Hauteskunde behartuak

Presidentetzarako bozak egingo dituzte gaur Aljerian. Bost hautagaietatik lau ministro ohiak dira. Sistema zaharra legitimatzea leporatzen dio oposizioak erregimenari

Azken hamar hilabeteetan manifestariak astero irten dira kalera Aljerian, erregimen zaharra behin betiko amai dadila eskatzeko. MOHAMED MESSARA / EFE.
Ricard Gonzalez.
Aljer
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Aljeriako herriak ozenago esan zezakeen, baina ez argiago: ez dituzte nahi gaur egingo diren presidentetzarako hauteskundeak. Duela ia hamar hilabetetik, dozenaka mila pertsona irteten dira astero kalera autokraziaz eta ustelkeriaz betetako iragana behin betiko hausteko eskatzeko. Hirak deitutako herri mugimenduak iritzi dio itxurazkoak direla Gaid Salah armadaburu eta —Abdelaziz Bouteflikaren dimisioaren ostean— erregimenaren lider berri bilakatu denak bultzatutako aldaketak. Gobernuak «Errepublika berria» erakusten duen tokian, oposiziorentzat betiko sistema hauteskundeen bidez legitimatzeko ahalegina dago.

«Bost hautagaiak sistemaren semeak dira. Hautatua edozein dela ere, jeneralen txotxongiloa izango da», berretsi du Othman Lahiani analista politikoak. Hautagaien artean daude bi lehen ministro ohi: Abdeljamid Tebboune, administrazioko maila ia guztietatik igaro den politikari zaildu bat; eta Ali Benflis, Bouteflikaren eskuin eskua izan zena, mende honen hasierara arte. Beste bi, ministro ohiak dira: Ezzedin Mihoubi poeta; eta Abdelkader Bengrina, islamista moderatu bat. Bosgarren gizona, FLN alderdi bakarreko koadro ohi bat da, 2011n talde propioa sortu zuena.

Borroka baketsuan aritu dira hamar hilabetez manifestari eta erregimena, baina bihartik testuinguru berri batean sartuko dira. «Beldur naiz gobernuak ez ote duen larrialdi egoera ezarri eta errepresioa gogortuko protestak amaitzeko», dio bere izena eman nahi ez duen begirale politiko batek; haren ustez, Mihoubi izango da Gaid Salahk irabazteko aukeratutako gizona.

Hauteskunde Batzorde bat badu herrialdeak duela hiru hilabetetik, baina ekintzaileek uste dute emaitzak manipulatu egingo dituztela, batez ere parte hartzeari dagozkionak, eguneko daturikgarrantzitsuena izango baita hori, parte hartze txiki batek kolokan jarriko lukeelako presidente berriaren zilegitasuna. Hautagai bakar batek ez baditu botoen %50 eskuratzen, bigarren itzulia egingo dute bi aste barru.

Asteartean, auzitegi batek zigor luzeak ezarri zizkion politikari eta enpresari talde bati; besteak beste, Ahmed Ouhayia eta Abdelmalel Sellal lehen ministro ohiei; guztiak ere Bouteflika presidente ohiaren oso gertukoak. Gobernuaren arabera, epaiek erakusten dute agintari berriak aldaketa gose direla, baina Hirak-ek iritzi dio sistemako adar desberdinen arteko kontu garbiketa eta protestak baretzeko ahalegina direla epaiok.

Epaiak bat egin zuen ikasleek astero hiriburuko kaleetan egin ohi duten protestarekin. «Greba egin dugu unibertsitatean eta haiek sostengatzera etorri gara», dio Mayak, Aljerko Unibertsitateko katedratikoak. «Ezin dira hauteskundeak egin benetako askatasunik gabe. Estatuak egin behar duen lehen gauza presoak askatzea da», erantzun du Melissak, Ingeniaritza ikasten ari den 18 urteko gazteak.

Milatik gora atxilotu

Erregimenak jazarpena gogortu du azken asteetan. «Denera mila pertsona inguru auzipetu edo zigortu dituzte, gehienak azken hiru hilabeteetan. 350 inguru preso daude gaur egun», azaldu du Tarek Marahek, Presoen Askatasunerako Baztorde Nazionaleko abokatuak.

Aljeria izan zen Udaberri Arabiarrik izan ez zuen herrialde arabiar bakarretakoa, eta hainbat adituk uste dute Hirak mugimendu haien isla dela. «Gazteek oso rol garrantzitsua izan dute. Ez dute gerra zibilak eragindako traumarik; ausartagoak dira, eta politikagintzan parte hartu nahi dute», azaldu du Ghalia Djeloul soziologoak.

Ahmedi, 31 urteko langabeari, gogoberotasunak ez dio uzten elkarrizketa luze bat izaten. «Gertutik jarraitzen dugu Hong Kongen eta Katalunian gertatzen ari dena. Oso politizatuta gaude, baita nik bezala unibertsitateko ikasketarik ez dutenak ere», azaldu du sukaldari horrek, zeinak uste zuen sistema politiko berriak erraztu egingo zuela bisak lortzea eta lagundu egingo ziola turismoari.

Gazteen babesa

«Herri guztia Hirak-ekin dago. Gazteak gara haren indarra. Herritarren %65 gara. Gu gabe, ahula litzateke», esan du Fuadek, arbitro bat balitz bezala txartel gorri bat astintzen duen profesional gazteak. Martirien eta ekintzaileen irudiak dituzten banderahandiak astinduz «Estatu zibila, ez militarra» eta «jeneralak zaborretara» oihukatzen du jendeak.

Errepikatutako leloen artean dago baita ere «Hauteskundeei ez, Frantziako semeak», Europako hainbat gobernuren jarreraren aurkako gezi bat, Aljeriako iraultzaren aurrean izan duten isiltasunagatik. «Herrialde batzuek, Espainiak barne, ez dute Hirak babestu baliabideak lapurtzen jarraitu ahal izateko. Irabazten badugu, herriak ez du ahaztuko, eta damutuko zaie», dio Fariqek, tarteko adineko gizon batek.

Askasunaz eta demokraziaz gain, Aljeriako gazteriaren eskari nagusietako bat da lan duina izatea. «Beltzean lan egiten dut, urtean hainbat hilabetez. Nire soldata 45.00 dinar da [300 euro inguru], kontratua duen norbaitek jasotzen duenaren ia erdia», kexu da Ahmed, sukaldaria. Haren lagun Youssufek, Ingeniaritzako ikasleak, ikasketen ostean lana aurkitzeko itxaropen gutxi du. «Agian, lizentzia lortutakoen %10ek aurkitzen dute. Bost anaietatik bik bakarrik egiten dute lan», azaldu du gazte luze horrek, zeinak ez baititu sinesten langabezia datu ofizialak, langabezia %11 inguruan ezartzen dutenak. «Kalean gaude gure etorkizunaren alde borrokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.