Ohiko orbana utzi du urtarrilak: 10.925 enplegu gutxiago, eta 2.578 langabe gehiago

Emakumeen artean handitu egin da langabezia, Gabonetarako espresuki egindako kontratuak amaituta. Aldi baterako erregulazioetan ia 40.000 langile daude

Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Urte hasiera txarra izan ohi da lan merkatuarentzat, eta 2021a ez da salbuespena izan. Urtarrilero bezala, aurtengoan ere gora egin du langabeziak Hego Euskal Herrian. SEPEren datuen arabera, hilaren amaieran 172.455 langabe zeuden erregistratuta enplegu bulegoetan: hilabete lehenago baino 2.578 gehiago.

Igoera handia den arren, 2000. urteaz geroztik hemezortzi urtetan handitu da gehiago langabe kopurua. Esaterako, 2012an 13.700 langabe gehiago erregistratu ziren hilabete horretan. Salbuespen bakarrak 2018. eta 2019. urteak dira, 1.700 eta 1.800 arteko igoerak izan baitziren. Iaz, oraindik koronabirusaren lehen eraginak iritsi ez zirenean, urtarrilak 4.161 langabe gehiago batu zituen.

LANGABEZIA
Nafarroan, %23 handiagoa


Duela urtebete baino 20.934 langabe gehiago daude orain, SEPEren arabera. Horietatik %56 dira emakumeak, eta %44, berriz, gizonak. Ehuneko horiek ez dute aldaketa handirik izan 2020. urteaz geroztik, baina bai, ordea, azken hilean. Izan ere, abendutik urtarrilera 2.886 emakume gehiago erregistratu dira langabe gisa; gizonen artean, berriz, 208 gutxiago. Gabonetako kanpainarako zerbitzuetan kontratatutakoak dira orain enplegua galdu dutenetako asko, eta horien artean emakumeak dira gehienak. Horrela, zerbitzuen sektoreak 2.910 langabe gehiago ditu orain. Industrian, berriz, 435 langabe gutxiago daude, eta eraikuntzan, 115 langabe gutxiago; batean zein bestean, gizonak dira nagusi.

Horrenbestez, emakumeen %14,9 daude lanik gabe orain, eta gizonen %11. Batezbesteko horiek 1,6 puntu handitu dira azken urtean, sexu batean zein bestean.

Lurraldeei erreparatuta, oso nabarmena da azkenaldian daturik txarrenak Nafarroak eman dituela. Bitxia ere bada, lurralde horretan besteetan baino gutxiago jaitsi baitzen barne produktu gordina:%8,3 Nafarroan, eta %9,5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Edonola ere, azken urtean langabe kopuruak %23,2 egin du gora lurralde hartan, beste hiru lurraldeetan baino gehiago: +%14 Araban, +%12,5 Gipuzkoan, eta +%9,6 Bizkaian. Biztanleria aktiboaren inkestan ere, Nafarroak eman zituen daturik kaskarrenak.

ENPLEGU ERREGULAZIOAK
Hamar mila gutxiago


Langabeen kopurua handiagoa zatekeen baldin eta aldi baterako erregulazioak ez balira ugaritu. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, urtarrilaren amaieran 39.882 lagun daude aldi baterako langabezian edo lanaldi murriztuarekin. Abenduaren amaieran baino ia 10.000 gutxiago dira.

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek apirilean jo zuten goia, 230.000 langile izan baitziren egoera horretan konfinamenduaren asterik gogorrenetan. Ondoren, hilabetez hilabete kopurua gutxituz joan zen, jarduera ekonomikoa berriro zabaldu ahala. Urrian, 25.000 besterik ez ziren, baina, orduan, goranzko joera hartu zuen berriro, batez ere ostalaritzaren eskutik, debekuek haren jarduera asko mugatu zutenean.

GIZARTE SEGURANTZA
21.600 afiliatu gutxiago


Urtarrilean ohikoa izaten den beste mugimendu bat da milaka afiliatu galtzen dituela Gizarte Segurantzak. 2021eko urtarrila ez da salbuespena izan, eta apaltze handia izan da kotizatzaile kopuruan: abenduan baino 10.925 gutxiago dira. Beherakada handia da hori ere, baina azken urteetako batezbestekotik behera dago, agian aurten kontratazio gutxiago izan direlako Gabonetarako. Iaz, esaterako, 13.500 lanpostu desagerrarazi zituen urtarrilak.

Urte batean 21.593 kotizatzaile galdu ditu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian. Ia guztiak erregimen orokorreko langileak izan dira (-20.136), tartean etxeko langileen atalekoak (-1.821), baina autonomoetan ere izan da jaitsiera (-1.393).

KONTRATAZIOA
%91,6, aldi baterakoak


Ez jaitsierarik, ez igoerarik; ez da aldaketarik Hego Euskal Herrian egiten diren kontratuen izaeran. Iazko urtarrilean egindakoen %91,3 izan ziren aldi baterakoak, eta %91,6 izan dira aurten.

LANGABEZIA SARIA
22.459, autonomoentzat


Abendukoak dira azken datuak, eta, horien arabera, 48.824 lagunek jaso zuten langabezia sari arrunta, eta beste 29.741ek, berriz, subsidioa. Horiei batu dakieke autonomoen langabezia sari berezia jasotzen dutenak: urtarrilean 22.459 izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.