Zigurat bat nazioaren lekuan

Nazioari dagokionez, «dena egiteko» dagoela adierazi du Sarrionandiak EHUren udako ikastaroetan. Odriozolak pedagogiaren eta botere mekanismoen premia nabarmendu ditu

Joseba Sarrionandia idazlea eta Onintza Odriozola EHUko irakaslea, atzo, Donostiako Miramar jauregian. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
«Euskal gaia arazo identitario bat dela esatea erredukzionismo bat da, gutxieste bat. Nire ustez, gure aldetik proposatu behar da analisi konplexuago bat». Naziotasunean eragiten duten faktoreak ulertzeko bere modu berezia aurkeztu zuen Joseba Sarrionandia idazleak atzo Donostian, EHUren udako ikastaroetako Euskal nortasunaren erronkak XXI. mendean jardunaldian. Haren arabera, «gauzak nahasi» egin dira sarritan. Hala, Sabin Arana Goiriren planteamenduarekin kritiko agertu zen, naziotasunaren erdigunean arraza eta jaungoikoa jarri izanarekin, baina, halaber, azaldu zuen ez dela identifikatzen «planteamendu modernoagoekin» ere: ez nazioa hizkuntzarekin lotzearekin, ezta klase borrokarekin lotzearekin ere.

Aitzitik, Sarrionandiak erabili izan duen eskemak bereizi egiten ditu hainbat plano; baita hizkuntzarena ere. Nazioa herri batzuek hizkuntzarekin identifikatzen duten arren, ez du zertan horri lotuta egon, haren arabera. Zer da, orduan, nazioa? Karl Deutsch zientzialari sozialaren teorizazioa oinarri hartuta, adierazi zuen «we feeling» edo gutasuna sortzen duen hori dela, eta sentimendu hori besteekin komunikazioan egoteak sortzen duela.

«Ez dugu naziorik»

Hala, nazioa «komunikazio esparru bat» dela esan zuen Sarrionandiak, eta, alde horretatik, zalantzan jarri zuen nazioaren ulerkera: «Euskaldunok beti hitz egiten dugu nazio bat bagenu bezala, poltsikoan bagenerama bezala. Nire ustez, eraginkorragoa da, eta agian probokatiboagoa ere bai, alderantzizko planteamendua: euskaldunok ez dugu naziorik, gure komunikazio esparrua beste bat delako, Espainia delako». Adibidetzat jarri zuen eremu euskaldun eta abertzaleenetan ere «ultranazionalistak» izatea gehien irakurtzen diren egunkariak eta gehien ikusiten diren telebistak. Horregatik, «dena egiteko» dagoela ohartarazi zuen, eta «teoria autokonplazienteak» alboratu behar liratekeela: «Ez dut esaten hau euskal nazio proiektu baten kontra, baizik eta, hain zuzen, alde. Ni, behintzat, sentitzen naiz euskal nazioko partaidea. Frankismoaren umea naiz, eta ez dut batere itxaropenik Espainiatik eta Frantziatik ezer onik etorriko zaigunik. Pentsatzen dut herri bezala proiektu bat antolatu beharko genukeela, baina, nire ustez, ez daukagu batere argudiorik nazio horren alde».

Demokrazia faltaz eta horrek naziotasunarekin duen harremanaz ere aritu zen Sarrionandia, eta Greziako Ziro enperadoreak haren inguruan egindako kontzeptualizazioarekin ilustratu zuen. Plaza hutsak herritarren arteko harremanetarako eta iritzi trukerako zuen balioa gutxietsi zuen Zirok, hori ez baitzuen politikatzat jotzen, Sarrionandiak azaldu zuenez. Horregatik, ez zituen etsaitzat hartzen herritarrak: «Nola izango ziren etsaiak plaza batean elkarri gezurrak kontatzeko elkartzen zirenak? Zirorentzat pertsona arrunt baten iritzia lelokeria, gezurra da». Horregatik, Ziroren erresuman ez zen plaza hutsik, Sarrionandiak gaineratu zuenez, «jainkoaren probidentzia eta superbotereak» baino ez zeuden zigurat bat baizik.

