Langile publikoei soldatak izoztea aztertzen ari da Madril

Kontraesanezko mezuak zabaldu ditu horri buruz, baina baztertzerik ez dagoela aitortu du Ogasun ministroak. Aurka azaldu dira ELA eta CCOO, eta ulerkor UGT

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa, atzo, Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak mezu kontraesanezkoak zabaldu ditulangile publikoen 2021eko soldata igoerari buruz. Izoztea aztertzen ari dela zabaldu du El País egunkariak, gobernuko goi kargudun baten adierazpenetan oinarrituta. Erabakia aurki hartu beharko du Madrilgo gobernuak, datorren urterako aurrekontu proiektua irailean aurkeztu nahi baitu.

Soldatak izozteko aukera egon badagoela aitortu zuen atzo Nadia Calviño Ekonomia ministroak, eta iragarri zuen aurten ziur aski ez dela izango inflaziorik. Orain arte, prezioak igo ez, jaisten ari dira: uztailera arte, urte arteko inflazio negatiboa zegoen Espainian (-%0,5) eta Hego Euskal Herrian (-%0,7). Itxialdiaren ondoren ekonomia suspertzen ari bada ere, ez da espero asko handitzea datozen hilabeteetan.

Calviñok goretsi egin zuen langile publikoen «eginahal garrantzitsua», baina gogorarazi azken urteetan «erosahalmena berreskuratu dutela» haiek eta pentsiodunek, haien sariak inflazioaren gainetik igo direlako. Aurten, esaterako, %2 handitu dira langile publikoen soldatak, eta %0,9, berriz, pentsioak. 2021ean soldata publikoak berriro %2 handitzeko, 3.250 milioi euro beharko lituzke Espainiako Gobernuak.

Calviño gai ekonomikoetarako lehendakariordea da, hirugarrena Espainiako Gobernuaren barne banaketan. Lehen lehendakariordea, berriz, Carmen Calvo da, PSOEkoa hura ere, eta hark ukatu egin zuen funtzionarioen soldatak izoztea erabakita dagoela: «Ez, ez dago mahai gainean». Baina adierazpen horiek iritsi eta gutxira, gaia gobernuaren mahaian egongo dela iradoki zuen aurrekontuaren arduradun nagusiak, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak: «Aukera guztiak aztertu behar ditugu. Herrialdeak egoera ekonomiko oso konplikatuari egin behar dio aurre, zerga bilketa jaitsi delako. Beharrak handiak dira, eta baliabideak, mugatuak».

Sindikatuak, bai eta ez

Baieztapenik ez dagoen arren, sindikatuak hasi dira soldatak izozteari buruz beren iritzia plazaratzen. Aurka azaldu da Hegoaldeko sindikatu nagusia, ELA. «Langile publikoek izugarrizko ahalegina eginagatik» Espainiako Gobernuak austeritateari eusten diola eta sektore publikoa «eraisten» ari dela salatu du. Bere datuen arabera, 2010etik hona erosteko ahalmenaren %13 galdu dute soldata publikoek.

«Gobernuak filtratutako berri bat da, giroa berotzeko», uste du, berriz, CCOOk. Aurka azaldu da, uste baitu langile publikoek «sekulako ahalegina» egin dutela zerbitzu publikoei eusteko, «eta ez dute gobernuaren mespretxua merezi». Ulerkorrago azaldu da UGTko Carlos Alvarez. «Herrialdearen egoera ikusita, onar genezake 2021ean igoerarik ez izatea, baldin eta bermatzen bada erosteko ahalmenari eutsiko zaiola, KPIari lotutako klausularekin.

Hegoaldeko erakundeek beren langileen soldatak erabakitzeko autonomia baduten arren, azkenaldian asko mugatu diete ahal hori Madrildik, lege organikoen bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.