa lanak abuztuaren hondarrean. David Palacios Nafarroa sor-markako presidenteak aitortu du aurtengo bilketa ohi baino egun batzuk geroago hasi dutela: «Udaberriko lehen egunetako hotzak atzeratu du prozesua. Mahatsondoek lorea bazuten ordurako, baina tenperatura hotzek ez zuten hura garatzen lagundu. Gero, aldiz, guztiz kontrakoa izan dugu: uda ikaragarri beroa izan dugu, 42 graduko langa gaindituz astebetean, eta horrek ere ez du lagundu atzerapen horri buelta ematen».

Ardogileek aurreratu dute eguraldiaren eragina nabarituko dela aurtengo uztan. Uda bereziki ona egin baitu haien hitzetan: lehorra eta ekaitz zakarrik gabekoa izan da, eta mahatsa ongi hel zedin eragin du horrek. «Uda desberdina da urtero. Errekorrak gainditzen ditugu beroagatik, hotzagatik, prezipitazioagatik... Aurten beroa azpimarratu behar da, lehortea izan dugu», dio Palaciosek. Hala ere, prezipitazio eskasia horrek onurak ere ekarri ditu. «Tenperatura altuek ez dute gaixotasunik garatzen utzi, eta, ondorioz, mahatsaren kalitatea ikaragarri ona da».

Iazko kopuru handiaren ostean, ale gutxiagoko mahatsa da aurtengoa, eta horrek ere eragin du mahatsaren kalitatean, Jose Daniel Ausejo Bodegas Corellanas upategiko gerenteak azaldu duenez. Abuztuaren 27an hasi zuten bilketa Corella inguruetan, eta datorren astean amaitzea aurreikusten dute. Azken egunetan izan den tenperatura aldaketaren onura nabarmendu du Ausejok: «Beroa ez da horrenbestekoa, eta gauez ere tenperaturak jaitsi egin dira. Horrek azukrearen heldutasunean eragin du. Uzta oso ona izango da».

Bodegas Corellanas upategian iaz baino %20 edo %25 mahats gutxiago jasoko dutela aurreikusten dute. Aurtengo uztaren kopurua txikiagoa izan arren, zenbakiak ohiko bilketetatik hurbilago daudela nabarmendu du Ausejok, «iazko uzta oso handia izan baitzen, ezohikoa». Aurten, denera, 160.000 eta 170.000 kilo artean bilduko ditu upategiak, gutxi gorabehera.

Nafarroako sor-marka osatzen duten 85 upategiek, aldiz, 65 milioi kilo mahats bilduko dituztela aurreikusten dute. 2018an baino %20 gutxiago da hori, hain zuzen (78 milioi kilo).

Arabako Errioxan zain

Errioxa sor-markako upategiak ere hasi dira mahatsa biltzen dagoeneko; datozen asteetan zabalduko da eremu guztietara, halere. Mahats mota goiztiarrenak jasotzen hasi dira han ere, eta antzeko ezaugarriak nabarmendu dituzte guztiek orain arte: uzta urriagoa, baina kalitate onekoa. Bada, mahatsondoen «egoera ona» dela eta, bilketa, orokorrean, astebete baino gehiago aurreratu daitekeela esan dute sor-markako arduradunek.

Arabako Errioxan, ordea, zerura begira jarraitzen dute oraindik. Han, iraila izaten baita uzta biltzeko data finkatzen duen hilabetea. Ines Baigorri ABRA Arabako Errioxako upategi txikien elkarteko lehendakariaren hitzetan, «goizegi» da data bat zehazteko: «Hatzak gurutzatzen jarraitu behar dugu oraindik». Dena ondo bidean, baliteke hilaren amaieran hastea upategi batzuk, baina urriaren bigarren astean orokortuko litzateke bilketa, «ohiko epean», alegia.

Abuztuaren azken egunetako ekaitzek txingorra ekarri bazuten ere, Baigorrik adierazi du ez zuela kalte nabarmenik eragin. «Mahatsondoen eta mahatsaren egoera oso ona da». Hori bera nabarmendu du Iñigo Berzal Dominio Berzal upategiko enologoak ere: «Oso pozik gaude. Oso ondo daude mahatsondoak».

Azken orduko aldaketarik ezean, Berzalek uste du baikorrak izateko arrazoiak dituztela: «Oso urte ona izan daiteke. Uzta ezin hobea izango dela dirudi, baina tentuz esan nahi dugu, dena alda daitekeelako». Izan ere, Mañuetan oraindik hilabete inguru geratzen zaie bilketa hasteko, «eta asko da hori», Berzalen hitzetan.

Arabako Errioxan ere uzta urriagoa espero dute aurten. Ez dute datu orokorrik aurreratu oraindik, baina Dominio Berzal upategian, esaterako, %10 edo %15 gutxiago izango dela aurreikusi dute.

Prezioaren gorabeherak

Aurtengo uzta urriagoa izango den arren, aurreko urtearekin alderatuta, mahatsaren prezioan ez dute aldaketarik espero ekoizleek. Nafarroa sor-markari dagokionez, mahats kiloa 32 eta 50 zentimo artean ordainduko dela aurreikusten dute. «Orain bi urte gora egin zuten prezioek, baina aurten eustea espero dugu. Ona dela uste dugu», esan du Palaciosek. Hala uste du Ausejok ere: «Ez genuke mahatsaren prezioa igo beharko, erokeria bat litzateke. Merkatua merkatua da, eta dagokizun lekuan jarriko zaitu lehenago edo beranduago».

Baigorrik adierazi du, halaber, uzta urriagoa izateak ez lukeela prezioan eraginik izan beharko, nahiz eta zerbait apalagoa izango denaren zurrumurruak egon badauden. «Iazko uzta handiaren ostean, merkatuan ardo dezente dago une honetan. Beraz, oreka hori berreskuratzeko baliteke aurten mahatsaren prezioa apur bat apalagoa izatea», azaldu du Berzalek.

Salmentei dagokionez, aldiz, behera egin zuten iaz bai Errioxa sor-markako ardoek eta bai Nafarroakoek ere. Errioxako sor-markako ardoen salmentek nazioartean %3 inguru egin zuten behera esaterako, eta tentuz begiratzen diote, besteak beste, brexit-aren auziak izan dezakeen eraginari. Bada, aurtengo uzta urriagoa izateak lagunduko duela uste du Palaciosek, halere. Iazko 34 milioi litroak gainditzea espero du aurten ere: «Urtea amaitzeko hilabete batzuk geratzen dira oraindik. Eguberriak datoz, eta garai ona da salmentarako; baikorrak gara oaingoz. Iazko zenbakietan gaude; beraz, ikusiko dugu nola amaitzen den urtea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.