Koronabirusa

Petrolioa, zerotik behera

AEBetan biltegiak leporaino beteta daudenez, maiatzeko petrolioaren kotizazioa negatiboa izan da lehen aldiz. Brent upela beste sei dolar merkatu da, hemeretziraino

Pascagoula findegia, Mississippi estatuko Pascagoulan. DAN ANDERSON / EFE.
Irune Lasa.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Historian lehen aldiz, petrolioa zero dolarretik behera salerosi da AEBetan. Horrek praktikan esan nahi du ekoizleek eta bitartekariek erosleei ordaindu egiten dietela petrolioa hartzearen truke. Astelehenean gertatu zen hori, lehengaien salerosketarako NYMEX New York Merchantile Exchange azokan. WTI West Texas Intermediate AEBetako petrolioaren upelaren prezioa hondoratu egin zen, baina, hori bai, maiatzerako gerokoen prezioa zen soilik. Lerrook idazterakoan, zerotik beherako preziorik ez da ikusi ekainean findegietara hornitu beharreko WTI upeletan; 20 dolarren inguruan jarraitzen dute.

ZER GERTATZEN ARI DAPETROLIOAREKIN AEB-ETAN?

Bi argazki egin daitezke hori ulertzeko. Bata, hurbilekoa: badago herri bat Oklahoman, Cushing izenekoa, non herrialde hartako oliobide nagusiak gurutzatzen diren, eta non petrolio edukiontzi mordoa dauden. Garai batean, NYMEXak Cushing hautatu zuen WTI upelaren hornikuntza puntu gisa, eta oraindik ere han egindako hornikuntza fisikoen bidez lotzen dira errealitatearekin New Yorken salerosi diren gerokoen prezioak.

Apirilaren 10ean, Cushingeko tanketzarrak ia lepo zeuden, edukieraren %72an. 55 milioi WTI upel zeuden han, eta pentsatzekoa da gainerako ahalmenaren zati handi bat jada alokatuta edukiko zutela hurrengo hilabeteetarako.

Astearterako itxi behar ziren maiatzeko hornikuntzak, baina, aurreko egunetan, esku artean zuten petrolioa non gorde ez zutela geratu ziren bitartekari batzuk. Jakina, petrolioa ezin da edozein tokitan biltegiratu; berez, gaur egun ez da upeletan gordetzen. Nahas-mahasa iritsi zen merkatura. Prezio hobeen zain, petrolioa non gorde ez zeukaten saltzaileek lehengaiaz libratu behar zuten. Eta horretarako aukera bakarra, une horretan, zera izan zen: erosleei petrolioa doan ematea eta biltegiratze gastuengatik ordaintzea.

WTI upelaren maiatzeko prezioa zerotik behera geratu zen astelehen goizaldean, -40 dolarrean upela. Petrolioa biltegiratzeko ahalmena izan eta upela prezio horretan erosi zuenak negozio ona egin dezake orain; 40 dolar hartu ditu jada, eta ekainerako 20 dolarretan sal dezake. Atzo arratsaldean egin zuen salto kopuru negatiboetatik positiboetara, eta bederatzi dolarrean salerosten zen gauaren hasieran.

ZERGATIK EZ DAGO TOKIRIKPETROLIOA GORDETZEKO?

Mugimendu espekulatiboak oraingoz alde batera utzi, eta bigarren argazki orokorrago bati begira, errepide eta aireportu hutsak ikus daitezke. Konfinamenduen ondorioz, erregai eskaera—eta beraz, petrolioaren eskaria— amildu egin da mundu osoan, inoiz ez bezala. Findegi asko ez dira petrolioa hartzen ari, eurek ere ez dutelako erregaia nora banatu.

Biltegiratze faltak eragindako inbutua gogorragoa da AEBetan. Eskari handiko eta eskaintza handiko herrialdea dira AEBak, haustura hidraulikoaren (fracking) bidez herrialdean bertan ekoizten den eskisto petrolioaren ondorioz. Pentsa zitekeen WTI upela prezio jakin batetik behera egonda, AEBetako hainbat ekoizle gelditu egingo zirela, porrotean sartu, eta horrek murriztu zezakeela ekoizpena, eskaintzaren aldea. Donald Trumpen gobernuak enpresak erreskatatzeko emandako laguntzekin, ordea, ekoizle horiek martxan jarraitu dute.

