Confebaskeko presidente berriak bere hartan nahi du erreforma

Eduardo Zubiaurrek egonkortasuna eskatu die instituzioei, Roberto Larrañagaren lekukoa hartu berritan. Langileen behin-behinekotasuna ekonomiaren egoerarekin lotu du
Eduardo Zubiaurre, ezkerrean, Roberto Larrañagaren eskutik Confebaskeko presidente karguaren lekukoa hartzen.
Eduardo Zubiaurre, ezkerrean, Roberto Larrañagaren eskutik Confebaskeko presidente karguaren lekukoa hartzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko uztailak 19
Patronaleko buru gisa egindako lehen adierazpenean, Eduardo Zubiaurrek (Eibar, Gipuzkoa, 1962) 2012ko lan erreformaren aldeko aldarria egin zuen atzo. Ikusmina sortu zuen argazkiak: Roberto Larrañaga eta Eduardo Zubiaurre elkarri bostekoa ematen, biak irribarretsu. Argazkilari eta telebista kamerari andana momentua erretratatzen. Confebaskeko presidente izateari utzi zion batak, eta haren kargua hartu zuen besteak.

Lan erreformaren gorazarre betean, enpresariei malgutasuna ematen diela arrazoitu zuen presidente izendatu berriak. Gaur egun, Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioak direla eta, erreforma horren hainbat atal aldatzeko aukera aztertu dela argitaratu da prentsan, eta halakorik egitea enpresentzako kaltegarria izango litzatekeela ohartarazi zuen Zubiaurrek: «Unean uneko testuinguruaren araberako malgutasuna eskaintzen die lan erreformak gure enpresei». Gogora ekarri zuen, gainera, egungo susperraldi ekonomikoa lan erreforma horri esker iritsi dela: «Enplegu gehiago sortzen lagundu du, eta lan merkatuaren arauen erreforma batek oztopatu eta gelditu egingo luke lanpostu horien sorrera».

Lan erreformaren defentsa sutsua deigarria da, aste honetan Antonio Garamendi CEOEko presidenteak gaiaren inguruan egin dituen adierazpenekin alderatzen badira. Ez da ahaztu behar Confebask CEOEko kide dela. Izan ere, Espainiako patronaleko burua prest azaldu da sindikatuekin eseri eta lan erreforma hobetzeko hainbat neurri negoziatzeko. Lan hitzarmenen esparruen lehentasunaz, itunen ultraaktibitateaz eta azpikontratazioez hitz egiteko jarrera azaldu zuen. Orain arte, Espainiako patronal nagusia lan erreforma ez ukitzearen alde azaldu da, baina Garamendik argi esan du asteon: «Ez naiz ezezko biribilen aldekoa». Hitz egin eta negoziatzeko tartea badagoela esan du.

Ekonomia, hobetze bidean

Confebaskeko ardura kargua utzi berritan, Roberto Larrañagak azken lau urte inguruen balorazio ona egin zuen. Gogoratu zuen ardura postuan sartu zenean «egoera ekonomikoa zaila zela», eta orain seigarren urtez jarraian hazten ari dela ekonomia. Egoera hori nabarmendu nahi izan zuen Zubiaurrek ere: «Euskadin susperraldi ekonomikoak erritmo onean jarraitzen du, eta, aurreikuspenak aldatzen ez badira, 2019. urtean %2,5 igoko da BPGa, eta 14.000 afiliatu berri izango ditugu Gizarte Segurantzan». Gainera, langile kopuruari dagokionez, 2008. urteko krisi ekonomikoa piztu zenetik maximo historikoak daude Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan: 973.000 behargin daude, «errekor historikotik 9.500 langilera». Horregatik, egungo egoera ekonomikoaren balioa azpimarratu zuen.

Halaber, sortu diren lanpostu berri horien kontratu motari buruz, Confebaskeko buruak nabarmendu zuen mugagabeko kontratazio kopurua inoizko handiena dela. Patronalak berak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 537.000 langilek daukate halako kontratu bat; krisia hasi zenean baino 13.000 gehiago daude, beraz.

Hala ere, aste honetan bertan Lan Harremanen Kontseiluak ohartarazi du Europako Batasuneko batezbestekotik gora dagoela behin-behinekotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Patronaleko buruak baieztapen horri erantzun zion: «Behin-behinekotasuna badago lan merkatuan, baina lortu dena baloratu behar da; lan sorrera handitzen ari da, eta hori nabarmendu behar da. Enpresek ez badute era egonkor batean kontratatzen, testuinguru kaskarra dutelako izango da». Horregatik, esan zuen lan erreformari esker lortu dela hainbeste lanpostu sortzea, kanpoko faktoreetara egokitzeko aukera ematen dielako enpresariei.

Euskal ekonomiak onbidean jarraitu ahal izateko, Zubiaurrek hobetu beharreko hainbat puntu azpimarratu zituen. Batetik, Espainiako ezegonkortasun politikoari egin zion erreferentzia: «2016. urtetik dago ezegonkortasun politiko hori, eta horrek ez du laguntzen jarduera ekonomikoan eta inbertitzeko erabakietan». Bestetik, nazioarteko egoerari begira daudela esan zuen, «merkataritzari ezarritako murrizketek» euskal ekonomian ere eragina dutelako. «Autogintzaren, altzairuaren edota makina-erremintaren ahalmen esportatzailea kontuan hartuta, arretaz erreparatzen ari zaizkio munduan gertatzen ari denari».

Atzerriko aldagai horiek izan dezaketen eraginari begira daude, beraz, baina ez zen ahaztu euskal erakundeekin : «Euskadin egonkortasun instituzionalari eutsi behar zaio, eta enpresen fiskalitate lehiakorrari; energia kostua Europako lehiakideen parekoa izatea lortu behar da, AHTaren lanak amaitzea, eta lan harreman modernoak edukitzea, garai berrietara egokituak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: