Koronabirusa

Makina-erreminta ia eskaririk gabe geratu da

Orain arte lanari eta enpleguari eutsi diete gehienek, baina, enkargu berriak lortzerik ez dutenez, hilabete zailak espero dituzte. Finantzaketa arina «premiazkoa» dute

Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Banan-banan, Euskal Herriko industriaren atalak beren egoeraren balorazioa ari dira egiten. Herenegun, Hegan aeronautikaren klusterrak ohartarazi zuen luzarorako kalteak izan ditzakeela, hegazkin trafikoa ia guztiz geratu delako eta ez duelako asko suspertzeko itxurarik. Atzo, berriz, AFM elkarteari egokitu zaio onartzea makina-erreminta oso egoera zailean dagoela, eta hari ere ez zaiola berehalakoan pasatuko pattalaldia, eskariak desagertu baitzaizkio, eta horiek baitira hurrengo hilabeteetarako eta urteetarako lana.

Agiri baten bidez, AFMk azaldu du badela aldea bere sektoreko atalen artean. Egoera okerrena makina-erreminta soilarena da, eta hori da haren bazkideen egiteko nagusia. Fabrikazio epe luzeko produktuak egiten dituenez, «nolabaiteko lan kargari eusteko aukera izan dute» makinak egiten dituzten enpresek. Baina iturri hori agortzen ari zaie; enpresetako komertzialek ez dutenez bidaiatzeko aukerarik, «ia-ia eskari guztia bertan behera geratzen ari da». Kontuan hartu behar da makinek kostu handia dutela eta bezeroarekin aurrez aurreko bilerak eginez lotu ohi direla kontratuak.

Beste arazo bat da zerbitzu teknikoetako langileak ezin direla atzerrira joan makinak konpontzera, eta horrek diru iturri bat itxi diela makina erremintaren enpresei. Ondorioz, AFMk uste du egoera asko okertuko dela orain egiten ari diren lanak amaitzean. Gainera, «garrantzitsua da ulertzea industria jarduera txikiko eta ziurgabetasun handiko jokalekuak ez direla egokiak inbertsioetarako ».

Urteko lehen hiruhilekoan %20 txikitu zaizkie eskariak, eta jaitsiera bizkorragoa izan da martxoan. Ez dute eman apirileko daturik, baina pentsatzekoa da nabarmen okerragoa izango dela.

Beste azpisektoreak

Egoera ez da hain txarra esku erremintak, ebaketa erremintak eta mekanizatuak egiten dituztenentzat. Fabrikazio aldi motzagoak dituzte makinen aldean, beste salmenta kanal batzuk, eta errotazio handiagoak. «Egungo beherakada nabarmen txikiagoa da,eta, orokorrean, kaltea larria izan arren, espero da ekipamendu ondasunek baino apur bat hobeto erantzungo dutela berriz aktibatzean, eta bizkorrago jarraituko diotela industriaren jarduerari». Fabrikazio gehigarriak eta 3D inprimatzeak egiten dituzten enpresek, berriz, lan handia izan zuten krisiaren hasieran beste batzuk hornitzen, baina, azken asteetan, eskariak «beherakada handia» izan du.

Klusterrak azaldutakoaren arabera, orain arte sektoreko enpresek eutsi egin diote enpleguari. «Ia-ia langile guztiak mantendu ditugu, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko oso espediente gutxi egin dira —sektoreko langileen %10i baino gutxiagori egin diete oraingoz—, eta oraingoz ez da aurreikusten kaleratzerik egongo denik».

AFMk hilabete zailak espero ditu, eta premiazkotzat jo du «finantzaketa arina eta nahikoa izatea, zubi lanak egin ditzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.