Europa zaharraren konkistan jarraitzen du CAFek, beste bi kontratu handirekin

Birminghamdik eta Veneziatik jasotako eskaerek 110 milioi euroko balioa dute. Urbos modeloko 21 tranbia bidaliko ditu Ingalaterrara, eta 30 Urbino autobus elektriko Italiara

CAF konpainiaren Urbos tranbia. CAF.
xabier martin
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Inoizko kontraturik handiena lortu zuen Frantzian (700 milioi euro), irailean, eta bide beretik jarraitu du urrian Beasaingo CAF konpainiak, beste bi eskaera ofizial jaso baititu Europa zaharreko merkatuetatik: Ingalaterratik bata eta Italiatik bestea. Alstom eta Siemens nagusi diren erresuman aurrera doa CAF, eta ez bakarrik trenak saltzen, baita autobus elektrikoak ere. Solaris poloniarra garairik egokienean erosi duela ematen du, autobus elektrikoen ekarpena gero eta pisu handiagoa hartzen ari baita Gipuzkoako konpainiaren fakturazioan; sektoreko liderra da Europan ez alferrik. Horiek horrela, CAFek 9.000 milioi eurotik gorako eskaera poltsa dauka, sekula izan duen handiena.

CNMV merkatu arautzaileari atzo jakinarazi zioenez, CAFek 21 tranbia bidaliko ditu Birminghamera, 90 milioi euroren truke; eta Veneziara 30 autobus elektriko, Solaris etxeko Urbino12 modelokoak; Italiako kontratua hamar milioi euroko salmenta da, autobusena ez ezik baterien kargarako azpiegitura ere CAFen esku utzi baitu ACTV SPA Veneziako garraio kudeatzaileak.

Kontratu bi horiek islatzen dute CAFen nabaritzen ari diren joera argi bat: Ingalaterra tren merkatu oparo baino oparoagoa bihurtu da azken urteetan, eta Italiakoa beste hainbeste autobus elektrikoei begira. Duela hilabete gutxi, Milango hiriak 250 Solaris erosteko eskaera egin zuen.

Birminghamgo kontratuak, gainera, eskaera handitzeko aukera dakar sinatutako idatzian. Operadoreak 29 tranbia gehiago eska dezake 2020ko hamarkadan barna. Lehen tranbiak 2021. urteko hondarrean entregatuko ditu Beasaingo konpainiak; edonola ere, ibilgailuen mantentze lanak ere egingo ditu 30 urteko epean, behar diren gai berri guztiak hornituz.

Katenariarik gabe

Ez da CAFek Birminghamen saltzen duen estreinako aldia. 2012. urtean, Urbos modeloko 21 tranbia jarri zituen martxan han, eta 2018. urtean, berriz, tranbia horiek mugitzeko Greentech energia-biltegi sistema erosi zioten CAFi, ion-litio bateriekin, katenariaren sistema gainditzeko. Orain saldu berri dituen Urbos berriek, izan ere, energia biltzeko sistema are berriagoa izango dute, eta ez dute beharko, hortaz, argindar sistema bat trenbidean, katenaria alegia.

Italian egindako salmenta, berriz, balio handikoa izango da kopuru ekonomikotik harago. Venezia turismo hiririk garrantzitsuenetakoa da, eta Solarisen autobusek erronka handia izango dute hainbeste bidaiari behar bezain laster eta ondo garraiatzeko. Eta hiria kutsatu gabe egingo dute. Zerbitzu publikoaren bidez, ingurumenari laguntzeko helburua duten hiri handientzako eredubihur daiteke Venezia. Lido eta Pellestrina uharteetan emango dute zerbitzua, eta han ibiltzen diren diesel autobusak ordezkatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.