Euskal Elkargoko taldeen baliabideak bozkagai izanen dituzte etzi

Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat taldeek kolaboratzaile bana hartu ahal izateko diru saila bozkatzeko aukera izanen dute elkargoko hautetsiek. Larunbatean da bilkura, 09:00etan

Euskal Hirigune Elkargoak iazko uztailean eginiko batzarra. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Martxotik jakina zen, eta hautetsiek eskuratu duten elkargoko batzarraren gai zerrendak baieztatu du. Talde politikoen baliabideak bozkagai jarriko dituzte larunbatean Euskal Hirigune Elkargoan: baliabide materialak eta humanoak, bi deliberamendu ezberdinetan. Azken asteetan ondu dute proposamena gaur egun diren bi talde politikoetako ordezkariek eta elkargoko zerbitzuek. Hautetsiek proposamena ontzat ematen badute, kolaboratzaile bana hartzeko aukera izanen du talde politiko bakoitzak. «Bilkura baikorrak» izan direla erran du Peio Etxeleku Elkarrekin Herriarentzat taldeko hautetsiak; Bil Gaiten-eko kideek ez dute komentariorik egin nahi izan larunbateko bilkura aitzin. BERRIAk ez du lortu Jean Rene Etxegarai lehendakariarekin mintzatzea.

Abenduan osatu ziren ofizialki talde politikoak elkargoan. Bil Gaiten taldeak EH Bairen inguruko hautetsi gehienak batzen ditu, baina denek ez zuten bat egin ekinaldiarekin. Ez dira taldeko kide, besteak beste, Antton Kurutxarri eta Daniel Olzomendi elkargoko lehendakariordeak, ezta Eneko Aldana Ziburuko auzapeza ere. Ondoan, «ildo ezberdinetako hautetsiak biltzen dituen» etiketa politikorik gabeko «talde askotariko» gisa aurkeztu du bere burua Elkarrekin Herriarentzat taldeak. Nagusiki barnealdeko herrietako hautetsiz osatua da, baina badira Lapurdi kostaldeko hiri nagusietako ordezkariak ere.

Bi taldeek behin baino gehiagotan azpimarratu dute ez direla aurkezten Etxegarairen politikaren oposizio gisa. Hala ere, kritika zorrotzak plazaratu izan dituzte orain arte indarrean den funtzionamenduari buruz, baita zenbait erabakiri buruz ere. Elkargoa «deszentralizatu», inbertsioei «oreka» eman, eta hautetsiei leku gehiago emateko beharra nabarmendu zuen Etxelekuk Elkarrekin Herriarentzat aurkeztu zutenean. «Hautetsi anitzek deskonektatu dute, eta hori kaltegarria da. Erdigunean eman behar dira, proposamenak eta zuzenketak egiteko», adierazi zuen. Halaber, hautetsiek egunerokoan dituzten zailtasunak azpimarratu zituzten Bil Gaiteneko kideek. Instituzioa sortu denetik, hautetsi batek baino gehiagok deitoratu du elkargoaren zama: epe laburrean jasotako dokumentu mardulak, horiek lantzeko baliabide falta...

85.000 euro

Talde politiko gisa eratuta, horientzat lan eginen duen kolaboratzaile bat edo gehiago izateko aukera dute hautetsiek, eta hala eskatu dute hasieratik. Elkargoko barne araudiaren arabera, horretarako atxikitako diru saila hautetsien urteko sarien %30 izan daiteke gehienez ere: kasu honetan, 400.000 euro. Larunbatean bozkagai izanen den deliberamenduan, proposatua da talde bakoitzari urtean 85.000 euro esleitzea kolaboratzaile bana hartzeko. Elkargoko batzarrean eserlekua duten 232 hautetsien esku izanen da erabakia onartzea. Baina ikusgai dago Etxegaraik zer jarrera hartzen duen: deliberamendua nola aurkezten duen, eta hautetsiak haren alde bozkatzera deitzen dituen. Izan ere, azaroanMediabask-en egin zituen adierazpenetan kontrako jarrera igartzen ahal zitzaion: «Talde politikoak sortzeko asmoa baldin badago, nik ez dut modurik hori eragozteko. Bitarteko materialei dagokienez, badago halakoak kontuan hartu eta prestatzeko aukera, baina kontua baldin bada lanpostu batzuk sortzea, horrek arazo bat ekarriko du, arazo politikoa, eta aurrekontuari dagokiona».

Azken hilabeteetan tentsioa eta ezinegona nabarmenak izan dira elkargoko batzarretan, bereziki aurrekontuaren harira izandako eztabaidetan. Elkargoa sortzea ahalbidetu zuen kontsentsua zalantzan jartzea leporatu diete Etxegaraik eta haren hurbilekoek kritiko agertu direnei. Era berean, agerian gelditu da talde politikoek ez dutela gaitasunik, gaur-gaurkoz, Etxegarairen gehiengoa zalantzan jartzeko. Egoera horretan, errazagoa izan liteke talde politikoen eskaerari erantzun baikorra ematea.

Baliabide materialak

Hautetsiek bozkatzeko izanen duten lehen deliberamendua talde politikoei baliabide materialak emateari buruzkoa da. Elkargoaren egoitzak erabiltzeko duten aukera arautzen du, besteak beste. Horrez gain, funtzionamendu gastuei aurre egiteko diru sail bat ere aurreikusten du. Horren arabera, talde bakoitzak 250 euro izanen lituzke hilabetero, eta beste 50 euro gehiago hautetsi bakoitzeko. Bil Gaiten taldeak 28 kide ditu, eta 1.650 euro lituzke hilabetero, 19.800 urtean; Elkarrekin Herriarentzat taldeak, berriz, 41 kide ditu, eta 2.300 euro hilabetean, 27.600 urtean.

Talde politikoen baliabideei loturiko deliberamenduez gain, beste gai batzuk ere izanen dituzte eztabaidagai batzarrean, hala nola 2022ko kontuen bilana, Ipar Euskal Herriko turismo bulegoaren aurrekontua, uraren kudeaketa eta hirigintzari lotutako gaiak. 09:00etan hasiko da biltzarra, Baionako Arteen Hirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.