«Esklaboen liberazioa da hau»

'Sea-Watch 4' ontziak 353 migratzaile porturatu ditu Palermon. Borja Olabegogeaskoetxea eskifaiako kideak salatu du ez dutela izan portu segururik bederatzi egunez.

Ontziko eskifaia, otordua banatzen. CHRIS GRODOTZKI / SEA-WATCH.
Maite Asensio Lozano.
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
«Salbu». Palermoko kostaldetik (Sizilia, Italia) iritsi da mezua, Sea-Watch 4 erreskateontzitik. Libiaren aurrean hartutako 353 migratzaile Italiako Gobernuaren esku utzi zituzten atzo arratsalde hasieran. «Orain, berrogeialdia ezarriko diete, eta, gero, errefuxiatuentzako eremuren batera eramango dituzte; ez dakigu Sizilian bertan geratuko diren edo Italiara eramango dituzten». Ontziko makinetako lehen ofizialak eman ditu azalpenak, Borja Olabegogeaskoetxea eibartarrak. Nabarmendu du euskal herritar gehiagoren hutsunea sumatzen dela Mediterraneo itsasoan: «Euskal Herriak ere presentzia izan dezake hemen. Aita Mari-ren falta nabaritzen dugu; arazo politikoengatik dago geldirik».

Sea-Watch 4-ren lehen misioa izan da. Alemaniako izen bereko GKEak abuztuaren 14an itsasoratu zuen, Burrianako portutik (Herrialde Katalanak). Hara abiatu zen Olabegogeaskoetxea martxoan, konfinamenduaren atarian, ontzia prestatzera: «Berez, ozeanografiko bat zen, baina erreskaterako moldatu dugu. Ez da erraza: barku zaharrak izaten dira, mantentze konplexua dute». Deitoratu du denbora luzez ezizana erreskateontzirik Mediterraneoan, baina dio migratzaileen etorria ez dela eten: «Asteburuan Lampedusara 40 ontzi baino gehiago iritsi ziren beren kabuz, eta horietako batek 400 pertsona zeramatzan. Jende asko ari da irteten: egoera politiko zailak, pandemia, gosea...». Mediterraneo ekialdean ibili da Sea-Watch 4, Libia aurrean batez ere: «Guretzat hau ez da erreskatea bakarrik; esklaboen liberazio bat da, 2020. urtean. Badakigu barkuan doazen pertsona gehienak esklaboak direla: salduak izan dira bizpahiru aldiz, bai emakumeak, bai gizonak. Bortxaketak, lapurretak... Oso bizipen latzak dakartzate; borondate izugarria izan behar dute bizitzeko».

Iragan astean ia 200 pertsona erreskatatu zituzten han, eta asteburuan beste 150 lagun jaso zituzten Banksy artistak finantzatutako Louise Michel ontzitik. «Migratzaileak eta eskifaia batuta, ia 400 pertsona goaz barkuan. Pandemian gure asmoa zen gehienez 120 pertsona hartzea, segurtasun neurriak betetzeko, baina halako egoeretan ezinezkoa da. Jendea proan ere jarri behar izan dugu, eta gune hori ez dago prestatuta: makinak dauzkagu, ez dago estalita, ura sartzen da... Horrek behartu gaitu oso astiro joatera: itsaso zakarrarekin, korapilo erdiko abiaduran, eta bestela, bost korapilora; normalean zortzi edo bederatzira joaten gara».

Oreka arazoak ontzian

Gehiegizko pisua eramatea arriskutsua ere izan daiteke. Hala ohartarazi zuen Louise Michel-ek asteburuan, baina Sea-Watch 4 ez da izan hain muturreko egoeran, Olabegogeaskoetxeak esplikatu duenez: «Hau barku handia da, baina pertsonen mugimenduak egonkortasunean eragiten du. Pertsona batzuek 11 egun egin dituzte ontzian, eta, azkenetan,nazionalitateen eta arrazen arteko liskarrak ugaritu dira: halakoetan, jendea bat-batean mugitzen da barkuaren alde batetik bestera, eta ontzia zeharo desegonkortzen da. Zamatuago egongo bagina, hondoratzeko arriskua izango genuke. Horrela egon zen Louise Michel: mugitu ezinik».

Tentsio horri gehitu behar zaio portu segururik ez edukitzea. Bederatzi egun eman ditu Sea-Watch 4-k zirgabetasun horretan: «Asko kostatu zaie portua ematea, eta guk ezin ditugu pertsona hauek eraman nahi dugun tokira. Ontzi bat topatzen dugunean, erreskateen koordinazio zentroarekin hitz egin behar dugu, eta negoziatu; tartean, pertsona gehiago jasotzen baditugu, negoziazioa hutsetik hasi behar da». Pandemiak ekarritako osasun egoerak ez du lan hori erraztu: «Herrialde bakoitzak bere presio politikoak ditu barruan, eta COVID-19a aitzakia perfektua da mugak ixteko. Noski, arrisku bat da, eta neurriak hartu behar dira, baina honezkero ez da ezezagun bat». Edonola ere, segurtasuna bermatzen saiatu dira ontzian: «25 lagun bakartuta eduki ditugu, badakigulako birusa barkuan sua bezain azkar heda daitekeela. Nekagarria da, baina neurriak etengabe hartzen ditugu».

Erreskatatutako migratzaileak lurreratuta, Sea-Watch 4-ko eskifaiak ere berrogeialdia egin beharko du Palermon, «ez dizkigutelako probak egingo». Baina, gainera, ikuskaritza tekniko bat egingo die Italiako Gobernuak, Olabegogeaskoetxeak irmo salatu duenez: «Azterketa faltsua da. Barkuak beti eduki dezake arazotxoren bat, baina gu ez gara inola ere itsasoratuko segurtasunik gabe. Asteak edo hilabeteak edukiko gaituzte portuan, Aita Mari geldituta izan zuten bezala. Eta bitartean ez dakigu ontziren bat geratuko den Mediterraneoan erreskateak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.