Mikel Korta. 18/98 auzian espetxeratua

«Egoera berri bat baino gehiago, aukera berriak dituen egoera da hau»

Marko politiko berri bat eraikitzeko beharraz mintzatu da espetxetik atera berri Korta. Berdintasunean, errespetuan eta Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen defentsan eraiki behar dela dio.

Mikel Korta —bigarrena ezkerretik, zamarra beltzarekin— Mansillako espetxetik irteten, atzo. BERRIA.
jon ordonez garmendia
2014ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Baldintzapean aske egondako denboran auzitegira sinatzera joateagatik, bost astez murriztu diote zigorra Mikel Korta preso ordiziarrari (Gipuzkoa). 18/98 auzian, Xaki atalean auzipetu zuten, eta 2007tik egon da preso. Atzo utzi zuten aske, eta Mansilla de las Mulasko espetxetik (Leon, Espainia) atera zen. Atarian zituen senide eta lagunak, eta hantxe erantzun zituen BERRIAren galderak. «Negar malko batzuk bota ditugu».

Zazpi urte eta erdi egin dituzu preso. Zer moduz zaude?

Oso ondo, epaiketa garaian esan genuena erakusteko gogo handiz. Esan genuen ez zutela lortuko gure lan politikoa gelditzea, eta ez dute lortu, eta ez dute lortuko.

19/98 auzia garrantzitsua izan zen, hainbat zentzutan. Nola gogoratzen duzu?

Epaiketan saiatu ginen azaltzen auzia ez zela auzipetuen kontrakoa bakarrik, baizik eta Euskal Herriaren eta euskal herritarren kontrakoa. Egin genuen azken agerraldian, Altsasuko zelaietan, azaldu genuen guk lortu genuen elkartasun maila gainditzea oso zaila izango zela, eta, hala ere, elkartasun tamaina handi hori ez zen izan nahikoa estatuaren ofentsiba gelditzeko. Hala, esan genuen pauso bat eman behar genuela elkartasunetik elkarlanera; elkarlan hori oinarritu behar zela euskal herritar eta Euskal Herriaren defentsan. Eta, ikusita azken urteetan eman diren pausoak, oso pozik gaude, hori baita guk beste hitz batzuekin adierazi nahi genuena. Kontua ez da agiriak sinatzea: kontua da Euskal Herria eskema berri batean eraikitzea. Hori izango da estatuen aurrean eraiki dezakegun harresi nagusia erasoak gelditzeko. Uste dut pixkanaka bide horretan goazela. Balio izan zuen bere garaian egindako lanak eta gero etorri direnek egindakoak Euskal Herriaren askapen prozesua bidean jartzeko.

Nolakoa da espetxe barruko egoera?

Oso itxaropentsu gaude, indar handiarekin. Ikusten dugu egoera berri baten aurrean gaudela. Arazoa da egoera hori aztertzerakoan ikuspuntu oso kontrajarriak daudela Euskal Herrian. Garbi utzi behar da egoera berri batean baino gehiago, aukera berriak eskaintzen dituen egoera batean gaudela. Zoritxarrez, Sabin Etxeak, PSOEk eta PPk bat egiten dute euren diagnostikoan; planteatzen dute egoera berria garaile eta garaituen arteko egoera bat balitz bezala. Eta nahi dute frankismoaren erreformatik inposatutako marko batean sartzea, eta nahi dute presook tribunal inkisitorial baten aurretik pasatzea, Hitzeman eskeman sartzea, eurek erabakitzeko zintzoak ala gaiztoak garen euren markoan sartzeko edo ez sartzeko. Gure ustez —eta ezker abertzalea defendatzen ari dena da—, sortu diren aukerak dira egoera berriaren definizioa. Aukera nagusia da denok eraiki dezakegula marko berri bat berdintasunean, errespetuan eta Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen defentsan oinarritua.

Espetxe politika geldirik dago.

Presoek kalean egon behar dute marko berri horren eraikuntzan parte hartzen, eta ez soilik gaixo daudenak edo baldintzapean aske egon beharko luketenak. Lehen aipaturiko bi eskema horiek oso kontrajarrita daude, ordea. Guk esaten duguna da indarrak marko politiko demokratiko berri bat osatzen jarri behar ditugula, begietara begiratuz, eta ez batek besteari gauzak leporatzen; guk ere leporatzeko asko daukagu jende horri. Txarrena da EAJk PSOEk eta PPk bat egiten dutela. EAJk Aieteko bide orria sinatu zuen, baina orain ez da bere hitza betetzen ari.

Presoak animatuta al daude?

Bai, oso animatuta eta, aldi berean, haserre, ikusirik bere burua abertzaletzat duen alderdi bat Sabin Etxeko jauntxoen eskemaren barruan azpiratuta. Baina, bestela, itxaropentsu, bai, aukera guztiak irekita daudela ikusita, eta prest ere bai ahal dugun guztian laguntzeko, bai barrutik baita kanpotik ere.

Orain dela bi aste egunkari honetan argitaratutako elkarrizketan Otegik zioen ondorioak prozesu subiranistaren barruan kokatu behar zirela. Irakurri duzu?

Bai, irakurri nuen, eta oso pozik hartu nuen. Uste dut hori zela elkarrizketaren elementu nagusia. Autokritikaren atalean zioen hasieran prozesu politikoa eskema kronologiko batean planteatzen zela. Hau da, gatazkaren ondorioak konpondu arte ezin zela urratsik egin Euskal Herriaren proiektu politikoan. Baina bi ideia oso garrantzitsu planteatzen zituen: batetik, prozesu politikoa era dinamiko batean planteatu behar dela, eta, bestetik, horren barruan ondorioen, konponbidearen eta independentziaren aldeko prozesuak batera eraman behar direla. Horrek ez du esan nahi preso eta errefuxiatuen gaia ahaztu behar denik, baizik eta kontrakoa: indar handia egin behar dugu hiru ildo horietan, jakinik hiru arlo horiek harreman dialektikoa dutela. Aurrerapausoak ematen baditugu preso eta errefuxiatuen gaian, askapen prozesuan lagunduko dugu, eta askapen prozesuan pausoak eman ahala, preso eta errefuxiatuen gaian lagunduko du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.