Albistea entzun

Gerrikoaren zuloak, neurrira

Zorra BPGaren %60ra mugatu beharko dute 2024tik aurrera EBko kideek. Europako Batzordeak proposatuko du herrialde bakoitzak bere zorra jaisteko plan propio bat egitea
Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko apirilak 26

Kontuak orekatzen hasteko agindua izango dute 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera Europako Batasuneko kideek, baina herrialde bakoitzaren gerrikoak bere zulo propioak izango ditu. Europako Batzordeak gaur aurkeztekoa duen proposamenaren arabera, herrialde zorpetuek beren doikuntza planak negoziatu beharko dituzte Bruselarekin. Horiek bete ezean, isunak ordaindu beharko dituzte. Zigor horiek orain artekoak baino txikiagoak izango dira, horrela ziurtatu nahi dutelako ordainduak izatea.

Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko gai ekonomikoetarako lehendakariordeak eta Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak agerraldia dute gaur eguerdian Bruselan, eta espero da orduan aurkeztea EB Egonkortasun Itunaren erreformarako proposamena. Azken hiru urteetan izoztuta egon da itun hori, EBk erabaki zuelako koronabirusaren krisiari gastu publikoaren bitartez erantzutea, eta politika hedakor hori egiteko traba zelako kontuak derrigor orekatu behar izatea.

Ondorioz, 2022 amaieran hamahiru kidek gainditzen zuten Egonkortasun Itunak finkatutako zorraren gehienezko muga —BPGaren %60—, eta hamazazpik defizitarena —BPGaren %3—. Zenbaki horien arbitrariotasuna auzitan jarri den arren, ez dira aldatuko, baina horietara iristeko bide propioak jarri nahi ditu Batzordeak. Uste denez, lau urteko planak proposatuko ditu, eta horietan zehar mugarri batzuk gainditzea; hau da, ez du balioko doikuntza osoa azken urterako uztea.

Alemania, gogor

Orain arte, teoriak zioen urtero zorraren bosten bat txikitu behar zutela estatukideek, baina arau hori ez zen inoiz betearazi, zorraren krisiaren esperientzia ikusita, Batzordeak berak onartu zuelako gerrikoa hainbeste estutu behar izateak hazkundea itoko zuela eta, ondorioz, zorra txikitu beharrean, handitu egingo zela.

Edonola ere, antzeko bide bati eutsi dio Alemaniako Finantza ministro Christian Lindnerrek: zor handia duten estatu kideek urtean gutxienez puntu bat jaistea beren zor publikoa. Kopururik aipatu gabe, ideia horren aldeko beste ahalegin bat egin zuen atzo Lindnerrek, Financial Times egunkarian argitaratutako artikuluan. Horretan, nabarmendu du «finantza publiko sendoak» derrigorrezko baldintza bat direla hazkundea bermatzeko, eta horregatik eskatu du Egonkortasun ituna «sendotzea, eta ez ahultzea». Horrek eskatuko luke EBko kide guztiek «tratu bera jasotzea», eta ez bakarkako planak. Lindnerren tesiek oraindik badute aukera aurrera egiteko. Izan ere, Batzordearen proposamena baizik ez da, eta Europako Parlamentuak eta batez ere gobernuek izango dute azken hitza.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.