Euskara planen negoziazioa lan itunetan sartzea eskatu dute

EAEko eta Nafarroako lanbide arteko itunetan planak negoziatzeko beharra txertatzea nahi dute Kontseiluak, ELAk eta LABek. Erakundeak deitu dituzte akordioa berrestera

Paul Bilbao eskuinean, atzo, Kontseiluak, ELAk eta LABek Bilbon egindako agerraldian. Atzean, Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
ELAk eta LABek lan eremua euskalduntzeko urratsa egiteko eskatuko diete Hego Euskal Herriko bi patronal nagusiei: Confebaski eta CENi. Kontseiluarekin batera atzo egindako agerraldian, neurri zehatz bat jarri zuten mahai gainean: 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzeko beharra txertatu dadila EAEko eta Nafarroako lanbide arteko itunetan. Alegia, berdintasun planekin gertatzen den bezala, lantokietan euskara planak ere egin daitezela. Sindikatuek bi mahaietara eramango dute neurri hori. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eskaera horren beharra azaldu zuen: «Euskararen normalizazioa garatzeko, ezinbesteko esparrua da lan mundua. Gure egunerokoaren zati handi bat lanean igarotzen dugu, eta, ondorioz, esparru horrek gure hizkuntza praktikak eta eskubideak baldintzatzen ditu, langile eta kontsumitzaile gisa». Hori horrela izanik, enpresetan euskararen normalizazioa aintzat har dadin nahi dute.

Areago, sindikatuek esan dute euren eguneroko borroken agendan txertatu nahi dutela hizkuntza eskubideen auzia. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, bederen, hala zehaztu zuen: «Langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokaren barruan dago hizkuntza eskubideena. Beraz, gure borroka ildo bat izan behar du hizkuntzak». Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere ildo beretik jo zuen neurri hori proposatzeko arrazoiak emateko orduan: «Lan mundua euskaldundu nahi bada, ezinbestean erabaki ausartagoak hartu beharko dira. Alegia, neurri eraginkorragoak eta betearazleagoak, euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar baitu».

Lanbide arteko itunetan baldintza hori txerta dadin, sindikatuek eta Kontseiluak dei egin diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari: batetik, 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzeko neurria babestu dezaten, eta bestetik, plan horiek egiteko inbertsio ekonomikoa bidera dezaten.

Euskara planak enpresetan

Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko zenbateko beharra dagoen irudikatzeko, datuak jarri zituzten mahai gainean. Eta adierazgarriak dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen %1ek besterik ez dute euskararen erabilera normalizatzeko planen bat. Edo, beste era batera esanda, eremu horretan 138.000 enpresa daude inolako planik gabe. Nafarroan are txikiagoa da zenbateko hori: orain, lantegien %0,7k daukate euskararen garapenerako prozesu bat martxan.

Sindikatuek eta Kontseiluak euskara planak negoziatzen hasteko beharra aldarrikatu dute, arlo horretan hutsune handia dagoelako. 50 beharginetik gorako lan eremuetan eskatu dute neurri hori. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2.000 enpresa inguruk betetzen dute baldintza hori, eta hiru lurraldeetako langileen erdiek egiten dute behar horietan. Nafarroan antzeko proportzioetan dabiltzala azaldu zuten agerraldian. Datu horiek guztiek agerian uzten dute baldintza horiek betetzen dituzten lantokietan euskara planak egingo balira irismen handia izango luketela.

Aranburuk nabarmendu zuen neurri horiek hartzen hasteko garaia dela, are gehiago kontuan hartuz datozen bi hamarkadetan erretiro asko etorriko direla, eta Hego Euskal Herriko langileen erdiek erretiroa hartuko duela. «Belaunaldi aldaketa bat dator, eta abagune paregabea izango da eremu sozioekonomikoa euskalduntzea bultzatzeko». Euskalduntzean lan egin ezean kontrakoa gerta litekeela ere ohartarazi zuen: euskarazko hezkuntza izan duen belaunaldia eremu sozioekonomikoaren ondorioz erdalduntzea, alegia. «Horregatik, lan arloa gakoa izango da belaunaldi berri horretan». Euskara planen premia nabarmendu zuen horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.