Langabeziaren jaitsiera eta enplegu sorrera moteldu egin dira ekainean

2.553 langabe gutxiago eta 4.023 langile gehiago eman ditu hilabeteak. Langile kopurua hurbildu egin da krisiaren aurretik zegoenera. 7.000 lagun atera dira erregulaziotik

Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Maiatzeko ekaitzaren ondoren, barea etorri da. Hilabete historikoa izan zen aurrekoa, ekonomiaren susperraldiaren ondorioz langabezia gutxitan bezala jaitsi baitzen (-7.549), eta asko handitu, berriz, Gizarte Segurantzan kotizatzen duten langileen kopurua (+8.200). Jarduera ekonomikoaren goranzko bidean jarraitzen badu ere, ekainean lan merkatuak ez du segitu maiatzeko erritmoan. Ezin da esan, ordea, txarra izan denik: maiatzean baino 2.553 langabe gutxiago daude, eta 4.023 langile gehiago. Pandemiaren aurreko urteetako ekainekin alderatuz gero, langabezia batezbestekotik behera apaldu da aurtengo ekainean, baina batezbestekotik gora handitu dira afiliazioak.

Bada suspertzeak jarraitzen duela erakusten duen beste datu bat ere: maiatzean baino 7.000 langile gutxiago daude enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin. Ifrentzuak ere badaude: haien artean egin diren kontratu gehien-gehienak aldi baterakoak dira, udako kanpainei begirakoak.

ELAk aukera baliatu du 2012ko eta 2013ko lan erreformak bertan behera uzteko eskaera berresteko, «soldaten debaluazioa eta prekaritatea baizik ez dietelako ekarri langileei».

LABek, berriz, nabarmendu du hiru langabetik bik ez dutela inolako saririk. «Estatuko babes sistemak ematen duen estaldura hain txikia izatearen arrazoien artean ditugu sistemaren ahulezia bera eta gurea bezalako lan merkatu prekarioaren errealitatera egokitzeko ezintasuna».

UGTk ere lan erreforma baliogabetzeko eskatu du, eta enplegu politika aktiboak eskatu ditu kontratuen behin-behinekotasuna txikitzeko. Izan ere, martxoan eta apirilean kontratu mugagabeek izan zuten gorakadaren ondoren —ehunka kontratu iruzurti mugagabe egitera behartu zituzten ikuskatzaileek—, berriro %93ra igo da kontratu berrien behin-behinekotasun tasa.

LANGABEZIA
Emakumeak, okerrago


Lurraldeen arteko bilakaera oso desberdinak markatu du langabezia. Asko jaitsi da Nafarroan, hilabete bakarrean Nafar Lansareren bulegoetan langabe gisa erregistratutako ia %6k egoera hori utzi baitute (-2.294). Baina beste lurraldeetan ez da halako jaitsierarik ikusi. Murrizketa apalak izan dira Araban (-332, edo-%1,61) eta Gipuzkoan (-298, edo -%0,81), eta gorakada txikia Bizkaian (+371, +%0,53).

Maiatzean ere, Nafarroa izan zen murrizketarik handiena izan zuena (-3.185), baina kontuan hartu behar da lurralde horretan utzi dituela pandemiak daturik okerrenak, alde handiz, gainera. Horrela, Nafarroak ekainera arte ez du lortu urte arteko tasa negatiboetara itzultzea (-2.577), eta egoera horretan daude aspaldi beste hiru lurraldeak, murrizketa handiagoekin, gainera: -11.174 Bizkaian, -6.855 Gipuzkoan, eta-4.060 Araban.

Sexu aldetik ere alde handia izan da, eta emakumeen kalterako. Haien artean ez da langabe kopurua murriztu, eta %14,3 daude lanik gabe, maiatzean bezainbeste. Langabeen %56,7 ziren emakumeak maiatzean, eta jada %57,5 ekainean.

Sektoreei erreparatuz, uda hasierak ohiko jaitsiera ekarri du zerbitzuen sektorean langabezian daudenen artean (-1.693). Esanguratsua da industrian ere langabeen kopurua behera doala, urratsez urrats (-457).

ENPLEGU ERREGULAZIOAK
Laurden bat atera dira


Aldi baterako erregulazioandauden langileen kopuruak koska pare bat egin du behera ekainean: hilaren amaieran 21.986 ziren, hilabete lehenago baino 7.009 gutxiago. Kopururik txikiena da iazko martxoan enpresek prozedura horiek masiboki erabiltzen hasi zirenetik langileak kaleratu gabe lan kostuak txikitzeko. Aurreko hilean bezala, %39 aldi baterako erregulazio partzial batean daude, eta %61, osoan.

AFILIAZIOAK
Galdutakoa berreskuratuta


Bosgarren hilabetez jarraian hazi da Gizarte Segurantzan izena emana izan eta, hortaz, lege barruan lanean daudenen kopurua. Jada 1,259.156 dira, kopururik handiena iazko martxotik, eta itxialdiaren aurreko kopuruetatik oso gertu (-2.812). Berez, Espainiako Gobernuak ematen dituen datuak hilabeteko batezbestekoak direnez, esan daiteke konfinamendu aurreko mailara iritsi direla enplegatuak. Datu hori nabarmendu du Confebaskek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.