Epemuga zabaldu nahi dute

Ticket Bai fakturazio programa elektroniko berria derrigorrezkoa izango da Araban urriaren 1etik aurrera. Arabadendak federazioak malgutasuna eskatu dio diputazioari

Ile apaindegien sekoreak adierazi du Gasteizkoen erdiek ordenagailurik ez dutela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
joxerra senar
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Urriaren 1etik aurrera Arabako negozio eta jarduera ekonomiko guztiak derrigortuta egongo dira Ticket Bai sistemaren bidez fakturatzera. Sistema horrekin, enpresen eta autonomoen diru sarrerak kontrolatzeko modua izango du Ogasunak. Bizkaian eta Gipuzkoan ere sistema hori ezarriko da, baina lurralde bakoitzak bere epe eta erritmoak ditu. Oraindik ere zazpi hilabete falta badira ere, Arabadendak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreetako enpresen federazioak epea zabaltzeko eskatu dio diputazioari. Seigarren olatuko murrizketak atzean utzi berri, egoera zailean dira negozio ugari, Emi Sanchez Arabadendak-eko gerentearen arabera: «Sektore ugari oso kaltetuak daude, eta oraindik ez dute lortu burua altxatzea hain ondorio izugarrien aurrean».

Aurreko astean, Arabako Batzar Nagusietan izan zen Emi Sanchez, eta han, federazioko bazkide ugarik «ezinegon handia» dutela azaldu zien batzarkideei. Elkarteak hamabi sektoretako 861 bazkide ditu, eta oro har lurraldeko negozioen %10 inguru ordezkatzen du. Batzar Nagusietan egin bezala, Sanchezek hasieratik BERRIAri argi utzi nahi izan dio ez daudela Ticket Bai-ren aurka. «Iruzurraren aurkako sistema bat da, eta Europan jada ezartzen ari dira. Bagenekien goizago edo beranduago etorriko zela. Gardentasunaren alde gaude, eta ez dugu inongo eragozpenik, baina hau ez da garairik hoberena inbertsio ekonomiko hori egiteko».

Inkestaren emaitzak

Haren ustez, «ez da garairik aproposena» sistema indarrean sartzeko. Bazkideen artean egindako inkesta baten emaitzak islatu du kezka hori. Galdetegia bidalitakoen artean, %30ek erantzun dute, eta horietatik %95ek epea urtebete eta 5 urte artean atzeratzeko nahia agertu dute. Halaber, %61ek oraindik ez dute aurrekonturik eskatu, eta ez dute ezagutzen horretaz arduratuko den enpresa hornitzailerik. Aurrekontua eskatua dutenen artean ere %8k soilik finantzatu dezakete inbertsio hori baliabide propioekin. «Ezjakintasun handia dago eta aurrekontua eskatu dutenen artean ere, ez dakite nola egin», laburbildu du Sanchezek.

Horren zergatiaz galdetuta, pandemiak sektore ugaritan eragindako anabasari egotzi dio errua. «Gure negozioaren iraupenak kezkatzen gaitu, eta gaur egun gure lehentasunen zerrendan azken tokian dago zein izan behar duen fakturazio sistema berria», azaldu du. Haren esanetan, ostalaritzan, esaterako, nahikoa esfortzu eskatu die murrizketen nondik norakoak ezagutu behar izateak ondoren fakturazio sistema berri baten xehetasunak ezagutzen hasteko.

Ticket Bai sistemak helburu bera badu ere, sektorez sektore hainbat aplikazio ditu, eta informazio orokorraz harago, negozioetako arduradunek zalantza ugari dituzte euren egunerokoan aplikatzeko orduan.

Fakturatzeko software aldaketak sektore guztien artean batez beste 500 euro eta 1.500 euroko kostua du, Sanchezen arabera. Ostalaritzaren kasuan, zenbait kasutan 2.000 eurotik gorakoa ere izan daiteke. «Ostalariek fakturazio programa osoak dituzte, eta inbertsio handiak egin dituzte azken urteetan. Askok ez dute oraindik amortizatua. Orain, inbertsio horrek ez die balio, eta aldaketak diru asko balio du». Diputazioak argudiatzen du luzarora sistema berriak zerga aholkularietan aurrezteko aukera emango diela enpresei; aldiz, Arabadendak federazioaren arabera, etorkizunean programa garatu eta biltegien gaineko kontrola ezartzean etor daiteke hobekuntza: «Orduan, bezeroak kontrolatu ditzakezunez, BEZa likidatu ahalko dugu, baina bitartean ez du abantailarik».

Kostu hori finantzatzeko ezarritako 200.000 laguntzak ez dira nahikoak, Sanchezen arabera. Orotara, batez beste enpresako 40-50 euro banatuko direla aipatu du, eta ohartarazi du ezarritako laguntza ez zaiela negozio guztiei iritsiko, eskaerak iristen diren ordenaren arabera banatuko delako dirua. Federazioak gaineratu du deialdi guztiok telematikoak direla, eta negozio askotako jabeak ez daudela digitalizatuta. Hori baita beste arazoa. Fakturazio sistema berriak negozioen digitalizazioa eskatuko du, eta sektore askotan ez daude oraindik prestatuta: inkestaren arabera, negozioen erdiek-edo oraindik kutxa irarleekin funtzionatzen dute.

Negozio txikien kexak entzuteko eskatu dio diputazioari Arabadendak-eko ordezkariak. Alta, salatu du orain arte eskaera horiei Itziar Gonzalez de Zuazo Finantza eta Ogasun diputatuak entzungor egin diela. Haren ustez, hiru foru lurraldeen artean epeak bateratu beharko lirateke, eta Bizkaiko epemugak trantsizio epe zabala eskaintzen duela deritzo: 2024ko urtarrilaren 1erako. Zazpi hilabete izan beharrean, bi urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.