Koronabirusa. Eragina ekonomian

Etxeko langileentzako sari bat sortzekotan da Espainiako Gobernua

Aztertzen ari da larri dabiltzan maizterrek bi hilabetez alokairuak ez ordaintzea eta jabeak konpentsatzea. Frantziak langabezia saria luzatu die orain galdu dutenei, eta lanaldia luzatzea erraztuko du

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, atzo, Madrilen. MARISCAL / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Aldi baterako lana galdu dutenentzat, autonomoentzat eta enpresentzat zenbait neurri onartu ondoren, Espainiako Gobernua beste bi kolektibo laguntzeko aukera aztertzen ari da: etxeko langileak eta maizterrak. Frantziako Gobernuak ere zenbait neurri eztabaidatu zituen atzo: lanaldia luzatzea onartuko du osasun krisiari aurre egiteko ezinbestekoak diren sektoreetan, eta langabezia saria luzatuko die orain agortu dutenei.

Espainiako Lan Ministerioko iturriek berri agentziei baieztatu dietenez, laguntza berezi baten azken xehetasunak fintzen ari dira koronabirusaren krisiaren ondoren enplegua eta diru sarreren zati handi bat galdu duten etxeko langileentzat. Gobernua bihar bilduko da, eta aukeren artean dago orduan onartzea laguntza.

Euskal Herrian 35.000 lagun ari dira etxeko langile gisa kotizatzen Gizarte Segurantzan, baina sektore horretako benetako langileak gehiago dira, milaka batzuek beltzean egiten dutelako lan. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak urtarrilean jakinarazitako inkestak dioenez, lau langiletik hiruk orduren bat kotizatzen dute, eta 21 ordutik gora lan egiten dutenen artean %94 daude lege barruan lanean.

Baina, soldatapeko langileek eta autonomoek ez bezala, Gizarte Segurantzan dauden etxeko langileek ez dute langabezia saria jasotzeko eskubiderik, horretarako kotizatzen ez dutelako.

Ministerioko iturriek ez dute zehaztu zenbateko laguntza jasoko duten etxeko langileek, baina kotizazio oinarriaren %70ekoa izan daitekeela aurreratu du El País egunkariak. Hein horretakoa da enplegua aldi baterako galdu dutenek jasoko duten langabezia sari berezia. Kotizazio oinarria soldata gordina da, baina aparteko sarien zati proportzionala gehituta. Haren gainean kalkulatzen da langile batek eta haren kontratatzaileak zenbat ordaindu behar dioten Gizarte Segurantzari.

Etxeko langile askok etxe batean baino gehiagotan lan egiten dutenez, ikusi beharko da nola kalkulatzen den jaso beharreko saria. Hau da, etxeetako bat galduz gero eskubidea izango ote duten horri dagokion zatiaren araberako laguntza jasotzeko.

Alokairuak ez ordaintzea

Alokairuei dagokienez, eztabaida dago Espainiako Gobernuaren barruan maizterrei eman beharreko laguntzen inguruan, Unidas Podemoseko ministroek eskatu dute enplegua galdu dutenek eta lanaldia murriztu behar izan dutenek ez ordaindu behar izatea beren etxeko alokairua bi hilabetez. Etxearen jabeari kalte ez egiteko, estatuak bere gain hartuko luke alokairu osoa etxe bat edo bi dituztenei, eta zati bat hortik gora dutenei. Zortzitik gora dutenei %5 soilik ematea proposatu du Unidas Podemosek, argudiatu baitu higiezinetako funtsek soilik betetzen dutela baldintza hori.

Alokairuak ez ordaintzeko aukerari eragozpen gehien jarri dien ministroa Nadia Calviño da, Ekonomia ministroa. Argudiatu duenez, alokatzaile gehienak pertsona pribatuak dira, eta diru sarrera nagusirik gabe gera daitezke maizterrek pagatzen ez badiete. Baina atzo goizean aitortu zuen haiei laguntzeko «hainbat aukera» aztertzen ari direla. «Ziurtatu behar dugu neurriak eraginkorrak eta ongi zuzenduak direla, eta ez ditzatela zehar kalteak eragin», zehaztu zuen.

Calviñok nabarmendu duenez, desberdina da etxearen hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituzten herritarren kasua, haien kasuan zorra banku batekin dutelako. Talde horrentzat laguntza bat onartu du jada Espainiako Gobernuak, baina azken egunotan kaleratutako letra txikiak asko zailtzen du laguntza hori jasotzea.

Etxebizitza publikoetan bizi diren maizter askok lortu dute azken egunotan alokairua ez ordaintzea, baina, gehientsuenek jabe pribatu bati ordaintzen diotenez, laguntza eskatu dute azken egunetan. Haien artean dago Eusko Jaurlaritza. Stop Kaleratzeak elkarteak ontzat jo du erabakia, baina uste du motz geratu dela. Batetik, eskatu du Alokabide zerbitzuaren bidez etxebizitza alokatzen duten guztiei ezarri ahal izatea, baita kudeaketa pribatuko etxe babestuetan daudenei ere. Bestetik, alokairua ez ezik, etxepeko gastuak eta etxearekin lotutako zergak ez ordaintzeko ere eskatu du.

Frantziaren neurriak

Ipar Euskal Herrian ere aldaketak izango dira aurki, Frantziako Gobernuak neurri sorta bat aztertu baitzuen atzo. Batetik, langabezia saria automatikoki luzatuko diete martxoan hura jasotzeko eskubidea agortu dutenei, oraintxe bertan enplegua aurkitzea praktikoki ezinezkoa dela aintzat hartuta.

Bigarrenik, batez besteko gehienezko lanaldia —hamabi aste jarraian egin daitekeena—, 44 ordutik 46ra handitu dute, eta errazago onartuko dute aste batean 60 egitea. Neurri hori oraingo krisian oinarrizkoak diren sektoretan ezarri nahi dute —osasungintzan, logistikan, elikadura industrian...—.

Azkenik, enpresei aukera gehiago emango dizkie langileak oporrak noiz hartu behar dituzten erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.