Orain, ahal bezala ari diraAEBetan petrolioarentzako toki bila. Edukiontzietan eta erreserbetan gero eta edukiera txikiagoa dute, eta petrolioa kamioietan biltegiratzeko aukera aztertzen ari dira, itsasontzietan, trenetako edukiontzietan... Baita ekoizleei ordaintzea ere petrolioa lurpean uztearen truke. Trumpek aipatu du petrolio inportazioak eteteko aukera ere.

ETA EUROPAN EZ DA BERDINGERTATZEN?

Europan beste petrolio nahasketa bat da erreferentziazkoa, Brent upela. Itsaso bidez datorrenez, fisikoki finkatu beharrean, diruz (eskudirutan) finkatzen da haren prezioa, eta, ondorioz, neurri handi batean, biltegiratze ahalmenaren inbutu hori saihestu egin du. Gainera, petroliontziek ere balio dute petrolioa biltegiratzeko. Ontzi batzuk jada ari dira lan hori egiten.

Hala ere, eskariaren mundu osoko gainbeherak izan dezake eraginik Brentean, biltegiratzeko toki falta are gehiago hedatzen bada, eta upelaren prezioak zapaldu. Horren zantzua emango lukete, esaterako, petroliontzien garraio pleiten prezioek.

Brent upela ere merkatu da, baina ez hainbeste. Gauaren hasieran, hemeretzi dolarrean salerosten ari ziren, bezperan baino sei dolar merkeago.

ETA ESKAINTZA MURRIZTEA?

Koronabirusa isilpean munduan hedatzen hasi zenerako, LPPE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea eta Errusia prezioen gerra betean zeuden. Birusak, konfinamenduek eta eskariaren itzelezko beherakadak plan guztiak hankaz gora jarri zizkien.

Ondorioz, errealitateak eta Donald Trumpek behartuta, Saudi Arabiak amore eman zuen, baita Errusiak ere. Adostu zuten LPEE+ delakoak egunean hamar milioi petrolio upel gutxiago ekoitziko dituela, baina murrizketa hori ez da indarrean izango maiatz hasiera arte. Analisten arabera, murrizketa bikoiztuta ere, tarte batez petrolio merkatuak oso zaila izango du Cushingeko inbutua eta, oro har, biltegiratzeko toki falta saihestea. Industria oso batek moldatu behar du errealitate aldakorrera, koronabirusak munduari arnas pixka bat hartzen uzten dion arte, behintzat.

ESKARIA BERE ONERAETORRIKO AL DA NOIZBAIT?

Petrolioaren gerokoen prezioei, aurreragoko horniduren kontratuei begira, merkatuek espero dute eskaria suspertuko dela, mundu guztiak konfinamendutik noizbait aterako dela espero duen bezala. Errepideak beteko direla atzera, hegazkinak aireratuko direla. Hala ere, 2020 honetako hirugarren hiruhilekora arte itxaron beharko da ikusteko eskariak zer egiten duen eta suspertzeak zer erritmo duen.

ZER ONDORIO IZAN DITZAKE HORREK GUZTIAK?

Gasolina merkeagoa izango da hurrengo asteetan, batez ereAEBetan, eta gerta liteke atzera prezio negatiboak ikustea ekainerako kontratuak ixteko garaia iristen denean. Zaila da oraindik ere ondorio guztiak ikustea eta neurtzea. AEBetan, esaterako, nahiko argi dago petrolio putzu batzuk itxi egin beharko dituztela. Ezin salduta, eta saltzen dutena ere merkeegi, ia ziurtzat jo daiteke AEBetako konpainia batzuek porrot egingo dutela.

Beste ondorioetako bat positiboa izan daiteke: petrolio merkearekin, beste hainbat gai ere merkatu egiten dira: adibidez, garraiatu behar diren kontsumo- gaiak. Presio deflazionista horrek txikitu egiten du inflazioa gehiegi handitzeko arriskua, eta orain bertan inflazioaz ez kezkatzea asko eskertuko dute dirua inprimatu eta inprimatu dabiltzan banku zentralek, betiere deflazioa ere txarra izan daitekeela ahaztu gabe.

Petrolio merkeak, hori bai, zaildu egin dezake deskarbonizaziorako bidea, energia berriztagarrientzako gaitzagoa izango delako prezioetan lehiatzea. Horregatik, batzuen ustez, iritsi da garaia petrolioaren gaineko trantsizio zergak ezartzeko.

Bada beste ondorio kezkagarri bat ere: petrolioa da hainbat herrialde txiroren sarrera nagusia. Koronabirusari eta krisi globalari aurre egiteko baliabide nahikorik ez, eta diru iturri nagusia murrizten die petrolio merkeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.