Makina-erreminta hazi egin da berriro: ekoizpena %15,4 handitu du iaz

Sektoreak 1.528 milioiren salmentak egin zituen 2021ean. Aurten datuak hobetzea espero du, eskaera zorro onari esker. Ekainaren 13tik 17ra egingo dute biurteko azoka

Makina-erreminta hazi egin da berriro: ekoizpena %15,4 handitu du iaz.
aitor biain
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
AFM makina-erremintako patronala pozik dago 2021. urteak utzi dituen emaitzekin. Zailtasunak zailtasun, iazkoa «urte ona» izan dela azpimarratu du Xabier Ortueta klusterreko zuzendari nagusiak. Sektorearen fakturazioa %15,4 handitu da, eta pandemian galdutakoaren zati handi bat berreskuratu du: «Jauzi nabarmena ikusi dugu pandemiaren lehen sei hilabeteetan bizitako bat-bateko beheraldiaren ondoren».

Makina-erreminta oinarrizko sektorea da euskal industriarentzat, eta pandemiaren gordinenean lurrikara handi bati aurre egin behar izan zion. Autogintzaren geldialdiak aurrena eta COVID-19aren krisiak ondoren, ataka larrian utzi zuen sektorea, ia eskaririk gabe geratzeraino. Ari da suspertzen, edonola ere, eta iazko emaitzak dira horren erakusgarri.

Sektoreak 1.528 milioi euroren salmentak izan ditu 2021ean, eta horietatik 1.204,38 milioi esportazioak izan dira. Hain zuzen, kanpoko salmenta horiei esker hazi da hainbeste: %19,72 egin dute gora. Hauek dira euskal enpresen produktu gehien jaso dituzten herrialdeak: AEBak (%10,6), Txina (%9,8), Alemania (%9,7), Italia (%8,5), Frantzia (% 5,8), India (%5,5), Turkia (%5,1), Mexiko (%4,3), Portugal (%3,9), eta Erresuma Batua (%2,9).

Azpisektoreka, ordea, badira aldeak. Hau da, susperraldia ez da berdin antzeman enpresa guztietan. Esaterako, harroketa makineriarekin aritzen diren enpresek %19,82 handitu dituzte salmentak, 670,27 milioi euroraino, eta pandemia aurreko datuak gainditu dituzte. Bereziki, fresaketa sektorearen datu onak azpimarratu ditu patronalak, liderra bilakatu baita, nola teknologian hala merkatu kuotan

Aldiz, deformazioan aritzen diren enpresen fakturazioa % 3,53 apaldu da, eskaera kopurua hobetu duten arren. Autogintza eta aeronautika guztiz lehengoratu ez izanak moteldu du susperraldia, Ortuetak azaldu duenez.

Ziurgabetasuna atzerrian

Mundu zabaleko merkatuetan zalantza eta ziurgabetasun handiak daude oraindik ere, eta, AFMk ohartarazi duenez, horrek sektorearen bilakaeran eragin dezake. Ukrainako krisi geopolitikoa, zenbait osagai falta, eta energiaren eta garraio kostuen garestitzeak aipatu ditu horien artean. «Orain, jarduerari eta marjinei eutsi behar diegu, berrikuntzan eta digitalizazioan inbertitzen jarraitu ahal izateko, testuinguru nahasi eta inflazionista batean: hori da gure erronka nagusia», iragarri du Cesar Garbalena AFMko presidenteak.

Euskal Herriko eta Espainiako merkatuei dagokionez, berriz, galdutakoaren zati bat berreskuratu bada ere, patronalak aitortu du oraindik bere ahalmen osotik «urrun» daudela. Halere, baikor azaldu da aurreikuspenei begira, eta uste du zenbait alorretan pandemia aurreko emaitzak ere hobetuko dituela. Izan ere, sektoreak nabarmen handitu du eskaera zorroa iazko urtearen amaieran: % 29,42 handitu da 2019ko datuekin alderatuz gero, eta %69,20 «ezohiko» 2020 urtearen aldean. Uste dute aurten ere joera horri eutsiko diotela.

Biurtekoaren zain

Barne merkatua suspertzeko itxaropen guztiak makina-erremintaren biurtekoan ditu jarriak sektoreak. Ekainaren 13tik 17ra egingo dute, Barakaldoko BECen (Bizkaia). 2020an ziren egitekoa, baina, pandemiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten azkenean. Aurten berreskuratuko dute. «BECeko eta AFMko talde bateratua lanean ari da BIEMH 2022 azoka industria berriz biltzeko gunea izan dadin», adierazi du Ortuetak: «Erakusleiho bikaina dugu salmentei bultzada emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.