Dublinek barkamena eskatu die Elizaren abusuak jaso zituzten haur eta emakumeei

Micheal Martin lehen ministroak eskatu du. Elizaren menpeko hemezortzi harrera etxetan, 76 urtean, 9.000 adingabe hil zirela dioen ikerketa baten berri eman dute

Tuam (Irlanda) herriko komentu bat. Ia 800 haurren gorpuzkiak topatu zituzten bertan, 2014an. JULIEN BEHAL / HANDOUT.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Eliza katolikoak emakumeei eta adingabeei egindako abusuak sistematikoak eta ezkutukoak izan zirela berresten duen ikerketa bat ezagutarazi zuten atzo Irlandan, eta bertan jasotakoengatik barkamena eskatu zuen, atzo bertan, Micheal Martin lehen ministroak. «Emakume ezkongabeei eta haurrei» zuzendu zitzaien, eta estatuko instituzioek nahiz erakunde erlijiosoek iragan mendeko zati handi batean «abusu ikaragarria» egin zizkietela adierazi zuen. Halakoak «sexualitatearekiko eta kontu intimoekiko jarrera makurra» zuen gizarte batean gertatu zirela gaineratu zuen.

Mother and Baby Homes Commision of Investigation (Amen eta Haurren Etxeen inguruko Ikerketa Batzordea) erakundeak osatutako ikerketa lanari erantzunez egin zituen adierazpenok Martinek. Elizaren gehiegikerien inguruan azken urteetan egindako lanik osatuena da erakunde horrek ondutakoa. Baita zirrara handiena eragin duenetako bat ere. 1922 eta 1998 urteen artean elizak kudeatutako hemezortzi instituziotan 9.000 adingabe hil zirela jaso dute. Ikerketa batzordeak 3.000 orriko txosten bat osatu du, eta, erakunde erlijiosoek kudeatutako harrera etxeetan sortzen ziren indarkeriazko egoerak xehatzeaz gain, halakoak baimentzen zituen gizartearen nahiz instituzioen kritika ere egin du.

Irlandako Errepublikako Gobernuak atzo jarri zuen irakurgai txostena, baina aurrez filtratua zuen edukiaren zati bat Sunday Independent egunkariak, igandean. Filtrazio horrengatik barkamena eskatu zien gobernuak txostenean jasotako gertakariak pairatu zituztenei, eta, era berean, ikerketa publiko egin aurretik haien esku uzteko zina egin zien.

Adingabeei eta emakume ezkongabeei nahiz alargunei aterpe ematen zieten ikerketan aztertutako instituzioek, eta, estatuaren eskumenekoak baziren ere, Elizak kudeatzen zituen. XX. mendearen zati handi batean erabilgarri izan ziren, eta 1998an itxi zuten zerbitzu hori ematen zuen azkena. Ikerketak agerian utzi ditu halako lekuetan jaiotako haurrek jasaten zituzten bizi baldintza kaxkarrak eta utzikeria. Desnutrizioa eta gaixotasunak ohikoak zirela dio, eta, horren ondorioz, heriotza tasa oso handia zela. 1945 eta 1946 urteetan, esaterako, ama ezkongabeen haur jaioberrien heriotza tasa Irlandako batez bestekoaren ia bikoitza zen.

Heriotza kopuru altuaren arrazoietako bat haurdun zeuden emakumeen egoera zela uste du ikerketa batzordeak. Emakume gehienak «txiroak»zirela dio, eta «haurdunaldian beharrezko elikagaiak falta izan zituztela». Elizaren menpeko etxeetara jotzen zuten emakume askok haurdun geratu izanak behartuta egiten zuten, ikerketaren arabera. Haurraren aitak nahiz familiak baztertutako emakumeak izan ohi ziren, inolako baliabiderik ez zutenak. Etxe horiek kudeatzen zituztenak haientzat «figura autoritarioak» zirela nabarmentzen du txostenak, eta emakumeenganako tratua «krudela» zela. Sarritan, haurrak adopzioan ematera behartuta zeuden.

Sexu indarkeriaren eta indarkeria fisikoaren ebidentziarik ez dute jaso txostenean, baina, aldiz, emakumeek eta haurrek jasandako «abusu emozionalak» ohikoak zirela zehaztu dute. Kasu batzuetan, emakumeak lan ez ordainduak egitera behartzen zituztela ere ikusi dute. Denera, 56.000 emakume eta 57.000 ume bizi izan ziren Elizak kudeatutako bizilekuetan aztertutako denbora tartean, batzordeak zehaztu duenez; baina, hala ere, ikerlariek adierazi dute kasuak askoz gehiago izan litezkeela, batzordeak ikertu ez dituen harrera etxeak aintzat hartuta.

Erakunde erlijiosoek duten informaziora iristeko zailtasuna izan dute ikerketa egiteko traba nagusia, ikerlariek txostenean nabarmendu dutenez. Adopzioan hartutakoei euren iraganari buruzko informazioa eskuratzea eragozten diete erakunde horiek, eta, hortaz, Elizak kudeatutako bizilekuetan hazitako askok ez dute haien jatorria ezagutzen.

2014a, mugarri

Bost urtetako lan baten emaitza da atzo ezagutarazitako txostena, eta 2014an du jatorria. Urte hartan, Catherine Corless historialariak Tuam herriko Bon Secours mojen etxea bizileku zuten ia 800 haurren heriotza agiriak aurkitu zituen, baina, aldiz, soilik haietako biren lurperatze agiriak. Komentuaren lurretan egindako indusketa lanen ostean jakin zen gainerakoekin zer gertatu zen. Ehunka gorpuzki topatu zituzten lurpean.

Elizaren babespean Irlandan egindako gehiegikeriak azaleratzeko mugarria izan zen Tuamen gertatutakoa, eta urrats handia herrialde horretako auzi opakoenetako bat ikertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.