Azpimundu batean bakartuta

Emakumeen salerosketa sistema kapitalista eta patriarkalaren ondorio da. Errealitate ikusezin hori izan dute hizpide Migratzaile Eskubidedunek antolatutako hitzaldian.

Emakumeen salerosketa eta sexu esplotazioaren kontrako protesta, iragan abenduan, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Milaka eta milaka emakume aterako dira bihar kalera, mundu zabalean, martxoaren 8an, berdintasuna aldarrikatzera, bizitzak erdigunean jarri behar direla ozen esatera. Beste emakume asko, baina, ezin izango dira, egun horretan ere, kalera atera. Ikusezinak diren emakumeak dira, mundu paralelo batean bizi direnak, bizitzen baino bizirik irauten, azpimundu batean, erabat bakartuta. Salerosketaren biktima diren emakumeak dira.

Emakunderen azken txostenaren arabera, 2.000 emakumetik gora jarduten dira prostituzioan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %10 salerosketa sareen biktimak dira. Migratzaileekin lan egiten duen Migratzaile Eskubidedunak sareak ikusgarri egin nahi izan du errealitate ikusezin hori, migrazioarekin zuzenean lotuta dagoen arazoa baita. Salerosketaren biktima diren emakumeak: errealitate bat babes eske hitzaldiak hiru aditu elkartu zituen mahaia baten inguruan herenegun, Donostian: Maria Luisa del Pozo, Bilboko Oblatetako kidea eta gizarte langilea, Teresa Giron Odos proiektuko kidea eta abokatua, eta Teresa Compte Grau, Politika Zientzietako doktorea.

Hiru hizlariak bat etorri ziren emakumeen salerosketa sistema kapitalistaren eta patriarkalaren ondorio dela. Del Pozok argi dauka «sistema zital bat» dela: «Emakumeen salerosketak sistema horri erantzuten dio, gizarte matxistari eta patriarkalari, non gizonek baitaukate boterea, emakumeen kalterako, eta badakigu sistema kapitalistak hil egiten duela, bazterketa eragiten duela, hazkunde ekonomikoa giza eskubideen gainetik ezartzen duelako».

Maria Luisa del Pozo, Teresa Giron eta Teresa Compte Grau, Donostiako mahai inguruan. Juan Carlos Ruiz / Foku

«Negozio itzela»

Compte Grauren hitzetan, emakumeak «finantza aktiboak» dira «zapalkuntza, ekoizpena eta errentagarritasuna» ardatz dituen sistema kapitalistan. Politika Zientzietako doktoreak «gorputzen eskarian» jarri zuen arreta: «Salerosketa negozio bat da, negozio itzel bat, eta emakumeen gorputza oso errentagarria da, aldi berean sexurako, lanerako eta ugalketarako esplota daitekeelako». Gaur egungo esklabotza da. Huelvan (Espainia) marrubia biltzeko zelaietan ari diren emakumeen egoera jarri zuen adibide gisa: «Goizean lanerako esplotatzen dituzte, eta gauean sexurako». Azpimundu horretan dauden errealitate paraleloak ankerrak dira: «Batzuetan, goizetan lanerako esplotatzen dituzten gizonak dira gero, gauean, sexualki emakumeak esplotatzen dituztenak. Delituak delitura darama, eta miseriak miseriara».

Eredu hori aldatu ezean, nekez amaituko da emakumeen salerosketa. Gironen arabera, emakumeen salerosketa immigrazioari lotutako arazoa da: «Biktima guztiek hiru ezaugarri dituzte: pobrezian bizi dira, paperik gabe, eta bakartuta». Zeharkaldietan emakumeen eskubideak etengabe urratzen direla ere salatu zuen: «Ez da berdin zeharkaldia gizonek edo emakumeek egitea. Jatorrian eta helmugan ez ezik, bidean zehar ere urratzen dira euren eskubideak. Marokoko basoetan, patera hartzeko zain ezkutatuta egoten diren hilabeteak dira okerrenak». Europara iristeko bidean indarkeria mota askoren biktima direla aipatu zuen, «oso egoera zaurgarrian» daudelako: «Emozionalki eta fisikoki akituta, dokumentaziorik gabe, eta ez dugu ahaztu behar bizimodu latzetatik ihesi doazela, behartutako ezkontzetatik edo mutilazio genitaletik ihesi. Batzuetan, hemen aurkitzen dutena jaioterrian zutena baino makurragoa da».

Gironek Odos proiektuan egiten du lan. Montillan (Cordoba, Espainia) etxe bat daukate hegoaldeko mugara iristen diren emakumeak eta haurrak artatzeko. Jada 174 pertsona jaso dituzte etxean, 86 emakume, 56 neskato eta 35 mutiko. «Neskatoak gehiago dira, amek ablaziotik babestu nahi dituztelako alabak. Guk asiloa eskatzeko aukera helarazten diegu, nazioarteko babesa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztelako».

Biktimen soslaia

Bilboko Oblaten Leiho Zabalik programan parte hartzen duten emakumeen soslaia ere antzekoa da. «Hogei herrialdetako emakumeak jaso ditugu, 18 eta 35 urte bitartekoak, kultura, etnia eta erlijio ezberdinetakoak». Del Pozok zehaztu du, dena den, ezin dela argazki bakar bat egin, askotariko errealitateak bizi izan dituztelako eta tartean badirelako unibertsitate ikasketak dituztenak ere: «Iaz, 216 emakume artatu genituen; horietatik, 98 lehenbiziz artatu genituenak dira, eta horietatik 29k euren egoera salatzeko ausardia izan zuten».

Salerosketaren biktimek proxenetak salatzeko zer zailtasun dituzten, horretaz mintzatu ziren adituak. «Bakoitzak istorio bat dauka, eta horren arabera kokatzen da bizi duenaren aurrean. Badira emakume batzuk bizi duten egoera izugarria izanda ere ez dutenak egoera hori delitu gisa identifikatzen». Giron bat dator Del Pozorekin: «Aintzat hartu behar da batzuetan salerosketaren erantzuleek mehatxatuta daudela, edo euren senideak daudela mehatxatuta».

Legediak alde horretatik dituen hutsuneak salatu zituzten. Hiru hizlariek iritzi diote legea zaharkituta dagoela eta ez dituela emakumeak babesten. Gironen esanetan, ezin da izan biktimak salaketa jarri behar izatea biktimatzat aintzat hartua izateko: «Euren eskubideak urratzen diren momentutik babestu behar dira; erantzukizuna ezin dugu jarri emakumeengan». Compte Grauk ere uste du estatuak emakume horien eskubideak bermatu behar dituela, salaketa jarri edo ez: «Lehentasuna da sare horiek bilatzea eta desegitea, eta erantzuleak zigortzea».

Del Pozok adierazi zuen lege integral bat egiteko abagunea dela: «Palermoko Protokoloak salerosketaz egiten duen definizioa oso hertsia da, eta berraztertu egin beharko litzateke, emakume batzuk jakinda sartzen direlako sareetan, baina baimen hori ez da hutsala».

Azpimundu ilun horretatik atera diren emakumeen kemena ere aipatu zuten. Del Pozok salaketa jarri zuen emakume batekin akordatu zen: «Une horretan esan zuen bera ez zela inoren esklaboa, beti izan zuela barruan inork kendu ezin zion indarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.