«Ekintza zuzeneko» botiken eskean ari dira

Hegoaldean usuen ematen diren antikoagulatzaileekin —Sintrom da ezagunena—, erien %40k baino gehiagok ez dute kontrol egokirik, eta iktus arriskua dute; botika eraginkorragoen aldeko eskeak hor dira

Eskuinean, Sintrom; ezkerrean, ekintza zuzeneko antikoagulatzaileak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Fibrilazio aurikularra osasun arazo aski hedatua da. Orain aste biarazo hori tratatzeko erabiltzen diren farmakoez jarduteko Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin zuten saio batean jakinarazi zutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 56.000 pertsona inguruk dute. Iktusak izateko arriskua areagotzen du, besteak beste. Horregatik, askotan, pertsona horiei sendagai jakin batzuk preskribatzen zaizkie prebentzio moduan: antikoagulatzaileak. Aspalditik hedatuta daude osasun sistemetan K bitaminaren antagonistak, hau da, antikoagulatzaileak —Sintrom marka ezaguna, adibidez, tankera horretakoa da—, baina, egun, eraginkorragoak dira ekintza zuzeneko antikoagulatzaileak deituak, eta horien erabilera sustatzeko eskeak ozentzen ari dira. Badira horretarako motiboak: Hego Euskal Herrian egindako hainbat ikerketaren arabera, gaixoen %40 baino gehiago gaizki kontrolatuta daude egun K bitaminaren antagonistak diren farmakoekin. Horiek horrela izanda, aditu asko ados dira: besteen erabilera bultzatu behar da.

Baina, estatu osoko datuei erreparatuta, «atzean» geratu dira Hegoaldeko osasun sistemak botika horien preskripzioan. Hain justu, farmako horien erabilera %43koa da EAEn; %51koa Nafarroan. Beste autonomia erkidegoetakoarekin alderatuta, apala da erabilera; mundu zabalarekin alderatuta, oso apala. Espainiako Estatuan, oro har, erabiltzen diren botiken %60 dira era horretakoak; Europako Batasunean, %85. Frantzian %85 da erabilera.

Freno al Ictus fundazioko presidentea da Julio Agredano, etaEusko Legebiltzarreko saioan mintzatu ziren solaskideetako bat izan zen. Argi du ez dela egokia Sintroma hain maiz preskribatzen jarraitzea: «Sintromak bere garaia izan zuen». Baina, egun, badira aukera hobeak. «Izan ere, Sintroma oso aldakorra da, interakzio asko izan ditzake».

Edadekoak

Gainera, aintzat hartu behar da, bestela ere egoera zaurgarrian dauden pazienteek hartzen dutela askotan farmakoa: «65 urtetik gorako jendea izaten da usu, eta botika asko hartu behar izaten dituzte. Eta Sintromak badu interakzioa beste botika batzuekin ere», ohartarazi du Agredanok. «Kontrol zorrotza» eskatzen du, gainera. Hain justu, sarri-sarri egin behar izaten zaizkie odolaren koagulazioa neurtzeko azterketak Sintroma hartzen ari diren pazienteei, eta, emaitzen arabera, egokitu egin behar izaten zaizkie farmakoaren dosiak.

Ekintza zuzeneko antikoagulatzaileek, ordea, ez dute horrelako «aldakortasunik», eta seguruagoak dira. «Zuk botika hartu, eta amaitu egiten dira hortik aurrerako jarraipenak. Kontrolak egin behar dituzu, sei hilabetean behin, edo urtean behin, baina ez duzu bi astean behin egokitzapenak egiten ibili behar», esplikatu du Agredanok. Abantaila horiek agerian utzi zituzten, Eusko Legebiltzarrean egin zen saioan, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko mediku Felix Gonzalez Lapezek eta Galdakaoko ospitaleko kardiologo Sonia Velasco del Castillok ere. Egoera laburtze aldera, azken horrek azaldu zuen «aukera bat galtzen» ari dela Jaurlaritzako Osasun Saila antikoagulatzaileen preskripzio egokian, eta Europako «atzeko bagoian» egoteari uzteko neurriak hartu behar direla.

Adostasun zientifikoa

Botika horien erabilera orokortze aldera, aitzakiarik ez dela gogoratu du Agredanok: «Izan ere, orain gida kliniko guztiek aholkatzen dute Sintrom erabili beharrean ekintza zuzeneko botikak erabiltzeko». Bide horretan aurrera urratsak egiteko «hesietako bat» ekonomikoa da: botika horiek«bisa» bat ezarria dute, eta, ondorioz, ezin dira «finantzatu», baldin eta ikuskatzaileren batek propio horretarako baimena ematen ez badu. Alde horretatik, zenbait autonomia erkidegotako osasun agintariek bisaren interpretazio «malguagoa» egiten asmatu dutela nabarmendu du, eta, horregatik, orokortuagoak daudela botika horiek.

Osasun sistema publikoaren erabilera urriak «ekitate falta arazo bat» dakarrela ohartarazidu Agredanok. «Nik ordaindu ditzaket, adibidez, 85 euro botika horiengatik, baina jende askok ezin du, eta konformatu egin behar du Sintromarekin, horrek dakartzan arrisku guztiekin». Argi du benetako borondatearekin aldaketa gauzatu daitekeela. Frogatuta dago: pandemian, jendeak osasun zentroetara gutxiago joan behar izateko, «bisak kendu» egin zirela oroitu du. «Erkidego denak hasi ziren ekintza zuzeneko antikoagulatzaileak preskribatzen. Onura handiak ekarri zituen horrek». Ordutik, ordea, «atzerapausoak» egin direla esan du, kritiko, uste baitu osasun sistemek «pazientearen interesak» lehenetsi behar dituztela beti.

Pazientearen neurrira

Horren aldeko eskeak egin zirenEusko Legebiltzarrean. PP-Ciudadanosek legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, eta eskatu zuen «bermatzeko» pazienteei ekintza zuzeneko botikak. EH Bilduk, berriz, irizpideak «malgutu» eta botika horien erabilera «orokortzeko» eskatu zuen. Rebeka Ubera legebiltzarkideak ez du ulertzen izurrian egin bazen orain zergatik ezin den egin. «Orduan baliagarria bazen, eraginkorra bazen, orain zergatik ez?». Ez ziren onetsi proposamen horiek, ordea; PSE-EEk eta EAJk egindako beste bat onartu zen non eskatu baitzuten «aditu taldeen» esku uzteko gaia. Nafarroako Parlamentuan uztailean aztertu zuten auzia, eta, hartan, lortu zuten ekintza zuzeneko botiken erabileraren aldeko testu bat onartzea.

Bitartean, medikuen irizpidearen araberakoa da erabakia. Minbizia du Soniak, eta ez du izen osorik esan nahi. Ekintza zuzeneko botikak eskatu zituen Osakidetzan. «Sabelean ziztatu beharreko antikoagulatzaileak hartzen ari nintzen, eta atsedena behar nuen, ezin nuen gehiago». Madrilen artatzen duen mediku batek farmako horiek har zitzakeela esan zion, baina, gero, Osakidetzan ez zioten biderik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.