Koronabirusa. Enpresak

Jarduerari berriz ekin diote gaur, langileen plantoaren mehatxupean

Oinarrizkoak ez diren beste sektoretako enpresa asko irekiko dituzte, esaterako Sidenor eta Michelin. Langileen osasun bermeak adostu ezean, plantora deitu dute sindikatuek

Eraikuntzako langile bat beharrean maskara batekin, atzo, Iruñeko obra batean. JESUS DIGES / EFE.
xabier martin
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Madrilek gelditu zuen, eta Madrilek jarri du martxan atzera, dekretu bidez betiere. Oinarrizkoak ez diren beste industriak eta eraikuntzak jarduerari berrekingo diote gaur, Hego Euskal Herrian, eta, horrekin batera, beren etxeetan itxialdian egon diren milaka behargin lantokietara itzuliko dira. Eusko Jaurlaritzak segurtasun protokolo bat kaleratu du enpresetan kutsatzeak gerta ez daitezen, baina gehiengo sindikalarekin adostu gabe. Protokoloaren balizko urratzeetan jarduera geldiarazteko konpromisorik ez du hartu Lakuak, ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, eta egoera horren aurrean plantora deitu dituzte beharginak, zuzendaritzarekin segurtasun neurriak adosten ez badira. Arretaz erreparatu beharko zaio gaurko jardunari, beharginek lana geldiarazten saia daitezkeelako enpresa batzuetan, uste badute osasuna ez dela ari bermatzen.

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko Sailak «hibernazio epea» amaitutzat jo zuen atzo, eta enpresetan «segurtasun protokoloa zorrotz betetzearen garrantzia» helarazi zuen, «jarduerari berriz ekiteak ez dezan ekarri erlaxaziorik jasotako neurrien aplikazioa dela eta». Jaurlaritzak martxoaren erdialdean igorri zien enpresei segurtasun protokolo hori, eta egunotan jarduera-gida osagarri bat igorri du, «ekoizpena berriro irekitzeko prozesuentzako lagungarri».

Arantxa Tapia sailburua Gernikako Maier enpresan egon zen atzo, eta gogoratu zuen «arautegia eta protokoloa zorrotz» zaindu behar direla jarduerarekin hastean, «batez ere tarteei eta garbitasunari dagokienez, lehen-lehena langileen segurtasuna eta osasuna delako».

LAB sindikatua oso kritikoa da Jaurlaritzak beharginak babesteko egin dituen urratsak direla eta. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak auziaren ardatza zein den adierazi zuen, atzo, agerraldi telematiko batean: «Osasuna eta gehiengo soziala versus kapitala salbatzea». «Etetea beranduegi iritsi zen, eta oso gutxi iraun du», esan zuen. Aranbururen ustez, Espainiako Gobernuak men egin dio «CEOEk eta EAJ-Confebaskek osatutako bikotearen presioari». LABeko buruak argitu zuen Jaurlaritzaren jarduera abiatzeko plana adostu gabea dela, eta erantsi zuen sindikatua jarduerari berriz ekiteko saioa eragozten saiatuko dela, enpresetan prebentzio plan bat adosten ez bada sindikatuekin.

Sidenorren gertatua

ELA sindikatuak herenegun erreparatu zien langileen balizko planto horiei. Uste du Gasteizko gobernuak «milaka langile lanean hastera kondenatu» dituela, eta «kutsatzeko arriskuan jarri», eta garbi helarazi zuen Lakuak bere protokoloan ez duela lana geldiarazteko konpromisorik hartusegurtasun alorreko urratze larriak gertatuz gero. Horiek horrela, Negoziazio Kolektiboko arduradun Pello Igeregik argi azaldu zuen sindikatuaren asmoa zein den: «ELAn garbi dugu urratze horiek gertatzen diren lantokietan jarduera geldiarazten saiatuko garela, eta hori sindikatuek egin behar izateak segurtasun gabeziaren sentipena hedatuko du».

Sidenorren gertatu zena berriro gertatzea eragotzi nahi du ELAk. «Ertzaintza azaltzea osasun neurrien aldeko protesta bat desegitera, eta inongo aginte publikorik ez sartzea enpresara oinarrizko osasun neurriak betetzen ote diren ala ez ikertzera».

Hain zuzen, altzairu berezien Basauriko enpresa jarduerari berriz ekingo diotenetako bat da. ITP, Michelin, Siemens Gamesa, Mondragon taldeko hainbat kooperatiba eta beste hainbat eta hainbat ere beren produkzioaren zati bat martxan jartzen hasiko dira, lantaldeak txanda desberdinetan sakabanatuz eta aldagelak itxiz, kasu askotan, eta maskaren erabilera orokortzeaz gain.

Eraikuntza ere berriro hasiko da lanean, AHTaren lanetan esaterako; halaber, Donostiako metroko lanak azkartu egingo dituzte, ez baitira erabat gelditu egunotan. Eraikuntza enpresetan baino zailagoa izan daiteke milaka beharginen osasuna bermatzea, ez delako erraza hainbat zereginetan haien arteko segurtasun distantzia mantentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.