Albistea entzun

Ikerlan batek dio loturak daudela euskararen eta naturaren balioen artean

Unai Pascual eta Dylan Inglisen lanaren arabera, euskarak «pisua» du jende talde batek basoarekin duen harremanean. Euskal Herriko ekialdean egin dute, eta 'People and Nature' aldizkarian argitaratu
IñIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2021eko apirilak 20

Ikusita ez dela ohikoena izan hizkuntzak aldagai gisa hartzea naturaren balioak ikertzean, harrituta zeuden Unai Pascual BC3ko ikertzailea (Basque Centre for Climate Change) eta Dylan Inglis Bristolgo Unibertsitatekoa (Erresuma Batua). Zeregin horri heldu zioten, eta Euskal Herriaren ekialdean, Pirinioen inguruan, ondu duten azterlanak erakusten du badaudela loturak euskararen eta basoen balioen artean. «Gizatalde nabarmen batentzako, euskarak pisua du basoarekin duen harremanean», azpimarratu du Inglisek. Iruditzen zaio, bide batez, harreman horri buruzko marko kontzeptuala sortu dutela ikerketarekin. People and Nature aldizkari zientifikoan argitaratu dute.

Aezkoa, Garazi, Zaraitzu eta Zuberoako ibarretako herritarrek Irati eta Arbaileta oihanekiko «zer harreman» lehenesten dituzten aztertu dute; horretarako, elkarrizketak eta talde eztabaidak baliatu dituzte, baita lehentasunak kuantitatiboki ikertu ere. Ibar horietako ehun lagunek baino gehiagok parte hartu dute lanean.

BERRIArekin euskaraz mintzatu da Inglis, eta, haren arabera, naturaren balioak «instrumentalak» dira —esaterako, karbonoa xurgatzeko gaitasuna—, «intrintsekoak» edo bestelakoak, «zentzu morala edo etikoa» aintzat hartzen dutenak. Adibidez, aurrez aztertuta zegoen naturak kultur identitateei egiten dien ekarpena. Beste zerbait ikertu nahi zuten, ordea, Pascualek eta Inglisek. «Aztertzen hasi ginen, jakin gabe ea lotura gauzatuko zen», zehaztu du Bristolgo Unibertsitatekoak.

Baina frogatu dute naturaren balioen eta euskararen artean lotura bat dagoela, eta hori «bi noranzkotan» gauzatzen dela. Inglisek azaldu duenez, euskara garrantzitsua da naturaz gozatzeko. «Jende multzo honek esan zigun basoaz euskarazko leku izenen bidez disfrutatzea oso garrantzitsua zela». Eta, bestetik, natura garrantzitsua da, han, «euskal nortasunarentzako». Ibar horiek eremu «eleaniztuna» izanik —euskara, gaztelera eta frantsesa hitz egiten dira—, ikerlariek jakin nahi zuten ea euskara pisuzko aldagaia ote zen herritarrek naturarekin duten harremanean.

Balio ez-material horiek zeintzuk izan daitezkeen galdetuta, Inglisek adierazi du horiek direla diruz neurtu ezin den ekarpena egiten dutenak. Gogoratu du naturaren balio ez-instrumentalen eremua «zabaltzeko» pausoak emanda zeudela, baina hizkuntzari ez zitzaiola lekurik egiten, ez zela aldagai bat loturak ezartzeko orduan. «Ikusi ahal izan dugu badagoela harreman bat, eta hori inportantea da hizkuntzen biziberritzerako». Horren harira, hain zuzen, Pascualen hitzak jaso dituzte BC3k hedabideei bidalitako oharrean, eta ikertzaileak pentsatzen du topatutako loturak «berritzaileak» izan daitezkeela hizkuntzak eta natura zaintzea helburu duten mugimenduentzako.

Europatik kanpo

Naturaren eta hizkuntzen arteko harremanez mintzo diren ikerketak Europatik kanpo egin izan dira, Inglisek esan duenez. Baina besterik da hizkuntzak naturaren balioekin lotzea. «Espero dugu munduko beste toki batzuetan antzeko loturak frogatu ahal izatea». Pascualek eta Inglisek Euskal Herriko kostaldean edo «eremu urbanoetan» jarraitu nahi dute lotura horiek aztertzen. Pascualek uste du, gainera, naturaren balioak «hobeto ulertzea» ezinbestekoa dela munduan «bioaniztasunaren galerari aurre egiteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Baionako geltokitik gertu getatu zen liskarra. ©Bob Edme

Gizon bat larri zauritu dute Baionan, borroka batean

Berria

Denera hiru pertsona zauritu dituzte, labanekin eta botilekin eginiko borrokan.

Izagirre gudariaren hezurrak jaioterrira itzuli dituzte

Edu Lartzanguren

Musika eta dantza ekitaldi batekin hartu dituzte gorpuzkiak senideek eta haren bilaketan aritutakoek, 85 urteren buruan

Proiektua eta kablea, biak doaz ezkutuan

Proiektua eta kablea, biak doaz ezkutuan

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Gatika eta Frantziako Cubnezais arteko itsaspeko goi tentsioko argindar kableak aurki jasoko ditu baimenak. Haren aurkako mugimendua sortu da Mungialdean, eragingo dituen kalteak eta ordezkatzen duen eredua salatzeko.

Euskaltzaleen Topaguneko kideak, Hendaian. ©

Amonarriz: «Guretzat, aurtengo biltzarra historikoa izan da»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Artetxea, Biltxoko, Mintza Lasai, Ote Lore eta Zabalik elkarteak Topaguneko bazkide egin dira. Euskara elkarteen saretzea eta erabilera bultzatzea azpimarratu dute helburu gisa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...