Albistea entzun

Gerra Ukrainan

AEBen babesa duela erakutsi nahi izan dio Bidenek Zelenskiri, Kievera joanda

AEBetako presidenteak Ukrainakoari esan dio ematen ari zaion laguntza «irmoa» dela. Washingtonek Txinari egotzi dio Errusiari armak emateko aukera aztergai izatea
PRESIDENT OF UKRAINE VOLODYMYR Z / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko otsailak 21

Keinu bat egin nahi izan diote AEBek Ukrainari, Errusiaren inbasioa hasi zenetik urtebete beteko denean ostiralean. Joe Biden Etxe Zuriko maizterra Kievera joan zen, atzo, erakusteko Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari Washington ematen ari zaion laguntza militarra, ekonomiko eta humanitarioa «irmoa» dela, «aurrekaririk gabekoa», eta horri eutsiko diola aurrerantzean ere. AEBen babes keinua heldu da, hain justu, Vladimir Putin Errusiako presidentea efemeridearen harira hango parlamentuan mintzatu bezperan.

Bidenen arabera, AEBek arma gehiago emango dizkiote Ukrainari: besteak beste, munizioa, radarrak eta aireko defentsa sistemak. Iazko otsailaren 24az geroztik, Washingtonek 30.000 milioi euro inguru gastatu ditu Ukraina militarki laguntzen. AEBetako presidenteak eta Ukrainakoak agerraldi bateratua egin zuten bileraren ondoren, eta Bidenek iragarri zuen 470 milioi euroko laguntza militarra bidaliko diola Kievi. Zelenskik, berriz, nabarmendu zuen Bidenek egindakoa «babes keinu oso garrantzitsua» dela. Biak iazko abendu amaieran bildu ziren Washingtonen, eta aurrenekoz batzartu dira Kieven.

Etxe Zuriko maizterrak bisita ofiziala egingo du gaur eta bihar, Poloniara —besteak beste, Andrzej Duda hango presidentearekin hitz egitekoa da— baina Kievera egindako bidaia ez zegoen iragarrita; ematen zuen, hortaz, ezustean joan zela Ukrainako hiriburura. Atzo, Etxe Zuriko iturriek zehaztu zuten, ordea, hilabeteak zeramatzatela bidaia planifikatzen, eta Errusiako Gobernuari Washingtondik aireratu baino ordu batzuk lehenago jakinarazi ziotela.

Putini berari buruz ere mintzatu ziren atzoko bileran. Bidenen esanetan, Kremlineko burua «guztiz oker» zebilen Ukraina inbaditzea erabaki zuenean. «Uste zuen ez ginela gai izango bat eginda egoteko, NATO ez genuela bat eginda mantenduko, eta ez ginela gai izango beste batzuk Ukrainaren alboan jartzeko. Ez dut uste gaur berdin pentsatuko duenik».

Txinaren errieta AEBei

Washingtonek agindutako laguntzaren harira, Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburua azpimarratzen ari da azken egunetan Ukrainari eman beharreko babes militarra azkartu beharko luketela talde komunitarioko herrialdeek, argudiatuta Errusia erasoaldi bat prestatzen ari dela —zenbait iturriren arabera, hasi du jada— eta Kieventzat ezinbestekoa dela horri aurre egin ahal izateko. EBko estatu kideetako Atzerri ministroek laguntza militar hori nola bideratu eztabaidatu zuten atzo Bruselan, eta bilera hasi aurretik Borrellek berriro esan zuen Ukrainari behar duen munizioa ematea dela «urgentziarik handiena» duen auzia. «Horretan porrot egiten badugu, gerraren emaitza arriskuan dago».

Batzuek eta besteek batekoei edo bestekoei emandako laguntza militarrari dagokionez, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak atzo berretsi zuen kezkatuta dagoela Txina pentsatzen ari delako «laguntza hilgarria» ematea Errusiari. Hori adierazi zuen Ankaran, Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroarekin batzartu eta gero. Herenegun, AEBetako NBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean, Blinkenek azaldu zuen Pekinen mahai gainean dagoela Moskuri armak emateko aukera, eta horren berri ematen duten frogak dituela —ez zituen erakutsi—. «Hori arazo handi bat izango litzateke Txinarentzat, eta beste herrialde batzuekin dituen harremanei eragingo lieke», azaldu zuen Blinkenek. Alemaniako Die Welt egunkariari emandako elkarrizketa batean Zelenskik atzo ohartarazi zuenez, «mundu gerra» hasiko litzateke Txinak Errusia militarki laguntzea erabakiz gero.

Txina azkeneko astean esaten ari da, ordea, bake egitasmo bat duela Ukrainako gerra konponbidean jartzeko. Hori jakinarazi zuen larunbatean, Municheko Segurtasun Konferentzian, Wang Yi Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zentraleko buruak. Blinkenek egotzitakoaren harira, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek atzo nabarmendu zuen, prentsa agerraldi batean, AEBak ari direla guda zelaia armaz hornitzen eta ez Txina. «AEBak ez dira egokienak Txinari aginduak emateko, eta ez dugu inoiz onartuko haiek inposatzea nolakoak izan behar duten Txinaren eta Errusiaren arteko harremanek». Berretsi zuen, bide batez, Pekinek «bakea eta elkarrizketa» sustatu nahi dituela Ukrainako gerran.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez, atzo, Moncloan egindako agerraldian. ©BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE

Sanchezek uztailaren 23ra aurreratu ditu Espainiako Gorteetarako bozak

Arantxa Elizegi Egilegor

Espainiako Gobernuko presidenteak bere gain hartu du PSOEk igandeko bozetan izandako emaitza txarren erantzukizuna. Gaurtik, hamar eguneko epea dute alderdiek koalizioak aurkezteko

Maider Etxebarria PSE-EEren Gasteizko alkategaia, kanpainako ekitaldi batean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Ezusteko deiaren eragin posiblea

Iosu Alberdi

Sanchezek Espainiako Gorteetarako bozak aurreratu izanak eragina izan dezake igandeko emaitzen kudeaketan. Ricardo Feliuk, Maria Silvestrek eta Asier Etxenikek egoera aztertu dute.

Segurtasun eremu bat ezarri dute Moskun, drone baten hondakinek kaltetutako etxebizitze bloke baten inguruan ©EFE

Mosku bonbardatzea egotzi dio Errusiak Ukrainari

Igor Susaeta

Kievek ukatu egin du goizaldeko aire erasoaren atzean dagoela, baina «atseginez» hartu du gertatutakoa, eta molde horretako eraso gehiago iragarri ditu. Ukrainako hiriburua hirugarrenez bonbardatu du Errusiak azken 24 orduetan, eta zibil bat hil da.

Yvan Colonnaren aldeko pintada bat, artxiboko irudi batean ©Berria

Colonnaren hilketaren ikerketa batzordeak agintarien «hutsegiteak» eta «ekintzarik eza» salatu ditu

Ander Perez Zala

Diputatuek urte erdiko lanaren ondorioak aurkeztu dituzte, eta 29 gomendio eman dituzte; tartean, DPS estatusaren «beharrezko erreforma». 71 lagun elkarrizketatu dituzte txostena osatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.