Albistea entzun

Erdoganek ohartarazi du prest dagoela Turkiako armada Libiara bidaltzeko

Parlamentuaren onespena jaso aurretik, Tripolik ofizialki eskatu behar dio laguntza Ankarari. Oposizioko indarrei laguntzeko mertzenarioak bidaltzea egotzi diote Errusiari
PRESIDENCY OF TUNISIA HANDOUT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi -

2019ko abenduak 27

Abendu hasieran, bi puntuko akordioa adostu zuten Libiako eta Turkiako gobernuek. Bi puntu horietatik lehena merkataritza harremanei zegokien; zehazki, bi herrialdeen itsas eremu ekonomiko esklusiboa marrazten zuen. Bigarrena, berriz, laguntza militarrari zegokion; haren bidez, Turkiak konpromisoa hartu zuen Libiari laguntza militarra emateko.

Recep Tayyip Erdogan presidenteak iragarri du esku hartze militarrerako lehen urratsa urtarrilean egingo dutela, parlamentuari misioa baimentzeko eskatuz. «Gonbidapen bat egin digute, eta guk onartu egingo dugu. Parlamentua lanean hasi bezain laster egingo dugu tropak bidaltzeko legeari buruzko eztabaida», esan du estatuburuak. Handik ordu gutxira erantzun dio Libiako Barne ministro Fathi Bashagak, gogoraraziz gaur-gaurkoz Tripolik ez duela laguntzarik eskatu, baina egoerak okerrera egiten badu euren esku dagoen guztia egingo dutela «hiriburua eta herritarrak defendatzeko».

Tunisian bildu dira bi aldeak, bake akordio batez hitz egiteko. Hainbat astez, Ankarak mahai gainean izan du Libian esku hartzeko aukera, baina Siria ipar-ekialdean kurduen aurka hasitako operazio militarrak atzeratu egin ditu haren asmoak. Hala ere, aurrez bidali izan du laguntza militarra, Nazio Batuen Erakundearen arma bahimenduari entzungor eginez.

Mertzenarioak

Errusiak ez du begi onez ikusi Ankararen iragarpena. Izan ere, Turkiak eta Qatarrek ez bezala, Libiako Armada Nazionaleko buru Khalifa Haftar babesten du hark, Arabiar Emirerri Batuekin, Saudi Arabiarekin eta Egiptorekin batera. Kremlineko eledun Dimitri Peskovek ohartarazi du beste esku hartze militar batek egoera are gehiago okertuko lukeela, eta gogorarazi hori bera gertatu zela Muammar Gaddafi kargugabetu zutenean ere. «Hura kargutik kendu zutenean, herrialdea atzerriko mertzenarioen eta terroristen esku geratu zen. Libiako sistema oztopatzea helburu duten betiko herrialdeetako betiko buruzagien esku hartzearen ondorio da guztia».

Erdoganek, ordea, gerra jauntxo bat babestea egotzi die nazioarteak aitortutako buruzagiaren aurka agertu direnei. «Hori da gure arteko aldea. Haiek gaizkile bati laguntzen ari dira; guk, berriz, herrialdeko gobernu zilegia denari laguntzen diogu», esan du estatuburuak. Horrekin nahikoa ez, eta Libiara mertzenarioak bidaltzea ere egotzi dio Moskuri: «Wagner konpainia pribatuko 2.000 kide bidali dituzte hara. Gobernu ofizialak gonbidatu ditu? Ez».

Mertzenarioei buruz galdetuta, ordea, Peskovek ez du inolako azalpenik eman, eta adierazi du «mundu osoko herritarrak» dabiltzala nazioarteko gatazketan mertzenario, eta «ezinezkoa» dela haien guztien «joan-etorria kontrolatzea».

Tripoli hartzeko ahalegina

Joan den apirilaz geroztik, Haftarren Libiako Armada Nazionalak gogortu egin ditu Tripoli kontrolatzen duten Akordio Nazionaleko Gobernuaren indarrak garaitzeko ahaleginak. Herrialdea gerra zibil amaigabe batean murgilduta dago 2011n Gaddafi agintetik kendu zutenetik. 2014az geroztik, bitan banatuta dago lurraldea. Nazioarteak onartutako gobernuak agintzen du mendebaldean eta hiriburuan, eta Khalifa Haftarren indarren menpe daude ekialdea eta hango petrolio hobiak.

Azken asteetan, gogortu egin dira hiriburuaren gaineko kontrola eskuratzeko borrokak, eta, adituen esanetan, Turkiaren esku hartze militar batek gobernu ofizialaren alde okertu dezake balantza. Lekukoen arabera, Haftarren indarrak hiriburura gerturatuz doaz, eta hainbat leku estrategiko bereganatu dituzte azken asteetan, tartean kanpaleku militarrak. Horiek hala, Erdoganek parlamentuaren onespena lortuko balu eta militarrak bidali, Haftarrek zailagoa izango luke Tripoli bereganatzea; betiere, Errusiak zuzeneko laguntza militarra bidaliko ez balio.

Bien bitartean, Akordio Nazionalerako Gobernuak Europako Batasunari leporatu dio ez duela ezer egin gatazka amaitzeko. Bruselak behin baino gehiagotan eskatu izan die bi aldeei elkarrizketak hasteko, baina, Fayez al-Sarraj lehen ministroaren ustez, hori ez da nahikoa. Gainera, Frantziari leporatu diote Haftarren indarrei laguntzea. Italiak berak ere baditu interesak Libiako petrolio hobietan, baina ez bertan esku hartzeko adinakoak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yvan Colonnaren aldeko pintada bat, artxiboko irudi batean ©Berria

Colonnaren hilketaren ikerketa batzordeak agintarien «hutsegiteak» eta «ekintzarik eza» salatu ditu

Ander Perez Zala

Diputatuek urte erdiko lanaren ondorioak aurkeztu dituzte, eta 29 gomendio eman dituzte; tartean, DPS estatusaren «beharrezko erreforma».

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez, atzo, Moncloan egindako agerraldian. ©BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE

Sanchezek uztailaren 23ra aurreratu ditu Espainiako Gorteetarako bozak

Arantxa Elizegi Egilegor

Espainiako Gobernuko presidenteak bere gain hartu du PSOEk igandeko bozetan izandako emaitza txarren erantzukizuna. Gaurtik, hamar eguneko epea dute alderdiek koalizioak aurkezteko

Maider Etxebarria PSE-EEren Gasteizko alkategaia, kanpainako ekitaldi batean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Ezusteko deiaren eragin posiblea

Iosu Alberdi

Sanchezek Espainiako Gorteetarako bozak aurreratu izanak eragina izan dezake igandeko emaitzen kudeaketan. Ricardo Feliuk, Maria Silvestrek eta Asier Etxenikek egoera aztertu dute.

Poloniako Justizia ministro Zbigniew Ziobro eta Europako Batzordeko Justizia komisario Didier Reynders, 2021ean izan zuten bilkura batean, Varsovian ©RAFAL GUZ / EFE

Bruselak «neurriak» hartuko ditu inhabilitazioei buruzko Poloniako legea indarrean sartzen bada

Ander Perez Zala

Europako Batzordeko Justizia komisarioak esan du «kezka bereziak» dituela Errusiaren influentziari buruzko ikerketa batzordeaz; politikariak, kazetariak eta zibilak zigortu ahalko ditu. Udazkenean egingo dituzte bozak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.