Koronabirusa munduan

Baliabiderik gabe, borrokan

Espainian, artean, Madril da kutsatu eta hildako gehien duen erkidegoa. Osasun langileek salatu dute ospitaleetan ez direla betetzen oinarrizko segurtasun neurriak.

Egunero, iluntzeko zortzietan, kalera irteten dira osasun langile eta herritarrak, elkarri babesa adieraztera. KIKO HUESCA / EFE.
Madril
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Lorenza Granizok esaldi berarekin erantzuten du beti bere senideekin bideokonferentziaz hitz egiten duenean: ez duela ezer ikusten leihotik, «kaleak hutsik» daudela. Ahaztu egiten bazaio ere, 95 urte betetzear dago, eta etxera itzuli da alabarekin, bera bizi zen Madril hegoaldeko zahar etxeak adineko guztiak berrogeialdian jarri behar izan zituelako COVID-19a zabal ez zedin. Koronabirus kasu gehien duten Espainiako erkidegoen zerrenda beltzean lehena da Madril: 24.000 kasu baino gehiago ditu, eta3.400 hildako, 70 urtetik gorakoak gehienak.

Otsailaren amaieratik epidemiaren gune nagusia izan arren, eskolak eta ostalaritza guneak itxi ondoren, alerta egoerarekin batera, berrogeialdiarekin lotutako neurri zorrotzenak heldu ziren Madrilgo Erkidegora. Hiriburuko toki esanguratsuenek ezezagunak dirudite turistarik gabe, eta banderak makila erdian daude, epidemiak hildakoen omenez. Taberna eta saltoki guztiak itxita, hiriaren erdigunean armada, etxerik gabeak eta etxez etxe janaria banatzen jarraitzen duten rider-ak soilik dabiltza.

«Nire bulegoan egunero pertsona bat gaixotzen zen», azaldu du telefonoz 55 urteko Luisa Hernandezek. Protokoloei buruzko orriak eta orriak jaso ondoren, berak lan egiten zuen Alcorcongo posta bulegoa ixtea erabaki zuten. Lanaldia murriztu zioten, eta bere lanpostua aldatu egiten zen, egunero bete beharreko hutsuneen arabera. Joan den astearen hasieran gaixotu egin zen, sukarra eta arnasa hartzeko zailtasunak zituen, eta etxean geratu zen: «Loteria tokatzen ez zaidanez, ez nazatela erietxera ere eraman. Ospitaleak beldurra ematen du, ez baitago zainketa intentsiboetarako gunerik, ez norbera babesteko ekipamendurik…»

Bi asteko berrogeialdiaren ondoren, eta kutsatuen kurba oraindik goia jo gabe, erkidegoan eguneroko salaketa eta alarmarako arrazoi bilakatu dira ospitaleen gainkarga, dagoeneko euren muga jo duten zaintza intentsiboetarako unitateetan ohe nahikorik ez izatea, eta babes ekipamendurik nahikorik ez edukitzea. «Ez gara iristen», azaldu du La Paz ospitalean COVID-19ak jota larri dauden gaixoekin lan egiten duen langile batek. «Baldintza batzuk daude; ezin duzu zainketa intentsiboetarako gunean sartu lehendik patologiak zituen 70 urteko pertsona bat, ez da-eta handik irtengo. Zergatik du balio handiagoa bizitza batek besteak baino? Medikuntzako irizpide bat da».

«Kamikazeak gara»

Isabel Diaz Ayusoren erkidegoko gobernuak iragarri du 47,1 milioi euro inbertituko dituelaoinarrizko ekipamenduetan erdiak Txinatik eramango dituzte: besteak beste, arnasa hartzeko gailuak, maskarak eta diagnostikorako ekipamendua. Oraingoz, eta kontsultatutako osasun iturrien arabera, osasun langileak ahalegintzen ari dira «ekipamendua ahalik eta gutxien erabiltzen, aurrerago haren beharra izango dutelako», jarraitu du La Paz erietxeko langileak. «Kamikaze batzuk gara», amaitu du.

«Ospitale guztiak kolapsatuta daude; erizaintzako laugarren mailako ikasleak hasi dira lanean, langileak falta direlako; medikuen artean dagoeneko ez dago espezialitaterik», adierazi du Isabel Yaguek, 23 urteko erizainak. Babes faltak «joan den astean euritako txanodunekin ibili ginen» dena bertan behera uztea aztertzera ere bultzatu zituen osasun langileak, baldintzarik gabe «geure buruaz beste egitea» zelako, jarraitu du Yaguek. Hala ere, «gaixoak dira lehenengo; bakarrik daude, eta sufritzen ari dira; ezin dituzte senideak ikusi, eta arnasa hartzeko arazo larriak dituzte», gehitu du erizainak.

Egoera gailendu izanak kanpainako erietxeak jartzera bultzatu ditu agintariak, eta dagoeneko aztertzen ari dira gaixoak beste erkidego batzuetara eramatea. Ifemako azoka esparrua herrialdeko ospitale handienetako bat bilakatu da, larri ez dauden kasuak artatzeko; bazter guztiak ohez bete ondoren, La Paz erietxeak bere kiroldegia prestatu du gaixo gehiago artatzeko; Leganesen, eta Alcala de Henaresko Asturiasko Printzea ospitaletik metro gutxira azken hori da beteen dauden erietxeetako bat, eta langileen %20 gaixo daude, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak behin-behineko bi osasun instalazio jarri ditu, 200 oherekin. Hilerriak eta ehorztetxeak itxita, gorputegi gisa erabiltzen ari dira Madrilgo Izotz Jauregia eta Auzitegi Medikuen Institutua jartzeko prestatutako eraikina.

Segurtasunik gabe

Pabiloiak ireki ahala, Ifeman 5.000 ohe eta zaintza intentsiboetarako beste 500 ohe egongo dira. Duela astebete inguru prestatu zuten, eta asteburu honetan kritiken jopuntu bilakatu da Ifema, sindikatuen eta osasun langileen salaketen ondorioz. Haien arabera, lana egiteko baldintzak ez dira seguruak; kasu batzuetan, maskarak berrerabili behar izaten dituzte, eta buruan eta oinetanzabor poltsak jarri; eta gaixoen arteko segurtasun tartea ere ez da betetzen. Osasun Kontseilaritzak jakinarazi du aste honetan gaixoak eremu seguruagoetara eramaten aritu direla.

Osasun langileak, zahar etxeetakoak oraindik ere koronabirus probak egin ez dizkietenak, hainbat adinekok positibo eman duten egoitzako laguntzaile batek salatu duenez, eta epidemiak itxitako hiri batean gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko lanean jarraitzen duten guztiak akituta daude. «Gehien harritu nauena da», gehitu du Miguel Acostak, Ifeman boluntario lanetan ari den Madrilgo Erkidegoko suhiltzaile batek, «erizainak eta medikuak txaloka ikustea aurpegian maskarek eta babes pantailek utzitako markak agerian dituztela». Arratsaldero, zortzietan, Madrilek atseden hartzen du minutu batzuez, eta bi hiri horiek, lehen lerroan atsedenik hartzen ez duenak eta etxearen babesean besteari sostengua agertzen dionak, bat egiten dute elkarren ahalegina txalotuz, publikoari balioa aitortuz, baita sufrimenduaren aurkako antidoto gisa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.