Prostituzioari buruzko PSOEren lege proposamena onartu dute

Talde politikoek Kongresuan hitz egin dutenean, soilik PPk adierazi du legearen aldeko jarrera argia. Kritikak egin dituzte gainerakoek, baina testua onesteko aski boto izan dira

Adriana Lastra parlamentaria atzo Kongresuan mintzatzen. ZIPI ARAGON /EFE.
Jone Arruabarrena - Arantxa Iraola
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hainbat tirabira izan ondoren, azkenean atzo bozkatu zuten Espainiako Kongresuan prostituzioaren inguruko lege proposamena, PSOEk ondua. Alderdiak adierazi izan du prostituzioa desagerraraztearen aldeko hautua, eta ildo horri atxikita idatzi dute legea egiteko testua. Adriana Lastra legebiltzarkideak egin zuen proposamenaren defentsa. Adierazi zuen legeak «proxeneten» kontra egin nahi duela, beste ororen gainetik ere. «Ez gaude abolizionismoan ere», adierazi zuen: «Proxenetismoa amaitzea du helburu legeak, besteen prostituzioarekin dirua irabazten dutenak amaitzea». Bozketan aldeko 218 boto izan ziren, 37 kontrako eta 68 abstentzio; onetsi zuten, beraz, proposamena onartzea.

Talde politikoek hitza hartu zutenean, PPk bakarrik egin zuen argi eta garbi legearen alde. Gainerako alderdiek PSOEri egotzi zioten lege hau «korrika eta presaka» aurkeztea. Uste dute horrela jokatu duela ez zutelako lortu Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoan sartzea proxenetismoaren kontrako edukiak. Hain zuzen ere, maiatzaren 26an onartu zen lege hori, baina PSOEk prostituzioaren harira egindako zuzenketa atzera bota behar izan zuen legea aurrera ateratzeko. Horregatik leporatu diote orain «kasketaldi» batek bultzatuta jardun duela lege proposamen honen alde.

«Moralkeria» leporatuta

Legebiltzarkideek kritikatu zuten, gainera, soilik neurri «zigortzaileak» izatea lege honetan proposatutakoak, Zigor Kodean egin beharreko moldaketetara begira jositakoa baita. Lege «osoago» bat beharrezkoa dela adierazi zuten talde gehienek, eta horregatik uste dute prostituzioan ari diren andreak babesteko ez duela balioko. Askok esan zuten «kriminalizatu» egingo dituela.

Ildo horretan, PSOEri egotzi zioten«moralkeriaz» aritzea, ez baitu proposatu lege proposamenean prostituzioan ari diren andreei beste ate eta aukera batzuk emateko neurririk. Gogora ekarri zuten Atzerritarren Legeak, esaterako, andre asko prostituziora bultatzen dituela, lan kontratu bat lortzeko erarik ez dutelako izaten. Uste dute hor eragin gabe ezin dela neurri eraginkorrik hartu prostituzioan behartuta ari diren emakumeen alde. Pertsonen salerosketaren kontrako legea ere ondu behar dela gogoratu zuten, proxeneta askok era horretan erakartzen baitituzte emakumezkoak prostituziora.

EH Bildu eta EAJ

Antzeko ildokoak izan ziren EAJko eta EH Bilduko ordezkariek egin zizkioten kritikak ere. «Feminismo zigortzailean» oinarritutako legea izatea egotzi zion PSOEri Joseba Agirretxea legebiltzarkide jeltzaleak. Zigor Kodeak, betiere, zuzenbidearen «erretagoardia» izan behar duela adierazi zuen, eta lege honek «abangoardian» jarri nahi duela. «Baina gustatzen ez zaigun guztia ezin da egon Zigor Kodean», adierazi zuen. Legeak «debekatu besterik» ez duela egiten salatu zuen EH Bilduko parlamentari Bel Pozuetak. «Lege bat dagoelako milaka andrek prostituitzeari utziko diote? Badakizue ezetz», adierazi zuen: areago, prostituzioan ari diren andreak «babesgabeago eta seinalatuago» utziko dituela iragarri zuen.

Alderdi biak, botoa emateko orduan, abstenitu egin ziren; argudiatu zuten edukiarekin kritikoak badira ere eztabaidan parte hartzeko prest daudela. «Ez diogu beldurrik hitz egiteari», azaldu zuen Pozuetak. Podemosen izenean Sofia Fernandez Castañon legebiltzarkideak hartu zuen hitza. Aitortu zuen jendearen «baldintza materialei» begiratu gabe, eztabaida «moral» hutsetan, ez dutela konponbide onik ikusten, baina, gaiaz eztabaidatzeko prest daudenez, aldeko botoa emango zutela. En Comuko parlamentariek boto askatasuna izan zuten, eta kontra egin zuten. ERCk, Ciudadanosek eta CUPek ere legea onartzearen aurkako botoa ematen zuten. Voxek abstentzioaren alde egin zuen.

Ibilbide polemikoa

Hasieran, prostituzioaren inguruko arauak sexu askatasunerako legean sartzekoa zen Espainiako Berdintasun Ministerioa. Baina agerikoak izan ziren gaiari buruzko desadostasunak orduan ere. Horiek horrela, Berdintasun Ministerioak sexu askatasunerako legetik kendu zituen prostituzioa arautzen zuten artikuluak, eta «eztabaidarako gune batera» eramatea proposatu zuen, «pertsonen salerosketaren aurkako legera, adibidez».

PSOEk, ordea, prostituzioa abolitzearen alde egiten zuen lege baten proposamena aurkeztu zuen ordu batzuk geroago; atzo eztabaidagai izan zuten testua izan zen, hain zuzen. Adriana Lastra PSOEko legebiltzarkideak, orduko hartan, Irene Montero Berdintasun ministroari eskatu zion prostituzioaren gainean bere alderdiak duen jarrera argi uzteko; adierazi zuen Monterok ez duela argiki bere iritzia azaldu nahi, bere alderdiaren barruan ere ez direlako ados jartzen gai horren inguruan. Eztabaidarako bidea emango du proposamenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.