Umeen laguntza taldeak, zurtz

Iruñeko auzoetan haur eta nerabeekin lan egiten duten prebentzio taldeen kontratua eten du udalak. Zerbitzuak «bi hamarkada atzera» eginen duela salatu dute eragileek.

Etxabakoitz Bizirik elkarteak protesta egin zuen iragan astean, Iruñeko Udalaren erabakiaren aurka. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Bazekiten Iruñeko Udala kontra zutela, baina ez zuten espero egun batetik bestera haria moztuko zietenik. Horregatik, ezin sinetsita daude auzoetako boluntario, gizarte langile eta hezitzaileak, iragan ostegunean Navarra Suma eta PSN udal taldeek Prebentzio-Ekintza Komunitarioko Zerbitzuko kontratuak bertan behera uztea adostu zutenetik.

«Zakarrontzira botako duzue hogei urte luzez eginiko lana», ohartarazi zien Yessenia Puche boluntarioak udal gobernuko zinegotziei, osoko bilkuraren hasieran. Ez zuen deustarako balio izan: ordurako, erabakia hartua zuten Navarra Sumak eta PSNk, azken egunetako eskaera, agerraldi eta protesta jendetsuak gorabehera.

Haur eta nerabeekin lan egiten dute ekintza komunitarioko taldeek, Iruñeko zortzi auzotan. Honakoak dira: Umetxea (Sanduzelai), Yoar (Arrosadia), Aldezar (Alde Zaharra), Siñar Zubi (Txantrea), Bideberri (Mendillorri), Batean (Arrotxapea), Etxabakoitz Bizirik (Etxabakoitz) eta Buztintxureando Txuri (Buztintxuri).

Besteak beste, «aisialdi hezigarria» eskaintzen diete ehunka haur eta gazteri, eta, azken hamarkadetan, ezinbesteko baliabide bihurtu dira langile auzoetako familientzat eta, batez ere, bazterketa egoeran direnentzat. «Irabazi asmorik gabeko elkarteak gara, eta etortzen diren haur guztiei laguntza ematen diegu, doan, haien hazkunde eta heziketa prozesuan», azaldu du Xabi Urrutiak, Etxabakoitz Bizirik elkarteko hezitzaileak. «Ez dugu kontsumo indibidualistan oinarritutako aisialdia bultzatzen; lagun taldeak sortzeko eta auzoan harremanak josteko gune bat da gurea». Elkarteok «auzoa ehuntzen» dutela uste du Urrutiak: «Bizilagunok osatzen ditugu prebentzio taldeak. Bizilagunak gara, bizilagunei laguntzen eta elkarri elkartasuna adierazten».

Ikuspegi horrekin bat dator Xabier Leoz ere. Siñar Zubi elkarteko kidea da, eta, haren ustez, auzoetako taldeen arrakastaren oinarrian dago «auzoan errotutako taldeak» direla, eta hortaz, «udala iristen ez den tokietara iristen direla». Horregatik, «etsirik» jaso du udalaren erabakia. «Ezintasun sentsazio mikatza dugu uneotan», esan du: «Sinetsita gaude primerako lana egiten dugula, zerbitzua behar-beharrezkoa dela eta emaitzek arrazoia ematen digutela, baina Navarra Sumak eta PSNk osoko bilkuran zabaldutako mezua kontrakoa izan zen». Bi talde horien jarrera «iraingarria» izan zela dio Leozek: « Iraina hezitzaileentzat, eta, batez ere, zerbitzua erabiltzen duten haur eta gazteentzat».

Prebentzio-Ekintza Komunitarioko Zerbitzuaren 2019ko memoriaren arabera, 25 profesionalek egiten dute lan zortzi elkarteetan; horiez gain, ordea, sare trinkoa ehundu dute azken hogei urteetan: 402 talde dituzte, 716 hezitzaile boluntario, 32 profesionalen laguntza, urte osoko jardueretan parte hartzen duten 2.781 gazte eta 10.715 parte-hartze urtean.

Hori guztia abenduaren 31n etengo du Iruñeko Udalak, eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maria Caballerok iragarri du horren ordez 15 teknikarik osatutako zerbitzu zentralizatua ezarriko dutela. Oraingoz ez dute eman ideia horren gaineko xehetasun askorik, ordea. Izena bai, Coworkids, baina hori ere kolokan egon liteke, marka hartua baitago: Logroñoko (Espainia) enpresa baten izena da, eta duela bi urte erregistratu zuten.

Erabakiak kritika gogorrak jaso ditu azken egunetan. EH Bilduko Joseba Asironen aburuz, «mendekuaren, lardaskeriaren eta arduragabekeriaren isla» da, eta Geroa Baiko zinegotzi Patxi Leuzak ere neurria txarretsi du, «osasun krisi baten erdian, ederki funtzionatzen zuen zerbitzu bat hondatuko dutelako, horren ordez deus ez eskaintzeko».

Nafarroako Parlamentuan, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek kritikatu egin dute udalak iragarritako eredu aldaketa, eta LAB, ELA, CCOO, UGT eta Solidari sindikatuek bat egin dute auzo elkarteen aldarriarekin. Azkenik, Nafarroako hainbat gizarte eragilek ere babesa adierazi diete prebentzio taldeei: besteak beste, SOS Arrazakeriak, Iruñeko Peñen federazioak, Gaz Kalo elkarteak, Munduko Medikuek, Salhaketak, Kattalingorrik eta Bilgune Feministak.

Kalte zuzenak eta albokoak

Navarra Sumak eta PSNk aldaketaren alde egin dute, argudiatuz zerbitzua «eraginkorragoa» eta «osoagoa» izanen dela: «Zortzi auzora mugatu beharrean, hiri osora hedatuko dugu arreta», esan zuen Caballerok osteguneko bilkuran. Xabi Urrutiaren ustez, ordea, «ezin da ulertu» 25 profesionalek eta ehunka boluntariok osatutako zerbitzu bat «15 teknikarirekin» ordezkatu nahi izatea. «Nola izan daiteke hori hobekuntza bat? Hori beste zerbait izanen da».

Etxabakoitz Bizirik elkarteko hezitzaileak «aurrera egiteko borondate osoa» agertu du: «Ziklo bat itxiko da, baina gure jardunari eutsiko diogu; baliabide gutxiagorekin, boluntario gisa, baina eustea da gure xedea».

Siñar Zubi elkarteak ere aurrera eginen du, baina erabakiak «itzelezko kalteak» eraginen dituela uste du Leozek: «Bueltatuko gara boluntarioak izatera, duela 20 urte bezala, baina langilerik gabe asko murriztuko da gure ahala. Oso zaila izanen da familia guztiengana iristea. Zerbitzua ez da unibertsala izanen».

Zuzeneko eraginaz gain, «albo kalteak» ere aipatu ditu Leozek: «Orain arte, udalaren gizarte zerbitzuek, buru osasuneko profesionalek, institutuetako aholkulariek eta familiek gugana jotzen zuten sarritan, eta gure ezintasuna eurena ere izanen da aurrerantzean, ezinen baitiogu elkarlanari eutsi».

Hala ere, Etxabakoitz Bizirik eta Siñar Zubi elkarteetako kideek ziurtatu dute auzoetan hogei urtez ehundutako sareak ez direla kolpe bakarrez deseginen: «Zailagoa izanen da; ezinezkoa, ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.