Eskaerak aurkezteko deia egin die Egiari Zor fundazioak biktimei

Fundazioaren ustez, estatuaren indarkeria pairatu duten biktimek «diskriminaturik» segitzen dute. Erreparazioa lortzeko bidean, biktimei laguntza emateko prest agertu dira

Ibon Larrinaga eta Ane Muguruza, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo ireki zen eskaerak aurkezteko epea Espainiako Estatuaren indarkeria pairatu duten biktimek erreparazioa jaso dezaten, Eusko Legebiltzarrak onartutako 12/2016 legearen arabera. Egiari Zor fundazioak uste du estatuaren indarkeriaren biktimek «diskriminatuta» jarraitzen dutela eta legeak ez duela egoera hori konponduko, baina, hala ere, eta «tresna guztiak baliatu» behar direlakoan, erreparazioa eskatzeko deia egin diete biktimei.

Fundazioko kide Ane Muguruzak eta Ibon Larrinagak gogorarazi dute Euskal Herrian «mota eta jatorri askotako indarkeriak» egon direla azken hamarkadetan, eta horiek «min eta sufrimendu handiak» sortu dituztela. Halaber, gogora ekarri dute egoera gaur egun oso bestelakoa dela, eta euskal gizarteak «elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko bideari» ekin diola, «apurka bada ere».

Hala ere, Egiari Zor fundazioak uste du «giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten biktima guztiak» ez direla «beren eskubideen jabe», eta estatuaren indarkeriaren biktimek «diskriminatuta» segitzen dutela: «Poliziaren indarkeria jasan dutenak, salbuespeneko espetxe politikak hildakoak, errepide kontroletan eraildakoak, eskuin muturraren erasoak jasan dituztenak, torturatuak, zaurituak eta abar».

Muguruzak eta Larrinagak esan dutenez, Eusko Legebiltzarrean onartutako 12/2016 legea ez da «diskriminazioa behin betiko gainditzea lortuko duen mekanismoa». Gogorarazi dute legeak ibilbide «korapilatsua» egin duela, eta zenbait alderdi politiko, polizia sindikatu eta epaile legea blokeatzen saiatu direla: «Euskal Herriko gatazkan gertatutakoa ukatzen dutenak, oraindik eragindako minaren eta giza eskubideen urraketen ardurarik beren gain hartu ez duten horiexek izan dira, hain zuzen ere, errekurtsoak aurkeztu eta legea bertan behera utzi dutenak».

Hala ere, eta mugak muga, legea indarrean jarri izana «positibotzat» jo dute, eta «elkarbizitzaren eraikuntzan aurrerapausoa» dela pentsatzen dute, biktima askoren «aitortza» ekar dezakeelako. Horregatik, «aukera hau galtzen ez uzteko», biktimei dei egin diete eskaerak aurkez ditzaten.

«Deialdi publiko hau egiten dugu jakinda lege honek ez duela lortuko kasu guztiei erantzuna ematea eta eskaera asko eta asko ukatuko dituztela», esan du Muguruzak. Edonola ere, Espainiako Estatuak eragindako giza eskubideen urraketak «modu ofizialean aitortuak» izateko bide bat izan daitekeela iritzita, deialdia berretsi dute.

Bi urteko epea

Bi urteko epea dago eskaerak aurkezteko; 2021eko irailera artekoa, beraz. Hildakoen senitartekoek, behin betirako lesioak pairatu dituztenek eta torturak jasan dituztenek aurkez ditzakete eskaerak, baldin eta eskubideen urratze hori 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra arteko epean gertatu bazen eta urratzea Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan suertatu bazen. Eskubide urratzea beste nonbait gertatu bazen, eskaera aurkeztu ahal izateko beharrezkoa da garai hartan herrialde horietako bateko biztanle izatea.

Lehenagoko urratzeen biktimek ere 1960tik 1978ra aurkez dezakete eskaera, baina haientzat epea laburragoa da: 2020ko apirilaren 17a baino lehen egin behar dute.

Egiari Zor fundazioak bere burua eskaini du biktimei laguntza emateko ibilbide horretan, «izan hildako biktima baten senidea, izan torturatua, izan zauritua». Haiekin harremanetan jartzeko, mezu bat bidali ahal dute[email protected] helbidera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.