Kontratazio finkoa piztu da Hegoaldean, urtea hasi zenetik %21 handituta

Proportzioan, aldi baterako kontratuak baino gehiago hazi dira mugagabeak, baina oraindik ez dira hamarretik bat. Ekainean behera egin du langabeziak, erritmo apalagoan

Ivan Santamaria.
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
 
Tradizioari eutsi dio ekainak, eta langabezia jaitsi da berriro Hego Euskal Herrian. Enplegu zerbitzu publikoek erroldatutako 152.539 langabe zenbatu dituzte joan den hilabetean. Maiatzarekin alderatuz, ia 3.600 pertsona gutxiago daude zerrenda horietan.
 
Enplegu sorrerari mesedegarria zaio ekaina. Datuen historikoari erreparatuta, urtero egin du behera langabe kopuruak hilabete horretan. Krisiaren bolada gordinetan ere joerari eutsi zion uda hasten den hilabeteak. Jaitsierari, hala ere, ñabardura batzuk egin behar zaizkio. 2012. urtetik txikiena izan da, eta maiatzean islatu zen joera bati jarraipena eman dio: langabeziaren jaitsiera erritmoa moteltzen ari da azken boladan. Urte batetik bestera 14.700 langabe gutxiago daude hegoaldean. Kopuru hori ere aurreko urteetakoa baino apur bat txikiagoa da. Edonola ere, 2009. urteko ekainetik ez zeuden horren langabe gutxi Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzuetan izena emanda.
 
Susperraldiarekin batera egonkortzen ari den beste joera bat ere erakutsi dute ekaineko emaitzek: dagoeneko emakumeak langabeen %58 dira. Azken urteotan langabeziak izan duen beherakadari erreparatuta, zerrendatik atera diren hamar langabetik sei gizonak dira. 2013. urteko ekainean, esaterako, emakumeak langabeen %51 ziren. Orduan baino ia 73.000 pertsona gutxiago daude langabezian, baina oso jaitsiera desorekatua izan da: %36 baino ez dira emakumeak izan.
 
Langabeziaren jaitsiera hori ez da erabat islatu Gizarte Segurantzaren datuetan. Ez da izaten ekaina batez besteko afiliazioan aldaketa handiak izaten dituen hilabetea. Hegoaldean bi mila baino gutxiago izan ziren afiliatu berriak, eta, hala ere, igoerarik adierazgarriena da krisia hasi zenetik. Urte arteko bilakaerak bestelako ikuspegi bat eskaintzen du, ordea: 30.800 afiliatu gehiago daude iaztik hona, ekaineko emaitzarik onena 2007. urtetik.
 
Kontratuak, suspertuta
Kontratazio dinamikoa da lan merkatuak azkenaldian izan duen beste bereizgarrietako bat. Joan den urtean inoiz baino lan kontratu gehiago sinatu ziren Hego Euskal Herrian: 1,32 milioi. Aurten, urteko lehen sei hilabeteetan, joan den urtean baino ia %5 sinatu dira, eta egoera desbideratzen ez bada, kontratazio errekorra hautsiko da berriro. Prekaritatearekin lotu behar da ezinbestean kontratazioaren dinamika hori. LABek egindako kalkuluen arabera, aurten sinatutako kontratuen batez besteko iraupena 53 egunekoa da. Orain dela hamar urte, 81 egunekoa zen.
 
Hala ere, kontratazio mugagabea suspertu dela diote datuek. Urtea hasi zenetik %21 handitu dira kontratu finkoak. Ekainera arte 58.000 baino gehiago izan dira. 2011n, 2012an eta 2013an urte osoan baino kontratu mugagabe gehiago sinatu dira. Martxoan, maiatzean eta ekainean kontratu finkoen kopuru handiena izan da serie historikoetan, eta apirilean oso hurbil geratu zen.
 
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak kontratazio mugagabearen hazkunde horri heldu zion lan merkatua onerako aldatzen ari dela ziurtatzeko. «Neurgailu horrek esaten digu susperraldia arlo kualitatiboan ere hobetzen ari dela, eta ez soilik kuantitatiboan», adierazi zuen sailburuak.
 
Tentuz hartu beharreko hazkundea da, edonola ere, bistan delako aldi baterako kontratazioa dela oraindik ere jaun eta jabe. %20 hazita ere, kontratu finkoak ez dira hamarretik bat ere. Ekainean, hain zuzen ere, kontratu guztien %7,7 izan ziren, eta urtea hasi denetik, %8,6.
 
Nafarroako Gobernuak ere mezu baikorra bidali nahi izan zuen. «Nafarroako serie historikoan inoiz ekainean gertatu den urte arteko jaitsierarik handiena da», azpimarratu zuen Miguel Laparra Eskubide Sozialeko presidenteordeak.
 
Estaldurarekin kezkatuta
Langabezia tasa %11,2ra jaitsi da, baina ELAri «onartezina» iruditzen zaio. Sindikatua bereziki kritikoa da langabezia ordainen estaldura faltarekin. «Langabezian daudenen egoera latza da, langabeen %63,2k ez dute inolako saririk kobratzen», zehaztu zuen sindikatuak. Horren haritik, UGTk kritikatu zuen estaldura tasarik eskasena dagoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 
LABek uste du ekaina kontrataziorako sasoi egokia dela, baina sortutako lanpostuen «zati handi bat prekarioa eta iragankorra» dela ohartarazi du. Hori dela eta, langileen bizi baldintzek «okerrera» egin dute, prekaritatearen eta soldaten balio galtzearen ondorioz.




 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.