Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak Espainian

Sanchez: «Aro berria hasi da, legea eta konstituzioa oinarri»

Espainiako presidenteak uste du Auzitegi Gorenaren epaiak Kataluniako proiektu independentistaren «porrota» berretsi duela. Zigor osoa bete beharko dutela agindu du

Pedro Sanchez, atzo, Auzitegi Gorenaren epaiari buruzko balorazioa egiteko agerraldian. BALLESTEROS / EFE.
inaki petxarroman
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kataluniako proiektu independentistaren «porrota» berretsi du Auzitegi Gorenak emandako epaiak, Espainiako jarduneko presidente Pedro Sanchezen arabera. Ildo horretan, buruzagi independentista katalanen aurkako epaia baloratzeko eginiko agerraldian adierazi zuen «aro berri bat» hasi dela, eta horren oinarrian Espainiako legea eta konstituzioa daudela. Sanchezen iritziz, abiatu beharreko elkarrizketa aro berriak Kataluniako agintarien eta arduradun politikoen artekoa izan behar du, «elkarbizitza baitago jokoan». Hala, Generalitateari eta parlamentuari eskatu zien dagokien ardura hartzeko: «Denak ordezkatu eta denen izenean gobernatu behar dute».

Espainiako Gobernuko presidenteak Auzitegi Gorenaren eta Justiziaren defentsa sutsua egin zuen. «Bere betebeharrekiko errespetu zorrotzez lan egin dute, autonomia, gardentasun, berme eta profesionaltasun eredu ezin hobea emanez».

Hari horretatik, Espainiako «demokraziaren» balioa azpimarratu zuen, eta ziurtatu inor ez dutela epaitzen bere «ideiengatik». Baina ohartarazi zuen inor ezin dela egon legearen gainetik.

Sanchezek ziurtatu du ezarritako zigorrak osorik beteko dituztela buruzagi katalanek, eta horren berme dela bere gobernua. Hala, 155. artikuluari aipamenik egin ez arren, ez zuen hura ezartzeko aukera erabat baztertu. «Datozen egunetan Espainiako Gobernua erne egongo da egingo diren mobilizazioei, eta gerta daitezkeen urraketei erantzungo die, legea baliatuz horretarako». Hau da, «irmotasun demokratikoz, proportzionaltasunez eta batasunez» erantzungo du Espainiak, Sanchezek ohartarazi duenez. Arlo horretatik, hurrengo egunetan «izan litezkeen erasoei» adi erreparatuko diela nabarmendu zuen. Prozesu horretan lidergoaren ardura duen arren, atzo bertan Espainiako alderdi nagusietako buruzagiei deituko ziela agindu zuen, hau da, PPko Pablo Casadori, Ciudadanoseko Alberto Riverari eta Unidas Podemoseko Pablo Iglesiasi.

«Egiten duenakordaindu egiten du»

Hain zuzen ere, epaiaren berri jakin ahala iritsi ziren buruzagi horien erreakzioak ere. Pablo Casadok mezu hau helarazi zuen: «Egiten duenak ordaindu egiten du». Hain zuzen ere, inpunitaterik egon ez dadin, «indulturik ez» emateko eskatu zion Pedro Sanchezi. Haren ustez, beharrezko neurriak hartu behar dira Kataluniako prozesuaren antzekorik berriz gerta ez dadin. «Ordena publikoa bermatzeko eta jarduera bortitzak galarazteko neurriak hartuz gero, gobernuaren ondoan egongo gara».

Asebeteta azaldu zen epaiaren edukiarekin Alberto Rivera Ciudadanoseko buruzagia ere. «Gaur justizia egin da, baina eskatu behar dugu zigortuek ez dezatela pribilegiorik eduki», nabarmendu zuen, eta azpimarratu zuen lan egingo dutela indulturik ez dela egongo bermatzeko. «Gaur onek irabazi dugu, eta pasaportea kendu nahi izan zigutenek eta sufriarazi digutenek, berriz, galdu».

Alde horretatik, bat eginda aritzeko deia egin zien Casadori eta Sanchezi, Katalunian lehen «istiluak» hasi direlakoan. «Konstituzioa eta segurtasuna bermatu behar dugu».

Horretarako, baina, sozialistei dei egin zien ez dezaten berriro itunik egin independentistekin eta Espainia «hautsi» nahi dutenekin, izan Quim Torra, Carles Puigdemont edo Arnaldo Otegi.

Unidas Podemosen kritikak

Espainiako alderdi eta ordezkari politikoen artean Unidas Podemoseko kideak izan dira kritikoenak. Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiak Twitterren adierazi zuen epai hau «historiara» igaroko dela, hain zuzen ere, «sinbolo bat izango da: arazoak nola ez diren konpondu behar demokrazian». Era berean, bustitzeko eta «zubiak egiteko» garaia dela adierazi zuen, «ezinbestekoa» baita «adiskidetzea». Bere alderdiak horren alde lan egingo duela hitzeman zuen. Alabaina, Iglesiasek ohartarazi du «mundu guztiak errespetatu» beharko duela legea, eta Auzitegi Gorenaren epaia «onartu». Antzera mintzatu zen Iñigo Errejonen Mas Pais alderdiko buruzagia ere: «Gaur atzo baino urrutiago dugu zubiak berregitea Kataluniako gizartearen eta Espainiako gainerakoaren artean». Zauriak «sendatzeko» politika egitea tokatzen dela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.