«Ahaztuen artean ahaztuak»

ETAren indarkeria pairatutako PSE-EEko emakumeen bizipen eta testigantzak jaso dituzte liburu batean. Idoia Mendia: «Sozialistoi ezin digu inork tinkotasun irakaspenik eman»

Ezkerretik, Sara Hidalgo, Idoia Mendia eta Angel Comonte, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Hutsune bat» betetzea: egileen arabera, horixe egin nahi izan dute liburu honekin. Euskal Herriko historiaren azken hamarkadetako gatazkaren inguruko ikerketa, liburu, dokumental eta abarren jarioak ez du etenik, baina Sara Hidalgo eta Angel Comonte historialariek pentsatzen zuten emakumeen ahotsa ez zegoela behar bezala jasota, eta gabezia hori neurri batean konpondu nahi izan dute liburu honekin: Resistencia socialista en femenino (Erresistentzia sozialista femeninoan, Ramon Rubial fundazioa 2020). «Ahaztuen artean ahaztuak», Ramon Rubial fundazioko presidente Eider Gardiazabalek esan duenez.

Emakume multzo zehatz bat hartu dute Hidalgok eta Comontek aztergai: PSE-EEko emakumeak, alderdiko kideak zein familia loturak edo beste edozein arrazoi zela medio alderdi horretatik gertu egondakoak. ETAren indarkeria eta PSEko emakumeak trantsiziotik 2011ra da liburuaren azpititulua, eta egia da aro horrek eta ETAk denbora tarte horretan izandako jarduerak hartzen dutela liburuaren atal nagusia, baina frankismoaren jazarpena eta horren kontra Alderdi Sozialistako emakumeek jarritako erresistentzia ere aztertzen dira liburuan.

Ikerketa egiteko, egileek elkarrizketak egin dituzte liburuan aipatzen diren zenbait emakumerekin, baina, horretaz gain, agiri eta dokumentazio ugari ere aztertu dute. Liburuaren azken atalean, azterketa herrialdeka egiten dute: Bizkaian, Maite Torranoren hilketak Portugaleteko Herriko Etxearen kontra molotov koktelekin egindako erasoan hil zen eta Portugaleteko alkateorde izandako Esther Cabezudoren kontrako atentatuak utzitako aztarnak nabarmentzen dituzte; Gipuzkoari dagokionez, zenbait herri txikitako giroaren berri ematen dute, eta Arabako atalean, berriz, Fernando Buesaren alaba Sara Buesaren ahotsa gailentzen da.

Kontakizuna eta «egia»

Liburuaren aurkezpenean, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak esan du ez duela gogoko «kontakizunaz» edo «kontakizunaren batailaz» aritzea, etakontzeptu horri beste bat kontrajarri nahi izan dio: egiarena, alegia. «Egin behar dena da egia kontatzea, gertatutakoa, nolakoak izan ziren gure bizitzak eta ETAren terroreari aurre egin behar izan zioten emakume haienak», azaldu du.

Mendiak ez du aukera galdu nahi izan PSOE Espainian jasotzen ari den kritika zaparradari erantzuteko, estatuaren aurrekontuen ingurumarian EH Bildurekin negoziatu eta koalizioaren diputatuen botoak lortzeagatik. Esan du akusazio horiek «sumindu» egiten dutela:«Guri ez digu inork esan behar zer izan zen terrorismoa eta askatasun gabezia. Ezin digu inork tinkotasun irakaspenik eman».

Mendiak erantsi du PSOEk ez diola uko egingo «politika» egiteari. «Hain zuzen ere, horixe nahi zuten jarduera politikotik egotzi nahi gintuztenek. Hiltzen gintuztenean ere, inoiz ez genion uko egin politika egiteari, eta oraingoan ere ez dugu egingo, hamar urte igaro direnean ETA garaitu genuenetik. Politika egiteari uztea haiei arrazoia ematea litzateke», esan du.

PSE-EEko emakumeek urterik zailenetan izandako jarrera goraipatu du Mendiak: «Emakume horiek oztopo bikoitza gainditu behar izan zuten. Alde batetik, emakume izateagatik; eta, beste aldetik, PSErekin konprometitu zirelako, garai hartan nagusi zen nazionalismoarentzat alderdirik deserosoena zenarekin, alegia».

Hidalgoren eta Comonteren liburua goraipatu du, bere aburuz, «historia» kontatzeaz gain «intrahistoria» edo hura bizitzea egokitu zitzaien pertsona arrunten istorioak ere kontatzen direlako. «Beste aldera begiratu ez zutenen historia dago hemen bildurik», esan du, eta emakume horien bi ezaugarri nabarmendu ditu: «printzipio irmoak» izatea eta «sufrimendua pairatzeko gaitasuna».

«Nahigabeturik» agertu da gazte askok ez dakitelako aurreko hamarkadetan gertatutakoaren berri, baina erantsi du indarkeria pairatu zuten familietako seme-alabek badakitela «ETA zer izan zen».

Gardiazabal, «harro»

Ramon Rubial fundazioak sustatu du ikerketa eta liburuaren argitaratzea, eta fundazioko presidente Eider Gardiazabalek parte hartu du liburuaren aurkezpenean, bideo baten bidez izan bada ere Europako Parlamentuko kidea ere bada Gardiazabal. «Harro» agertu da sozialistek azken hamarkadetan egindakoaz, eta esan du liburua irakurtzean «sentsazio kontrajarriak» izan dituela: «Alde batetik, oso identifikatuta sentitu naiz han kontatzen diren istorioekin, nire bizipenak ere izan direlako, baina, aldi berean, sinestezina begitantzen zait hori guztia gertatu izana».

Gardiazabalek uste du horrelako liburuak beharrezkoak direla «gertatutakoa berriro jazo ez dadin», eta «iragana ez ahazteko» deia ere egin du: «Egin behar genuena egin genuen, familia, lagunak eta bizia bera ere sakrifikatu behar izan genituen arren».

Sara Hidalgo eta Angel Comonte historialariek azaldu dituzte lanaren nondik norakoak. Hidalgoren arabera, asmoa izan da «emakume horien bizipenetan murgiltzea». Gogora ekarri du «kartzelatik eta borroka politikotik, baina baita etxeko laratzetik ere» frankismoari aurre egin zioten emakume horien eskarmentua: «Totalitarismoaren jazarpena pairatu zuten, baina totalitarismo hori amaitu zen, eta beste bat etorri zen, ETArena».

Antzeko mezua eman du Angel Comontek: ETAren jarduera eta 70eko hamarraldiko eskuin muturrarena parekatu ditu, eta «euskal politikaren esparru batzuetan» egiten den «historiaren zuritzea» deitoratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.