Albistea entzun

Segurtasuna: kale arriskutsua ezkerreko sektoreentzat

Segurtasunik eza hedatzen duten eskuineko diskurtsoak eta askatasuna izan dituzte hizpide 'Galde' aldizkariak Donostiako San Telmon antolatutako mahai inguruan.
Imanol Zubero, Miren Ortubai, Arantxa Tirado eta Amaia Gonzalez, San Telmo museoan.
Imanol Zubero, Miren Ortubai, Arantxa Tirado eta Amaia Gonzalez, San Telmo museoan. GALDE ALDIZKARIA Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2023ko maiatzak 25 - Donostia

Hiri eta herrietako segurtasuna. Hori da hauteskundeen aurreko kanpainak izan dituen zutabeetako bat. Ez da kasualitatea; izan ere, azken ikerketen arabera, segurtasunik ezaren sentipena gora doa herritarren artean, eta geroz eta harrabots handiagoa hartzen dute hedabideetan lapurretez edo bortizkeriaz diharduten albisteek. Baina zenbat dauka errealitatetik segurtasunik ezaren sentipenak? Eta zein da ustezko segurtasun batengatik ordaindu beharreko prezioa? Ezkerrak zer norabide hartu behar du arlo horretan? Besteak beste galdera horiei erantzuten saiatu ziren asteartean Galde aldizkariak Donostiako San Telmon antolatutako mahai inguruan.

Hainbat diziplinatan adituak diren hiru emakume aritu ziren gaiaren bueltan: Arantxa Tirado, politologoa eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) Nazioarteko Harremanetako doktorea; Miren Ortubai, abokatu eta kriminologoa, eta Zigor Zuzenbideko doktorea EHUn; eta Amaia Gonzalez soziologo, gizarte ikertzaile eta militante feminista. Imanol Zubero soziologiako doktore eta EHUko irakaslea aritu zen moderatzaile lanetan. Hiru hizlariek Galde aldizkariko azken zenbakian idatzi dute, hain zuzen, segurtasunaren inguruan. Bere artikulua zer posiziotatik idatzi duen argitu nahi izan zuen Tiradok hasieratik: «Posizio militante batetik osatu dut testua. Ni langile klasearen parte naiz, eta, horrenbestez, eskuinak nire klasea kriminalizatzeko erabiltzen dituen segurtasunaren inguruko diskurtsoek kezkatzen ninduten». Ohartarazi zuen segurtasunaren inguruko eztabaida «erabiltzen» ari dela eskuina: «Hori argi ikusi da hauteskunde kanpainan». Salatu zuen hedabideek «langile klasea kriminalizatzen duten diskurtsoak» zabaltzen dituztela: «Arazoari gehiegizko garrantzia ematen zaio, eta langile klasearen zati bati barruan gelditzen zaio mezu hori». Gainera, azaldu zuen ezkerra ez dagoela «presente» eztabaida horretan, eta hiru joera izan ohi dituela: beste alde batera begiratu, «paternalismoz» jokatu, edo pertsona jakin batzuk diskriminatzen dituzten diskurtso horiek bere egin, haiek bizi dituzten «egiturazko arazoak» kontuan hartu gabe.

Ortubaik, bere hitzaldiaren hasieran, bineta bat ageri zuen kartel bat erakutsi zuen. Polizia bat ageri zen marrazkian; «zure segurtasunaren mesedetan, jarraitu ezazu beldurtuta», zioen agenteak. «Arriskua migratzaile txiroarekin identifikatzen da, eta ulertzen da sistema penalak konponduko duela arrisku hori», azaldu zuen abokatuak. Soilik baietz da baietz legearen azterketa sakona egin du Ortubaik, eta emakumeen segurtasuna aipatu zuen, udan goia jo zuen ziztaden fenomenoa adibidetzat jarrita: «Ez da egiaztatu oraindik fenomenoaren dimentsio erreala, baina, hala ere, balio izan du kalean polizia eta kamera gehiago jartzeko; funtsean, kontrol handiagoa ezartzeko».