Adibide horrekin, «nazio estatu europarrek» zigurataren eredua birproduzitu dutela erakutsi zuen Sarrionandiak. Parte hartze politikoa alboratu, eta hizkuntza eta naziotasuna edozeini «inposatu» izan zaiola azaldu zuen, eta, modu horretan, «naturaltzat» jotzen direla demokratikoak ez diren sistemak, «diskurtsiboki demokratikoak» direnak. Naturalizazio prozesu horiek, hertsapenean oinarrituak baitira, hainbat egitura eta zapalkuntza normalizatzen dituztela azaldu zuen: «Ematen du Guardia Zibila Guadalquivir ibaia dela, eta sistema judizial espainiarra Gredos mendilerroa». Euskarari eta euskal naziotasunari zuzenean eragiten diete prozesu horren ondorioek, Sarrionandiaren esanetan: «Glotofogia naturala da, nazio batzuek besteak desagerraraztea naturala da eta nazio estatu batzuek besteak inbaditzea naturala da». Naturaltzat jotzen den demokrazia maila horrek ezkutatzen duenaz ere hausnartu zuen: «Ematen du nolabaiteko estatu demokrazia bat badagoela nazio estatuen mailara arte, baina hortik gora ez dakigula nork agintzen duen».

Zein da ardatza?

Sarrionandiak ezarritako markoaren arabera euskal nazio identitatearen erronkak zein diren, horixe izan zuen hizpide Onintza Odriozola EHUko irakasleak. Gogora ekarri zuen Sabin Arana Goirik arraza eta erlijioa jarri zituela naziotasunaren erdigunean, eta ETAk, berriz, hizkuntza eta kultura. Oraingo egoerari eta galderei zentzua emango diena «hizkuntza-herrien esperientziak erakustea» eta «zapalkuntzak esplizitatzea» dela esan zuen Odriozolak: «Ez badugu esplizitatzen ez du zentzurik izango, zeren desagertuko da zapalkuntza horien kontzientzia».

Horretarako, «lan ideologiko, pedagogiko eta komunikatiboa» egitearen garrantzia nabarmendu zuen. Hori zein iturritatik edanda egin beharko litzatekeen ere proposatu zuen. «Dekolonialitatea», «nazio-herrien hizkuntzen ekologia», «nazionalismo internazionalista», «intersekzionalitatea» eta «demokrazia parte hartzailea» aipatu zituen.

Diskurtsoarekin batera, «estrategia aglutinatzaile poliedriko bat» garatu beharra defendatu zuen, genero, sexualitate, hizkuntza eta bestelako aniztasunak bilduko dituena. Horrek abertzaletasunaren barneko orain arteko korronte nagusiak berrituko lituzkeela gaineratu zuen Odriozolak: «Sabinok egiten duena da kanpoko mugak ixtea kolektibitateari. ETAk hizkuntzan jartzen du kolektibitatearen muga, baina modu dialektikoagoan: 'Hizkuntza ikasiko dugu Euskal Herri euskaldun horretarako'». Kanpokoari leku egingo dion estrategia proposatu zuen, beraz, Odriozolak, eta, orain arte jasotako «ondaretik» abiatuta, berritzeko beharra nabarmendu.

«Tresnak» beharrezkoak dira, orobat, Odriozolak azpimarratu zuenez. Euskal estatu bat, batetik, eta, bestetik, naziogintza eta herrigintza. Horrez gain, instituzioen aldetik transmisiorako nahiz naziotasunaren erreprodukziorako «botere gehiago» behar dela adierazi zuen.

Sarrionandiak, berri, kultur eta hizkuntza transmisioan jarri zuen arreta, erronkak hizpide hartuta. «Dena egiteko» dagoela berretsi zuen, eta konpondu beharreko «desastre» pila bat dagoela, hala nola historiaren kontakizuna. Dibulgazioan aritu beharrean, historialariek «indarra galdu dute» bestelako hainbat gauzatan, adierazi zuenez: «Dedikatu izan dira gauza akademiko irakurtezinak egitera, eta historia sektario bat egin izan da».

«Normaltasunaren diskurtsoaren» kontra ere egin zuen: «Harrigarria egiten zait egotea diskurtso bat normaltasunarena, ez baikaude egoera normalean, egoera diglosiko oso larrian baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.