Afganistango egungo egoeraren erantzule egin ditu Ghanik nazioarteko tropak

Estatuburuak hitzeman du «egoera kontrolpean» izango duela sei hilabetean. Azken egunetan borrokak gogortu egin dira Lashkar Gahn, Kandaharren eta Heraten

Afganistango soldadu bat Herat kanpoaldeko kontrolgune batean. JALIL REZAYEE / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Talibanek eremua irabazten jarraitzen dute Afganistanen, eta azken egunetan gogortu egin dira borrokak hiru probintzietako hiriburuetan: Lashkar Gahn, Heraten eta Kandaharren. Milaka zibilek ihes egin dute hiru hirietatik, miliziak gerturatu ahala. Hirietan geratu direnek, berriz, elikagaiak eta botikak eskuratzeko zailtasunak dituztela salatu dute. MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak jakinarazi duenez, tiroketak eta bonbardaketak etengabeak dira biztanle askoko eremuetan, eta ezinezko bilakatu da zaurituak artatzea. Horiek hala, eta nazioartearen presioei erantzunez, «segurtasun plan bat» iragarri zuen atzo Ashraf Ghani presidenteak, baina xehetasun gehiagorik argitu gabe. Parlamentuaren aurrean egindako agerraldian, estatuburuak aurreratu zuen sei hilabetean «kontrolpean» izango duela herrialdea, eta nazioarteko indarren «bat-bateko» erretiratzea egin zuen egungo egoeraren erantzule.

Aurreragoko segurtasun asmoen berri zehatzik eman ez arren, estatuburuak nabarmendu zuen AEBetako indarren laguntza izango duela datozen aste eta hilabeteetan, talibanak kanporatzeko. Miliziek, ordea, entzungor egin zieten haren oharrei, eta komunikatu bat plazaratu zuten esanez estatuburuaren denbora «amaitua» dela: «Herriak erabaki du garaia dela traidoreak auzipetu eta justiziaren aurreraeramateko. Gerra deklarazioek, akusazioek eta gezurrezko informazioek ez dute lortuko Ghanik bere bizitza luzatzea».

Kabul hiriburua eta haren inguruak oraindik ere Afganistango armadaren kontrolpean badaude ere, ez da gauza bera gertatzen gainontzeko hiri nagusietan. Azken egunotako borrokak aintzat harturik, askok uste dute Helmand probintziako hiriburua, Lashkar Gah, izango dela milizien esku erortzen lehena. Probintzia hura borroka gogorren lekuko izan da azken hogei urteotan. Hantxe dituzte talibanek opioa ekoizteko baliatzen dituzten mitxoleta sororik handienak ere. Adituek ohartarazi dute, Lashkar Gah galtzea kolpe estrategiko eta psikologiko gogorra litzatekeela gobernuarentzat, zeinak probintzietako hiriburuak defendatzearen aldeko apustua egin duen, nahiz eta trukean nekazaritza eremuak galdu.

Talibanek setiopean dituzten beste hirietako bat da Kandahar; Kabulen ostean, Afganistanen biztanle gehien dituzten hirietan bigarrena, eta milizien gotorleku nagusia izandakoa. Herenegun, talibanekaireportuari eraso zioten, eta, militarrek erasoaldia gelditzea lortu zuten arren, arduradunek hainbat orduz eten behar izan zituzten hegaldiak. Aireportua gune estrategikoa da gobernuarentzat; izan ere, handik sartzen dira nazioartetik bidalitako baliabideak, eta hura gabe bakartuta geratuko lirateke talibanen aurrean.

Mendebaldean, berriz, Herat da borrokagune nagusia. Han, milaka dira hiria babestera bidalitako tropak. Hiri nagusi horietako bakar bat talibanen esku erortzea ez litzateke soilik Ghaniren porrota, baita AEBena ere, haien erretiratzeak ahalbidetutako mugimendua izango bailitzateke.

Errefuxiatu estatusa

AEBek iragarri dute errefuxiatu estatusa emango diela herrialdeko agentzientzat lan egin duten kazetari afganiarrei eta giza laguntzaileei, baita Washingtonen funtsak jasotzen dituzten erakundeetako kideei ere. Baina estatusa eskatu nahi dutenek oztopo handi bat gainditu beharko dute; izan ere, baldintzetako bat da Afganistandik irten beharko dutela, eta beste herrialde batean egon, prozedura osoa bete arte, hau da, 12 eta 14 hilabete artean. Gaur-gaurkoz, Etxe Zuriak ez du inolako asmorik iragarri denbora tarte horretan asilo eskatzaileei babes berezirik emateko.

Bien bitartean, Washingtonek eta Londresek gerra krimenak egitea egotzi diete talibanei, duela hilabete menpean hartutako Spin Boldak herrian, Pakistango mugan. Sare sozialen bidez zabaldutako salaketak jasotzen duenez, miliziek «dozenaka zibil» hil dituzte, mendekuz. Bi herrialdeetako enbaxadek hilketa horiek ikertzeko eskatu dute. Afganistango Giza Eskubideen Batzorde Independenteak zabaldutako informazioaren arabera, herriaren kontrola bereganatu ostean, miliziek gobernuko ordezkariak identifikatu eta hil zituzten; 40 pertsona inguru, guztira.

Afganistango gatazkak kezka zabaldu du Asia erdialdeko beste herrialdeetan, batez ere mugakide dituenen artean. Horiek hala, Tajikistanek eta Uzbekistanek iragarri dute ariketa militarrak egingo dituztela mugan. Ariketa horietan parte hartuko du Errusiako armadak ere. Orotara, 1.500 soldadu inguruk hartuko dute parte ariketa horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.