Uvescok aurten %4 haztea eta 770 milioi euro fakturatzea espero du

2018an, 740 milioi euro fakturatu ditu, aurreko urtean baino %5,2 gehiago, eta 117 lanpostu sortu ditu. Bertako hornitzaileei 188,6 milioiren erosketak egin dizkie taldeak

Jose Ramon Fernandez de Barrena Uvescoko zuzendaria, ezkerrean, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Igarotako urteko emaitzekin «pozik» dago Jose Ramon Fernandez de Barrena Uvescoko zuzendaria. Gipuzkoako banaketa enpresak 740 milioi euroko fakturazioa lortu zuen iaz —BEZa kontuan hartu gabe—, aurreko urtean baino %5,2 gehiago. Gainera, urtebetean 117 lanpostu berri sortu ditu BM eta Super Amara supermerkatuetan, eta dagoeneko 4.569 langile daude lantaldean.

Sektorearen batez besteko hazkundearen gainetik hazi da Uvesco, 1,7 puntu gainetik, iaz %3,5 hazi baitzen sektorea batez beste.Fernandez de Barrenak azaldu zuen merkataritzaren sektoreak «zantzu baikorrak» ageri dituela, baina gaineratu zuen sektoreko hazkundearen erritmoa moteldu egingo dela. «Horren adibide izan da azken Gabonetako kanpaina, zeina ez baita oso positiboa izan».

Edozelan ere, Uvescoko zuzendariak baikortasunari eutsi dio aurrera begira ere. Aurten, zortzi supermerkatu berri irekiko ditu: bat Potesen (Kantabria), beste bat Logroñon (Errioxa), eta beste sei Madrilgo erkidegoan. Horrez gain, supermerkatu batzuk berritu eta handitu ere egingo ditu: besteak beste, Gasteizko Frantzia kaleko BM supermerkatua, Elgoibarkoa eta Zarauzkoa.

30 milioiko inbertsioa

Horretarako guztirako, Uvescok 30 milioi euroko inbertsioa egingo du 2019an. Zuzendaritzak espero du aurten fakturazioa beste %4 handitzea, eta 770 milioi eurora ailegatzea. Era berean, aurten 200 enplegu berri sortzea aurreikusi du Fernandez de Barrenak.

Iaz 25,5 milioi euroko inbertsioa egin zuen taldeak, bost supermerkatu berri irekitzeko: horietako bi Gipuzkoan (Donostian eta Hondarribian), bi Kantabrian (Santanderren eta Renedon) eta bat Errioxako hiriburuan. Horrez gain, lehendik irekita zeuden lau supermerkatu berritzeko ere erabili du inbertsioetako dirua Hernanin, Bilbon, Gasteizen eta Madrilen.

Hain zuzen ere, garrantzi berezia eman zion zuzendariak Madril hiriburuko eta autonomia erkidegoko zabalkundeari. 2017ko maiatzean iritsi zen Uvesco Madrilera eta Avilara, Gigante taldearen hamasei supermerkatu erosita.

Sareko negozioa

Emaitza onak ari da lortzen Madrilen eta haren inguruetan: urte eta erdiko ibilbidean supermerkatuetako salmentak batez beste %25 igotzea lortu du. Uvescok iaz jarri zuen helburutzat datozen hamar urteetan 50 supermerkatu berri zabaltzea Madrilen.

Produktu freskoen kalitatean oinarritutako ereduari lotuta egin du zabalkundea Uvescok azken urteetan, eta eredu horri buruzko datuak ere eman ditu taldeak: iaz 188,6 milioi euro erabili zituen bertako hornitzaileei produktuak erosteko; 2017an baino 8,7 milioi euro gehiago, eta duela bi urte baino 16,5 milioi euro gehiago.

Tokiko produktuen eskaintza zabaltzearekin batera, online salmentarena ere handitzen ari da Uvesco. BM supermerkatuen app-a iaz jarri zuen martxan, deskontu txartelak erabiltzeko balio duena, eta dagoeneko 50.000tik gora erabiltzaile dauzka. Halaber, BMren sareko dendak hiru urte bete ditu, eta bakarrik 2018an %30 handitu da Interneteko erosketen erabilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.