Zuzenbide penalak segurtasuna ezartzeko dauzkan tresnen inguruan ere aritu zen, eta adierazi zuen sistema penalaren eta emakumeen interesak ez datozela bat: «Gertakariak nola izan diren frogatzea interesatzen zaio sistemari, ez emakumeek bizi duten esperientzia». Hala ere, argitu zuen «indarkeria» ez dela emakumeen «arazo nagusia»: «Sintoma latzena da, baina arazoa bera desberdinkeria da». Azaldu zuen «gizonezko gazteak» direla, datuen arabera, kalean indarkeria gehien jasaten dutenak —emakumeei egindako eraso gehienak esfera pribatuan izaten direlako—, baina, aldiz, emakumeek diotela beldur gehien espazio publikoan gerta daitekeenari. Berriro erakutsi zuen afixa: «Zure segurtasunaren mesedetan, jarraitu ezazu beldurtuta».

Arriskua, etxean

Gonzalezek, ordea, azpimarratu zuen emakumeek jasandako eraso gehienak etxeko eremuan gertatzen direla, eta adierazi zuen kolektibo feministek proposamen ugari dituztela eginak segurtasuna bermatzeko: «Instituzio publikoak dira esaten diogunari kasurik ez egitea erabaki dutenak». Besteak beste, adierazi zuen festa giroan jartzen diren puntu moreak ez direla nahikoa: «Auzo bakoitzean finkoak izango diren puntuak behar ditugu, eta bertan egongo diren langileek genero indarkerian formakuntza izatea ezinbestekoa izango da, gainera». Salatu zuen gaur egun etxean indarkeria jasaten duten emakumeek ez daukatela baliabiderik bertatik irteteko: «Eusko Jaurlaritzak, gehienez, itxaron zerrenda amaigabe batean sartzen ditu».

«Emakumeak erabiltzen dira askotan diskurtso punitibistak justifikatzeko, andreei beraiei galdetu ere egin gabe», gehitu zuen Zuberok. Azken galdera bota zien gero hizlariei: «Posible da segurtasunaren inguruan hitz egitea eskuinaren diskurtsoetan erori gabe?». Tiradok erantzun zion galderari: «Segurtasunaren kontzeptua irauli behar dugu. Eskuinak sinetsarazi digu diru zorroa lapurtzen digun migrante txiroa dela arriskutsua, eta ez langile klasea arpilatzen duen enpresari handia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gasteizko Udalak gaur eguerdian deitutako protesta ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Ertzaintzak urtarriletik zekien emakumearen bikotekide ohiak urruntze agindua urratzen zuela

Edurne Begiristain

Josu Erkorekak esan du urtarrilean hasi zuela Ertzaintzak ikerketa, bikotekide ohiak urruntze agindua hautsi zuenean, eta maiatzaren 18tik biktimaren arrisku maila aztertzen ari zela.

Alfredo De Miguel, artxiboko irudi batean ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Arabako Probintzia Auzitegiak ez ditu onartu De Miguelen helegiteak, eta kartzelan sartzeko agindu du

Irati Urdalleta Lete

Ez da behin betiko erabakia: De Miguelek hiru egun ditu erregu helegitea jartzeko.

Suhiltzaile batzuk, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oposizioak euskaraz egiteko aukerarik ez die eskaini Arkautik suhiltzaileei

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Arartekoak ebatzi du oposizioetako partaideen hizkuntza eskubideak «urratu» zituztela, eta ELA sindikatuak auzi eske bat jarri du epaitegietan.

Hondarribian EAJk alkatetza galduta, aldaketak espero dira alardearen auzian

Hondarribian EAJk alkatetza galduta, aldaketak espero dira alardearen auzian

Arantxa Iraola

Abotsanitz taldeak zazpi zinegotzi lortu ditu, eta helburuen artean du alarde «publiko» bat lortzeko urratsak eginez joatea «adostasuna» ardatz hartuta; EH Bilduk esan du bidean lagun izango duela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...