Euskaraldirako prestatzen. Elkarrizketa elebidunak

Bizi eta irauteko, ele bitan

Elkarrizketa elebidunak ezohikoak dira, eta deserosoak ere izan daitezke sarri. Hala ere, Pablo Suberbiola soziolinguistak uste du «ate berriak irekitzeko aukera» direla.

Bilboko hiru emakume lehen Euskaraldian, solasean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Euskararen erabilera, hizkuntza ohiturak eta horien zergatiak.Hausnarketa ugari ireki zituen Euskaraldiak orain bi urte. Ariketa kolektibo haren ondareetako bat izan dira elkarrizketa elebidunak: zergatik izan elkarrizketa bat bi hizkuntzatan? Nola eutsi? Zergatik sentitu deseroso bakoitza bere hizkuntzan mintzo bada? Zergatik egin apustu halako solasaldien alde?

Elkarrizketa elebidunak ez dira ohikoak, izatez. Horrela dio Pablo Suberbiola soziolinguistak: «Joera naturala besteak hitz egiten duen hizkuntzan hitz egitea da». Herrialde Katalanetan ohikoagoa dela deritzo: «Katalanezko eta gaztelaniazko elkarrizketa elebidunak ohikoagoak dira. Han ere gazteleraren presioa dago, baina katalanaren aldeko jarrera oso sendoa da». Horrez gain, adar bereko hizkuntza izateak harremana errazten duela azaldu du: «Distantzia txikiagoa da; hurbilagoak dira, eta, beraz, errazagoa da elkar ezagutzea».

Euskal Herriko elkarrizketa elebidunetan, ordea, beste faktore bat ageri da: «Hemen ere badago elkarrizketa elebakarrak izateko joera natural hori. Kontua da euskara hizkuntza gutxitua dela». Hizkuntza gutxitua den heinean, elkarrizketa elebidunak estrategikoak edo «aukera» bat direla iruditzen zaio Suberbiolari: «Euskararen erabileraren auziaz hitz egiten dugunean, gaur egun, elkarrizketa elebidunek ate bat irekitzen dute. Euskara areagotzeko modu bat dira».

Suberbiolak azaldu du «mila motibo» daudela espainolera jotzeko, eta, ondorioz, hizkuntza ohiturak eta horiekin lotutako harremanak oso erraz sortzen direla. «Ez dira inoiz hortik mugitzen», ondorioztatu du. Harreman estatiko horietan ezjakintasuna nagusitzen dela uste du: «Ez dugu jakiten bestearen gaitasunak zeintzuk diren, ez dugu jakiten euskaraz dakienik ere». Elkarrizketa elebidunak ez dira naturalak, baina, Suberbiolaren esanetan, askok elkarrizketa horiei esker izaten dute euskararekin lehenengo harremana.

Naturalak ez diren heinean, erabaki kontziente baten ondorioz gertatzen dira: «Hausnartutako jarrera bati esker izaten dira elkarrizketa elebidunak. Euskal Herrian, tratu esplizitu bat ez badago, ez dago ele biko elkarrizketarik, eta gertatzen direnetan, norbaitek ahalegin aktibo hori egiten duelako da», adierazi du argi Suberbiolak.«Guk badakigu hau zergatik eta zertarako egiten ari garen».

Hausnartuta eta adostuta

Pentsatutako erabaki bati esker gertatzen dira halako solasaldiak, baina erabaki hori ez da beti alde bakarrekoa; adostua ere izan daiteke: «Hausnartua euskaraz egiten duenaren aldetik, eta kasu politenetan, adostua ere bai: 'nik ulertzen dizut euskaraz, beraz, zuk egin euskaraz'». Erabaki sinple baina zail horrek hainbat aukera ematen dituela nabarmendu du: «Halako bat nahikoa izan daiteke bi pertsonen artean euskaraz aritzeko, eta horrek ateak zabaltzen dizkio euskaraz erdipurdi moldatzen den horri belarria egiteko, bere euskara freskatzeko eta euskaraz egiten hasteko».

Hala ere, egoera horiek deserosoak izan daitezkeela aitortu du Suberbiolak. Hori saihesteko, bi hiztunen arteko adostasuna behar dela uste du: «Deserosotasuna bi hiztunentzat izan daiteke: euskaraz mintzo denarentzat zein erdaldunarentzat. Baina erosotasuna ere bila daiteke: elkar lagunduz, konplizitate hori bilatuz eta elikatuz».

Garbi du Suberbiolak: «Elkar zaintzea eskatzen du. Argi dago bi kideen arteko konplizitatea behar dela elkarrizketa elebidunak izateko; bestela, ez du funtzionatuko». Funtzionatzen duenetan, «asebeteta» edo pozik senti gaitezkeela azpimarratu du: «Egoera honi berez ez zegoen zerbait atera diogu: ez dugu eskura izan; ez da emana etorri, eta guk geuk egin dugu».

Hala ere, «testuinguru jakin bat behar da», adierazi du argi. «Ez badira sortzen halako aldaketak erraztuko dituen egoerak, hainbat harremanek zaila daukate euskarara pasatzea». Dinamika horiek maila txikiko atmosfera jakin batean edo Euskaraldiaren gisako maila handiagoko egoera berezi batean gerta daitezke. «Euskaraldiak horrelako zerbait planteatzen zuen; txapek sortzen duten testuinguru berezi horri esker, azkenean, sozialki egiten ez den gauza bat egiteko aukera ematen du», zehaztu du. «Txip aldaketarako» aukera aproposa dela uste du Suberbiolak, eta horren eraginez «aldaketa masiboetarako baldintza sozialak» sor daitezkeela.

Aurtengo Euskaraldiari ariguneak gehitu zaizkie ahobizi eta belarriprest figurei. Suberbiolak moldaketa ona dela uste du: «Lehenengoa maila indibidualean planteatu zen, oraingoari ariguneak erantsi zaizkio. Planteamendu berri horren arabera, ibilbide oso luzea egin daiteke». Harreman askorentzat Euskaraldia erronka edo mugarri berezia dela azaldu du:«Oso aukera polita izan daiteke aldaketak abiatzeko, urte osoan lantzen egon zaren gauzei beste kutsu bat emateko txanpa, aukera berezi bat non hainbat harremanek buelta eman dezaketen».

Kritikak arindu

Malgutasuna: horixe behar da giltzarri diren elkarrizketa elebidunak izateko. «Euskaraz egiteko bide berriak sortu nahi baditugu, arautze edo kritikatze hori erlaxatu egin behar da», adierazi du Suberbiolak. Hizkera «erregulatzea» edo «malgutzea» premiazko ikusten du: «Euskaraz ondo moldatzen garenok adi egon behar dugu, eta malgutasunez jokatu behar dugu, egoera berrietara moldatzeko».

Izan ere, gogora ekarri du hiztun askok ez daukatela euskara erabiltzeko aukera «erosorik». «Horietako askok euskara ezkutatzen dute, dakiten apurra erakutsi baino, nahiago dute ez hitz egin». Hori ez gertatzeko, hiztun horiei euskarak «konpentsatu» egin behar diela iruditzen zaio Suberbiolari: «Euskara jakin arren, erabiltzeak konpentsatu egin behar ditu, eta horretarako, euskaraz mintzatzen garenok malgutasunez jokatu eta haiengana egokitzen ikasi behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.