Bizirik irauteko ekintzen eske

Klima larrialdiari aurre egiteko, aurreneko nazioarteko bilera antolatu du Fridays For Future mugimenduak, Lausanan (Suitzan). Greba egitekoak dira bihar.
Bilboko Fridays For Future kolektiboko bi kide, Lausanako goi bileran.
Bilboko Fridays For Future kolektiboko bi kide, Lausanako goi bileran. BILBOKO FRIDAYS FOR FUTURE

Udane Arbeo -

2019ko abuztuak 8
Klima aldaketa zena jada «larrialdia» dela uste du Mikel Izurietak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996). Moda jasangarriaren aldeko marka bat sortu du, eta, egitasmo hori martxan jartzean, Fridays For Future (FFF) mugimenduarekin harremanetan jarri zen. Klima larrialdia gelditzeko berehalako akzioak eskatzen dituen ikasle mugimendu ekologista da.

Mugimendu horretara batu diren europar gazteak harremanetan jar daitezen, eta klimaren egoera larriari aurre egiteko, lehen nazioarteko bilera antolatu dute Suitzan, Lausana hirian. SMILE For Future izena eman diote. Bilgune hori igandean hasi zuten, eta bihar amaituko dute, klima larrialdiari aurre egiteko neurriak eskatzeko egingo duten grebarekin. Izurieta han dago, Bilboko FFF kolektibokoekin.

Mugimenduak indarra hartu zuen Greta Thunberg nerabe suediarra Suediako Parlamentuaren aurrean manifestatzen hasi zenean, iazko abuztuan. Harrezkero hedatuz joan da; nazioartean oso zabalduta dago, eta geroz eta gazte gehiagok aldarrikatzen dute kausa hori.

Politikariek klima larrialdia kontuan hartzen ez dutela izan zen mugimendu hori sortzeko arrazoietako bat, FFFk salatu izan duenez. Horren harira, ostiralero batzen dira gazteak euren hirietan, hainbat jarduera egiteko.

Lausanan, 37 estatutako 450 aktibista inguru bildu dira. Era berean, parte hartzaileen harremanak indartu nahi izan dituzte deialdian, horren bidez etorkizunari begira egingo dituzten mugimenduak definitzeko. Hurbilen dutena irailerako deitutako greba da. Klima aldaketaren aurkako greba orokor horren nondik norakoak zehazten dabiltza Lausanan

Mundu osoko gazteak bildu dituen mugimendu globalaren etorkizuna islatu dute. Besteak beste, nazioarteko kooperazio estrategiak zeintzuk diren eztabaidatzeari ekin diote mugimenduaren barnean, SMILE For Futurekoek diotenez. «Horrela, lan egiteko garaian denek balio, jomuga eta eskakizun komun jakinak izango dituzte».

Izurietak nabarmendu du duela gutxi sorturiko mugimendua dela FFF, «nazioartean oso zabaldua dagoena, eta independentea dena». Hori dela eta, mugimenduaren xedeak «guztiz» zehazteke dituzte, eta horretarako bildu dira.

Aldarrikapen oldea indartzeko, hainbat tailer egiten dabiltza. Horietan zientifiko eta adituen babesa jaso dute gazteek. Izurietak azaldu duenez, kausa bera aldarrikatu arren, gazte bakoitzak bere lurraldean ezberdin aldarrikatzen du. Ideiak elkarri kontatu nahi dizkiote, lagungarriak izan daitezkeelako. «Aztertzen ari gara, besteak beste, zer eratara aldarrikatzen dugun klima larrialdiaren kontra eta politikariak kontzientziarazteko».

«Funtsezko» politika eta klimatizazio globalarekiko zuzentasuna erregutzen dute FFFko gazteek. «Klima larrialdiari begira, ekologian eta gizartean guztiz kontzientziatzeko eskatzen dugu, ekintza zehatzak exijitzen ditugu».

Aktibista gazteek klimak pertsonengan eta ingurumenean dituen ondorioak ezagutarazi nahi dituzte herritarren aurrean. Politikarien jokabidea ikusita, konpromiso falta salatzen dute aktibistek. Mugimenduan lantzen duten sormena, iraunkortasuna eta haziz doan ekimena goratzen dituzte.

Eskoletan deitzen dituzten klima larrialdiaren aurkako grebak gazte kontzientziatu horiek antolatzen dituzte, haientzako «guztizko» lehentasuna baitu egungo egoerari konponbidea emateak. Desobedientzia handiarekin jokatzen dutela azaldu dute Lausanako bilgunearen antolatzaileek. Modu horretan, politikariek klimaren arazo larriari behar bezalako garrantzia eman diezaioten nahi dute.

Irailaren 27an, greba

Fridays For Futureko ekintzaileek grebara deitu dute irailaren 27rako. Gizarteko sektore guztiak deitu dituzte, klima larrialdiari erantzuteko neurriak eskatzeko politikariei. Gazteen ekimenetik haratago joatea nahi dute.

Mundu mailan egingo den greba izango da, martxoaren 15ean eta maiatzaren 24an antolatu zirenak bezalakoa. Eta, horren bidez, mundu osoko gobernuei eskatuko diete klima larrialdiari aurre egiteko. Gipuzkoaren kasuan, Donostian astebeteko greba egingo dute: irailaren 20tik 27ra.

Klima larrialdiari garrantzi soziala eta politikoa eman behar zaiola adierazi du Izurietak: «Guri kalte egiten ez digun arte ez gara konturatzen zer-nolako ondorioak dituen, baina, lehenago edo geroago, guri ere kalte egingo digu. Errealitate bat da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna