Prezioak %0,5 jaitsi ziren iaz Hegoaldean, baina elikagaiak garestitu egin ziren

Erregaiak, turismo zerbitzuak eta komunikabideak merkatu zituen COVID-19ak. Inflazio negatiboak langile gehienen eta pentsiodunen erosteko ahalmena handitu du

Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Inflazioak negatiboan amaitu zuen iaz Hego Euskal Herrian(-0,5), produktu eta zerbitzu gehienen prezioek behera egin zutelako amaitu berri den urtean. Baina bada salbuespen garrantzitsu bat, kontsumitzaileentzat funtsezkoa den arlo bat: elikadura. Janarien eta alkoholik gabeko edarien prezioak izan dira, hain justu, igo diren produktu bakarrenetarikoak eta, horien artean, gehien garestitu direnak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %1,8 egin dute gora, eta Nafarroan, %1,5.

COVID-19aren eta atzeraldi ekonomikoaren eragina oso nabaria izan da prezioen bilakaeran ere. Mugikortasunaren debekuak eta mugek ekarri dute garraioen arloa izatea 2020. urtean gehien merkatu zena: %4,1 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5, berriz, Nafarroan.

Inflazioaren kalkuluan pisu handia du garraioaren atalak, eta horren barruan erregaien prezioak, herritar askoren hileroko fakturan pisu handia duen atala baita. Erregaiek eragin dute, hain zuzen ere, garraio atala merkatzea. Gasolinaren, gasolioaren eta beste erregaien prezioa amildu egin zen pandemiaren hasieran, Saudi Arabiak Errusiarekin zuen borrokaren ondorioz, ekoizpena ez baitzen eskaria bezainbeste jaitsi. Bakea sinatu zuten Riadek eta Moskuk, baina ordurako kontsumoa hondoratuta zegoen, eta oso poliki baizik ez da handitu. Ondorioz, aurtengo abenduan erregaiak iaz baino %13,8 merkeagoak ziren Nafarroan, eta %11,1 beste hiru lurraldeetan.

Horrek eragin nabaria izan du beste sektore batzuetan ere. Komunikazioetan eta aisialdiarekin eta kulturarekin loturiko jardueren prezioetan, %4 eta %2,2 jaitsi dira, hurrenez hurren, lau lurraldeetan.

Urte hasieran eztabaida iturri bihurtu da etxeko energien prezioak garestitu izana, eta bereziki gasa eta argindarra. Gasaren prezioa izugarri igo da azken asteetani, baina 2020 osoan beheranzko joera nabarmena izan du, eta urtea %11,8ko merkatzearekin amaitu zuen Espainian —INEk ez du atal zehatz horretako daturik ematen Hegoalderako—. Argindarra ere 2019an baino merkeagoa izan da urte osoan zehar, eta %20 merkeagoa izatera iritsi zen apirilean, eskaria askoz txikiagoa izan zelako eta zati handi bat energia berriztagarri merkeekin betetzeko modua izan zelako. Abenduan, ordea, joera aldatu du, eta %5,9ko garestitzearekin amaitu. Urtea %30eko garestitzearekin hasi du aargindarrak, baina azken hiru egunotan merkatu egin da: gaur atzo baino %13,6 gutxiago ordainduko dute tarifa arautua dutenek —bitik batek—.

Erosteko ahalmena, gora

Inflazio negatiboak badu aldearriskutsu bat, luzaroan iraunez gero deflazioa eragin dezakeelako, eta harekin batera bere burua elikatzen duen atzeraldi bat. Baina alde positibo bat ere badu: herritarren poltsikoak polikiago husten ditu. Horrela, 2020an erosteko ahalmena irabazi dute soldatei edo beste sariei eusteko gai izan direnek. Adibide gisa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden lan hitzarmenek %1,82ko soldata igoera finkatuta dute —Lan Harremanen Kontseiluaren azken datua—, eta %1,98 aurten sinatutakoek. Langile publikoei %2 handitu zieten soldata 2020ko urtarrilean, eta %0,9, berriz, pentsioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.