Langabezia pixka bat handitu da, baina landunen kopuruak marka hautsi du

Urrian, Gizarte Segurantzak 15.000 kotizatzaile baino gehiago berreskuratu ditu Hego Euskal Herrian. Emakumezkoak langabeen %58 dira dagoeneko

Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Inflazio handiaren ondorioz ekonomia hozten ari den honetan, seinale kontrajarriak ematen ari da lan merkatua. Aldi batetik, eta azken urteetan ohikoa izan denaren aurka, langabeziak gora egin du urrian, oso kopuru apalean izan bada ere (+152). Bestetik, Gizarte Segurantzaren afiliazioak emaitza onak eman ditu, urrian batez beste 15.794 langile gehiagok kotizatu dutelako irailean baino. Kasu horretan bete da udazkeneko tradizioa, udan lana galdu duten hezkuntza alorreko milaka lagun lanera itzuli eta berriro kotizatzen ari direlako. Baina aurtengoaren berritasuna da inoiz baino langile gehiago daudela Hego Euskal Herrian: 1.291.882. Aurreko marka historikoa ekainekoa zen, baina orduan baino 3.000 langile gehiago izateak erakusten du udan hezkuntzak galdutako enpleguak berreskuratzeaz gain beste batzuk ere sortu direla.

LANGABEZIA
Joeraren aurka

SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak atzo emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 143.020 lagun daude langabe gisa erregistratuta Lanbiden eta Nafar Lansaren. Irailean baino 152 gehiago dira, baina 2008az geroztiko kopuru apalenen artean daude. Berez, duela urtebete baino 7.537 gutxiago dira.

Baina egia da 2015az geroztik urrian behera egin duela langabeziak. Salbuespena 2020a da, orduan hiru milatik gora batu baitziren, baina ezohiko urtea izan zen hura, koronabirusaren oldarraldiek jarduera ekonomikoa geratzera behartzen zutelako. Iaz, esaterako, 1.852 langabe gutxiago eman zituen urriak.

Urriko igoera oso apala da, baina iradoki dezake azkenean ekonomiaren hoztea lan merkatura ere iritsi dela. Berez, oso hazkunde ekonomiko txikia edo batere ez da espero aurtengo azken hiruhilekoan eta 2023ko hasierakoan, eta horrelako egoeran lan merkatuak zail du datu positiboak ematea.

Edonola ere, seinaleak oso garbiak ez izateak adierazten du langabeziak ez duela gora egin ez lurralde guztietan, ezta sektore guztietan ere. Horrela, Bizkaian egin du gora gehien langabeziak (+198), eta Nafarroan ondoren (+87); behera egin du, berriz, Gipuzkoan (-81) eta Araban (-52).

Sektoreka ere badago aldea: gora egin dute langabeek zerbitzuetan (+218), aurretik enplegurik ez zutenen artean (+193) eta lehen sektorean (+142). Behera, aldiz, eraikuntzan (-199) eta industrian (-202).

Beste kontu batean ez dago zalantzarik: langabeziak gehiago eragiten die emakumeei gizonei baino, eta egoera horrek okerrera egin du azken urtean: iazko urrian langabeen %57,2 ziren andreak, eta aurten %58,3 izan dira.

AFILIAZIOAK
Gora nabarmen

Urriaren beste ezaugarri bat izan ohi da Gizarte Segurantzaren afiliazioak gora egiten duela nabarmen, batez ere orduan itzultzen direlako lanera udan enplegua galdu duten hezkuntza alorreko milaka langile. 2023ko urria ez da salbuespena izan, irailean baino 15.974 kotizatzaile gehiago baititu sistemak. Iazko urrikoaren mailan dago suspertzea, orduan 17.622 izan baitziren. Aurtengo urrikoei irailean batutako 6.639 afiliatuak batuz gero, aise gainditzen dira uztailean eta abuztuan galdutako 19.000 landunak, eta horregatik aurten bosgarren aldiz gainditu da kotizatzaileen marka historikoa. Soldatapeko langileetan gertatzen ari da igoera, oso egonkor dagoelako autonomoen kopurua.

Guztira, 1.291.882 afiliatu ditu Gizarte Segurantzak, baina oso zaila dirudi hurrengo hilabeteetan 1,3 milioi langileren langa gainditzea.

Txikia da aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen kopurua: 1.311 ziren urriaren 31n.

KONTRATUAK
Hamarretik hiru, mugagabe

Enplegu berrien behin-behinekotasunak koska bat egin du behera azken lan erreformak aldi baterako kontratuak egiteko trabak jarri zituenetik, baina badirudi muga bat aurkitu duela. Izan ere, urrian sinatutako hamar kontratuetatik hiru izan dira epe muga jakinik gabekoak (%29,23), irailekoen kopuru bera. Hobekuntza handia da duela urtebeteko datuekin alderatuz gero, orduan ez baitziren %10era iritsi, baina maiatzaz geroztik portzentajea ez da kasik aldatu.

LANGABEZIA SARIA
Erdiak, babesgabe

Hezkuntzako langileak lanera itzuli ahala, jaitsiera handia izan du langabezia saria jasotzen dutenen kopuruak. %26k dute sari arrunta, eta %17k subsidioa, baina %54 dira batere saririk eskuratzen ez dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.