Patronalak dio «mehatxua» dela kotizazioen goiko muga kentzea

Confebaskek ohartarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 635 milioi euroko gainkostua ekarriko duela. 100.000 langilek soldata txikiagoa jasoko luketela ere azaldu dute

SEA, Confebask, Cebek eta Adegiko ordezkariak, atzo, Bilbon, Kontseilu Nagusiaren osteko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Euskal patronalak ez ditu gustuko Espainiako Gobernu berriaren ideiak. Madrilek duen Gizarte Segurantzaren gehienezko kotizazioen muga kentzeko asmoa bereziki gaizki hartu du Confebaskek, eta hura osatzen duten herrialdeetako patronalek, Adegik, Cebekek eta SEAk. Haien arabera, suspertze ekonomikoarentzat eta enpleguarentzat «mehatxua» da kotizazioen goiko muga kentzea eta soldatarik handienak dituztenek kotizazio gehiago pagatzen hastea. Eta kopuru zehatzak jarri zituen mahaia gainean, atzo, iritzi horri oinarria emateko: 635 milioi euroko gainkostua izango luke Pedro Sanchezen gobernuaren neurriak, eta kopuru horren zatirik handiena enpresek hartu beharko lukete beren gain: 525 milioi euro, hain zuzen. Aldagai horrek bere kabuz esplikatzen du enpresaburuen haserrea. Horrez gain, Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak esan zuen 100.000 langileri eragingo liekeela kotizazioen goiko muga kentzeak, eta horiei soldata murriztuko litzaiekeela. Urtean 45.000 eurotik gorako soldata duten langileak lirateke neurriak eragindakoak.

Confebaskeko Kontseilu Nagusiaren osteko agerraldian, Larrañagak garbi esan zuen neurri «arriskutsua» dela Madril martxan jarri nahi duen hori, eta euskal patronala haren «aurka» dagoela, «erabat». «Beste behar fiskal batek» enpresen lehiakortasuna «izugarri urratuko luke», Confebaskeko buruaren iritziz, eta horri gehitzen diote Madrilgo gobernua lan erreforman egitekoa den ukitua.

Hain zuzen, erreforma aldatuko ote den «ziurgabetasuna» da Confebask deseroso daukan bestekontua. «Lan erreforma esparru batzuetan hobetu» daitekeela uste du Roberto Larrañagak, baina, haren irudiko, «lanpostu askori eusteko balio izan du», eta, hura gabe, «galdu egingo ziren».

Erreformaren ukituen zain

Sanchezen gobernuari lan itunen urtebeteko ultraaktibitatea aldatzeko eskatu diote CCOO eta UGT sindikatuek. CEOE eta Cepyme patronalekin egindako negoziazio kolektiboaren akordioan idatzi dutenez, «negoziazioak badaude, eta ituna berritzeko borondatea badago», eta iraungitako itunek indarra izan beharko lukete. Kotizazioen goiko muga kentzeko iragarpenaren aurretik sinatu zuen idatzi hori Espainiako patronalak, eta, orain, Confebask gisa (CEOEko kide da Confebask), damutzen hasia dago.

Ekonomiaren martxa ona ez du ukatzen Confebaskek, edonola ere. 2019an krisi aurreko enplegu mailara iritsiko da EAE, bere aurreikuspenen arabera: 790.000 langile egongo dira, 2018an ekonomia %2,9 igo ondoren, eta 18.000 afiliatu berri lortu eta gero. Susperraldia enpleguaren kalitatean islatzen ari dela esan zuen Larrañagak, Lan Harremanen Kontseiluaren irizpidearen aurka. Hark ohartarazi du berriki behin-behinekotasuna «egiturazkoa» bihurtzeko bidean dela. Soldatak %2,3 igotzen ari direla ere helarazi zuen patronalak, esan gabe inflazioa igo dena horixe bera dela, eta gogorarazi zuen euskal langileak direla Espainiako Estatu barruan erosahalmena «gutxien galdu dutenak». Garbi utzi zuen, beraz, erosteko ahalmena galdu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.