Itsasoko eolikoaren aldeko apustua egin du Nazioarteko Energia Agentziak

IEAren ikerketa batean diote argindar hornitzaile nagusia bilakatzeko aukera duela aurrerakuntza teknologikoei esker. Itsasoko haize erroten %80 Europan daude gaur egun

Iker Aranburu.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Huskeriatik nagusitasunera;%0,3tik infinitura. Hori da offshore edo itsasoko energia eolikoak hurrengo urteotan izan dezakeen bilakaera, IEA Nazioarteko Energia Agentziak uste duenez. Gaur egun, argindar produkzioaren %0,3 baizik ez dute sortzen itsasoko haize errotek, eta batez ere Europa iparraldean eta Txinan daude kokatuta. Baina IEAren arabera, itsasoko eolikoa gai izan daiteke etorkizun ez hain urrun batean munduko argindar ekoizpen osoa betetzeko. Itsas zabala, badiak eta fiordoak haize errotez beteta ikustera ohitu beharko dute herritarrek.

«Itsasoko energia eolikoa modu ikusgarrian zabalduko da hurrengo bi hamarkadetan». Iragarpen horrekin hasten da IEAk offshore-ari buruz egin duen lehen ikerketa sakonak. Aurkitutakoarekin gustura dago agentzia, ziurtatu baitu energia mota horifuntsezkoa dela energiaren sorkuntza deskarbonizatzeko eta airearen kutsadura txikitzeko.

IEAk iragarri duenez, hurrengo bost urteotan bikoiztu egingo da instalatutako itsasoko haize erroten potentzia (23 gigawatt ziren 2018 amaieran), eta 2040rakogaurkoaren halako hamabost izango da.

Arrazoietako bat da garapen teknologikoaren ondorioz gero eta energia merkeagoa dela. Haize errotak gero eta handiagoak dira, gero eta etekin handiagoa ateratzen diote haizeari, eta gero eta energia gutxiago galtzen da bidean. Horrenbestez, IEAk uste du itsasoko energia eolikoaren prezioa %40 merkatuko dela 2030erako, eta erregai fosilen parekora iritsiko dela.

Haize errotak jartzeko mundu osoko kokapen egokienak aztertu ditu IEAk, eta ziurtatu du potentzialtasun handia dutela: urtean 36.000 terawatt-ordu ekoiztu ahal izango lukete, gaur egungo kontsumoa baino %50 gehiago. Teknika garatu ahala, 2040rako eskariaren halako 11 hornitzeko gai ere izan daiteke.

Azken bost urteetan, urtero %30 handitu da sektorea, eta kalkulatu du hurrengo bost urteetan beste 150 parke amaituko direla. IEAren datuen arabera, gaur egungo politikekin jarraituz gero, instalatutako potentzia 23 gigawattetik 130era iritsiko da 2040rako. Baina EBk CO2 isurketetan neutroa izan nahi badu, 180 gigawattera iritsi beharko luke, eta argindar iturri nagusi bilakatu.

Orain arte Europa abangoardian izan da itsasoko energiaren garapenean, eta kontinente zaharreko uretan daude gaur egun haize erroten %80. Ipar itsasoan eta Baltikoan daude gehienak —Ingalaterran, Eskozian, Alemanian, eta Danimarkan—, leku haizetsuak izateaz gain, plataforma kontinentala zabala dutelako eta horretan errazagoa da itsaso hondoari itsasitako haize errotak jartzea. Bizkaiko golkoan, berriz, plataforma oso laburra da, eta itsasoak berehala hartzen du sakonera handia. Horregatik, euskal kostaldean plataforma flotatzaileen gaineko haize errotekin nahi dituzte egin lehen saioak.

Txinako lehiakideak

Gaur egun Europako konpainiek dute abantaila itsasoko energia eolikoaren teknologian. Siemens Gamesa da hornitzaile nagusia: munduan jarrita dagoen potentziaren %63 harena da, eta iaz%41eko merkatu kuota eskuratu zuen. Zamudion (Bizkaia) du egoitza nagusia multinazionalak, baina offshore adarra Alemaniatik gidatzen dute, Siemensen indargunea hori zelako, eta Gamesarena, berriz, lurreko energia eolikoa.

Siemens Gamesaren atzetik dator Danimarkako Vestas: potentzia osoaren %18 jarri du, eta %30eko kuota lortu zuen iaz.

Oraindik ere nagusitasun teknologikoa dute Europako enpresek, baina adi egon beharko dute lehiakide txinatarrekin: Envision, Goldwind eta Ming Yangen artean %25eko merkatu kuota izan zuten iaz. Txinan beste inon baino parke eoliko gehiago jarri zituzten iaz, eta, erritmo honetan jarraituz gero, 2025erako Txinak Erresuma Batua aurreratuko du instalatutako potentzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.