Langileen herenek astean 48 ordutik gora ematen dute beharrean

Lanaren Nazioarteko Erakundeak dio automatizazioak depresio gehiago eragingo duela munduko langileen artean. 2017. urtean 2,4 milioi behargin hil ziren beren lanekin lotutako gaitzen eraginez

Behargin bat, metala mozten, babes eskasarekin, Indonesiako lantegi batean. HOTLI SIMANJUNTAK / EFE.
Xabier Martin - Lander Muñagorri Garmendia
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Mundu osoko beharginen %36 inguruk «gehiegizko» lanaldiak egiten dituzte, Lanaren Nazioarteko Erakundeak jaso duenez bere azken txostenean. Astean 48 orduko lanaldia gainditzen dute milioika beharginek, Nazioarteko lan osasunaren egunerako erakunde horrek prestatu duen dosierraren arabera. Txosten horretan dio lan esparruan gertatzen ari diren «aldaketa sakonak» eragin handia izaten ari direla beharginen osasunean, eta automatizazioa eta digitaliazioa aipatzen ditu antsietatearekin eta depresioarekin lotuta.

Urtero, 2,4 milioi behargin hiltzen dira mundu zabalean, beren lanekin lotutako gaitzen eraginez. 2017. urteko datuei jarraikiz, 374 milioi langilek lan istripu bat izan zuten, eta horietatik 380.000 hil egin ziren istripuen larritasuna tarteko. Laneko erakundeak dio «arrisku ezagunen aurkako prenbentzioak» gora egin duela, oro har, baina prebentzio horrek eboluzio bat behar duela lan esparruan gertatzen ari diren aldaketei aurre egiteko. «Segurtasun egitura berriak behar dira, azken aldaketak aintzat hartuko dituztenak», esan zuen Manal Azzi erakundeko adituak, atzo.

Lan segurtasunaren inguruko arazoek galera handia eragiten diote munduko ekonomiari, bestalde; Lanaren Nazioarteko Erakundeak dioenez, BPG barne produktu gordinaren %4 galtzen da arazo horiengatik, eta, lan osasunarekin arazorik handienak dituzten herrialdeetan, %6 arteko galera egon daiteke. «Galera ekonomikoarekin batera, gaixotasun eta istripu horiek eragiten duten giza sufrikarioa» azpimarratu behar dela uste du Manal Azzizek, txostenaren egileetako batek.

Hamabost hildako etxean

Euskal Herrian, berriz, aurten hamabost behargin hil dira lanean gaur arte, LABen zenbaketaren arabera, eta horietatik zortzi heriotza ez-traumatikoetan izan dira. Azken langile hila aste honetakoa da, hori ere heriotza ez traumatikoan; Gasteizko Sidenorren beharrean zegoen garraiolaria zen. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk salatu dute «askotan heriotza natural gisa ezkutatzen saiatzen diren lan istripuak» izan ohi direla, eta gogora ekarri dute bi astean bi garraiolari hil direla. Presa, estresa, bidaien salneurri apalak, eta bestelako neurri prekarioak salatu dituzte. «Lan munduan ezarri den prekaritateak hil egiten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.