Greba orokorrarekin «Jaurlaritza ahuldu» nahi dutela egotzi die EAJk ELAri eta LABi

Confebaskek ohartarazi du «oso neurri larria» dela: «Zaila da onartzea Euskadin ez dagoela lan baldintza duinik». Pentsiodunek oroitarazi dute haiengandik datorrela deia

Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ahuldu nahi dituzte, erabat [Espainiako] estatu mailakoak diren aldarriekin». Asmo horixe ikusi du EAJren EBBko buru Itxaso Atutxak urtarrileko greba orokorrerako deialdian. Hala, Eusko Legebiltzarreko legealdi amaierarekin lotu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak egindako iragarpena. Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragileek «lan baldintza, pentsio eta bizitza duinen aldeko» greba iragarri zuten joan den astean, eta atzo, Confebask patronaleko eta EAJko kideek eman zuten iritzia. Forum Europa delako hitzaldi-gosarian, ELA eta LAB kritikatu zituen bereziki EAJko burukideak: «Espero dut herrialdearen egonkortasuna lehentasuna izatea eragile politiko, ekonomiko eta sozialentzat».

Confebask patronaleko presidente Eduardo Zubiaurrek, berriz, greba babestu duten eragileei ohartarazi zien «oso neurri larria» dela iragarritakoa. Zubiaurrek Radio Euskadin azaldu zuen «beste garai batzuetan» baino lan gatazka gutxiago daudela gaur egun, baina «oihartzun publiko indartsua» lortzen ari direla: «Zaila da onartzea Euskadin ez dagoela lan baldintza duinik, soldata handienak dituen [Espainiako] autonomia erkidegoa baita, biztanleko barne produktu gordinik handiena duena, eta indize onak dituena giza garapenean eta zerbitzu publikoetan».

Confebaskeko buruak aitortu zuen badaudela «egoera zailean dauden kolektibo batzuk», baina ziurtatu zuen badituztela «bizi maila duina bermatzeko babes neurriak».

Eskubide Sozialen Gutuneko kideen iritziz, eskubide galera handi bat gertatu da 2008an hasitako krisitik. Hala azaldu zuten greba orokorrerako deia egitean: «Prekaritatearen hedapena ikusten ari gara soldatetan eta lan baldintzetan; ez da garatu babes sare egokirik, eta ez zaio babesik ematen behar gehien duen jendeari». Grebaren aurretik, ekintza gehiago ere sustatuko dituzte; besteak beste, pentsiodunen mugimenduek azaroaren 16an Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten manifestazioak babestuz.

CCOOri erantzuna Bilbon

Greba deialdiaren berri izan bezain laster, zalantzak agertu zituen CCOO sindikatuak, eta pentsiodunen mugimenduari eskatu zion argitzeko «gizarte osoa ordezkatzen duten ala ELAren eta LABen makulu soziala ote diren». Bilboko asteleheneroko elkarretaratzean, Bizkaiko mugimenduko eledun batek argitu zuen pentsiodunengandik datorrela greba orokorraren ideia: «Bat egitea edo ez egitea, haien esku dago». Dena den, pentsiodunek erantsi zuten ez direla sindikatuen arteko tirabiretan sartuko, eta parte hartzea sustatzeko «zubi lana egitera eta batasuna lantzera» mugatuko direla. Ildo horretatik, «erantzun irmo bat» emateko eskatu zieten langileei, gazteei, emakumeei eta sindikatuei, «kritikek eta kanpo eztabaidek mugimenduaren batasunean eragin ez dezaten». Azaroaren 16an izango da horretarako aukera, Donostiako, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko mobilizazioetan.

Erantzunak erantzun, CCOO Euskadiren idazkari nagusi Loli Garciak atzo ere kritikatu zuen greba deialdia. «Norbaitek ikusi du jende asko mugitzen duela honek, eta borrokaren jabe egin eta beren eremura eraman nahi dute», esan zuen Radio Popularren egindako elkarrizketan.

Confebaskeko buruek iradokitakoaren aurka, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak Onda Vascan ohartarazi zuen «ezberdinkeria eta prekaritatea handitzen» ari direla, eta badela garaia «erasoaldirako». Lakuntzak azaldu zuen ez dutela bat egiten «euskal oasiaren» ideiarekin:«Pertsona askorentzat, ameskeria baino ez da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.