Konfinamenduaren hamabi hilabeteek 13.370 enpleguren galera ekarri dute

Martxoan langabezia igo izana SEPEren aurkako erasoarekin lotu du Eusko Jaurlaritzak. Kontratu mugagabeen kopurua handiena izan da 2007az geroztik

Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Konfinamenduak lan merkatuan eragindako zauria ez da itxi urtebetean. Aurtengo martxoan, jarduera ekonomiko ez derrigorrezkoa eteteareren lehen urteurrenean, erabaki horren aurretik baino 13.370 enplegu gutxiago zeuden Hego Euskal Herrian. Gizarte Segurantzak hilabeteko afiliatuen batez bestekoa egin ohi du, eta, horregatik, 2020ko martxoko datuak erdizka baizik ez zuen islatu hilabete horretako martxoaren 15ean indarrean jarritako etxeratze agindua. Faktore horrek berak laguntzen du orain urte arteko konparazioa egiten. Hurrengo hilabeteotan, ordea, konparazioak agian ez du erakutsiko egoeraren larritasuna, kolpe ekonomikoaren datuekiko egingo baitira alderaketak eta horrek ekarriko du ezinbestean urte arteko datuak hobeak izatea. Horregatik, hurrengo hilabeteotan datuak «kontuz eta perspektibarekin» egiteko eskatu du Alfonso Gurbindo Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak.

Sindikatuek garbi dute datuak txarrak direla. «Oraindik ez da galdutako enplegua berreskuratu. [...] Agenda sozial argia bultzatu behar da, pentsioen erreformak eta lan erreformak bertan behera uzteko», azaldu du ELAk.Koronabirusaren krisiak batez ere gazteei egin diela kalte nabarmendu du LABek, 35 urtetik azpikoen artean %35 handitu baita langabezia. CCOOk ziurtatu du datu «gazi-gozoek» baieztatu egiten dutela supertzea «motel» doala.

LANGABEZIA
Otsailean baino 494 gehiago


Martxoan ohikoa da langabezia jaistea, Aste Santuak kontratazioak sustatzen dituelako ostalaritzan. Aurten, ordea, pixka bat egin du gora langabeen kopuruak: SEPEren datuen arabera, 172.508 langile daude langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herrian, otsailean baino 494 gehiago. Langabe kopuruak gora egin du Bizkaian (+785), Gipuzkoan (+165) eta Araban (+43), baina behera egin du Nafarroan (-499).

Eusko Jaurlaritzak badu azalpen bat bilakaera desberdin hori azaltzeko: martxoan SEPE Espainiako enplegu zerbitzuek jasandako eraso zibernetikoa. Hainbat egunez blokeatuta izan ziren langabezia laguntzak kudeatzen dituen erakunde horren ordenagailuak, eta tramiteak eskuz egin behar izan zituzten langabeek. Gurbindok azaldu duenez, erasoaren aurrean Lanbideren sistema informatikoa babestea erabaki zuen. Ondorioz, martxoaren 9tik aurrera automatikoki berritu zituzten lana bilatzen zutenen eskaerak, ez zitzaten sariak eraso horren ondorioz galdu. Gurbindoren arabera, horrek ekarri du sistemak langabetzat hartzea jada enplegua aurkitu duten hainbat herritar.

Enplegu bulegoetan langabe gisa erregistratuta ageri diren langileetatik %56,2 dira emakumeak, eta %43,8, gizonezkoak. Krisiaren eragina handiagoa izan da emakumeen artean: haien langabezia tasa %14,3tik %15era igo da, eta %10,5etik %10,9ra gizonena.

Martxoan, aurretik enplegurik ez zutenen artean handitu da gehien (+653). Gora egin du lehen sektorean (+132) eta eraikuntzan (+64), eta behera, berriz, zerbitzuetan (-196) eta industrian(-159).

ENPLEGU ERREGULAZIOAK
Ia 12.000 gutxiago


Hilabete bakarrean laurden bat jaitsi da ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan daudenen kopurua: otsailaren bukaeran 46.594 ziren, eta 34.996 ziren martxoa amaitu zenean. Jaitsierak eten du azaroan berriro abiatutako goranzko joera, ostalaritzari jarritako mugekin hasitakoa. 2020ko apirilean jo zuen goia erregulazioan zeuden langileen kopuruak, 230.000 lagunekin.

KONTRATAZIOAK
Bizkortu egin da


Aste Santua ezohikoa izaten ari da aurten, baina haren eragina antzeman daiteke kontratazioetan. Izan ere, otsailean baino 18.745 kontratu gehiago egin dira martxoan. Aldea oso handia da iazko martxoarekin alderatuz gero (+%24,7), baina kontuan hartu behar da duela urtebete ezarri zutela herritarren konfinamendua, eta horrek jarduera ekonomikoa asko gerarazi zuela. Pentsatzekoa denez, aldea are handiagoa izango da apiriletik aurrera.

Baina bada arreta erakartzen duen beste datu bat: martxoan sinatutako kontratuen %12,3 izan dira mugagabeak. Lehen begirada batean gutxi badiruditeen arren, %7-8 inguruan izan dira azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.