Bidenek «diktadore» deitu dio Xiri, bien arteko harremana onbideratu eta gero

Etxe Zuriko maizterrak esan du Xik ez zekiela AEBetako zeruan Txinaren globo bat zegoenik otsailean. Pekinek egotzi dio adierazpen «zentzugabeak eta arduragabeak» egitea

Xi Jinping eta Joe Biden elkarri bostekoa ematen, iazko azaroan, Indonesian. LI XUEREN / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko tentsio diplomatikoa baretzeko konpromisoa hartu eta biharamunean, JoeBiden Etxe Zuriko maizterrak egindako adierazpenak pitzadura bat eragin du bi potentzien artean. Izan ere, Bidenek «diktadoretzat» jo zuen Txinako presidente Xi Jinping, presidentetzarako kanpainarako dirua biltzeko ekitaldi batean, atzo, Kentfielden (Kalifornia). Pekinen arabera, bien arteko erlazio diplomatikoa «inoiz baino okerrago» dago. Bada, Bidenek hauspoa eman dio txinpartari.

Etxe Zuriko maizterrak esan zuenez, Xi «oso lotsatuta» sentitu zen Txinak ustez espioitzarako erabilitako aerostato bat AEBetako aire eremuan atzeman zutenean —urte hasieran—, Txinako agintariak «ez zekielako» aerostato bat zeruan zegoenik. Haren arabera, Xi «asko haserretu zen» espioitza materialez betetako aerostato bat erorarazi zutenean. «Diktadoreentzat lotsagarria da zerbait gertatu dela ez jakitea», zehaztu zuen. Era berean, erantsi zuen Asiako herrialde hark «benetako zailtasun ekonomikoak» dituela. AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken Pekinen egon zen igandean eta astelehenean, eta adierazi zuen aerostatoaren afera «itxi» egin behar dutela.

Bidenen hitzak ez dituzte batere ongi hartu Pekinen. Txinako Atzerri Ministerioko eledun Mao Ningek atzo esan zuen «oso zentzugabeak eta arduragabeak» direla, tokiko prentsak jaso zuenez. Maok ziurtatu zuen «argi eta garbi» atzeman zituztela gertakari aerostatikoaren akatsak, eta Pekinen ildo ofiziala berretsi zuen: Washingtonek «lasai eta gehiegikeriarik» gabe maneiatu behar zuen gaia. Bozeramaileak gaineratu zuen iruzkin horiek ez dutela errealitatea islatzen: «Txinaren duintasun politikoa urratzen dute, eta probokazio politiko hutsa da».

Shanghaiko Fudan Unibertsitateko Ikasketa Amerikarren Zentroko zuzendari Wu Xinboren hitzetan, bi aldeen arteko «konfiantza» azpimarratzea izan du xede Pekinek. «Biden ahobero hutsa da, alproja hutsa», adierazi zion Reuters berri agentziari.

AEBetako presidentearen adierazpenak ezustean heldu dira, Blinkenek Pekinera egindako bidaiaren ondotik; Estatu idazkaria Txinako diplomazialari goren Wang Yirekin, Atzerri ministro Qin Gangekin eta Xirekin berarekin batzartu eta gero, adierazi zuten bi aldeen arteko harremanei «zabalik» eutsi behar zaiela, «gatazkarik ez sortzeko». Bada, Blinkenen bisitak ez du fruitu askorik eman. Horrekin lotuta, gainera, Ipar Koreak atzo «lotsagarritzat» jo zuen AEBetako Estatu idazkari «probokatzaileak» Txinara eginiko bidaia.

AEBen politiken kontra

AEBetako presidentearen adierazpenek oihartzuna izan zuten atzo nazioartean. Errusiako Gobernuaren arabera, esaterako, erakusten dute Washingtonen politika «aldakorra eta okerra» dela. «Jakina, AEBek atzerrira egiten dituzten adierazpenak oso kontrajarriak dira, eta ezin dira aurreikusi», esan zuen Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek. «Halere, hori bere kontua da [Washingtonena] [...] AEBekin harreman txarra dugu; Txinako Errepublikarekin, berriz, oso ona», zehaztu zuen.

Washingtonek eta Pekinek konpromiso diplomatikoarekin jarraitzea itundu zuten astelehenean, baita datozen aste eta hilabeteetan Etxe Zuriko eta Txinako ordezkarien arteko bilerak egitea ere. Astelehenean, Etxe Zuriko maizterrak esan zuen bi potentzia ekonomikoen arteko harremanak «bide onean» zeudela, eta Blinkenen bidaia «zenbait aurrerapen txikirekin» amaitu zela.

Atzo, gainera, Xiri «diktadore» deitu ondoren, bazirudien Biden prest zegoela harremanak hobetzeko: «Oso garrantzitsua da orain [Xik] bestelako harreman bat nahi izatea. Antony Blinken hara joan berri da, eta gure Estatu idazkariak lan ona egin du. Denbora beharko dugu», adierazi zuen Kentfielden egindako ekitaldian.

Agerraldi horretan, Bidenek nabarmendu zuen Xi «kezkatuta» agertu zela Quad aliantzak Ozeano Barean izan dezakeen eraginagatik; Japoniak, Australiak, Indiak eta AEBek osatzen dute aliantza hori. Agintariak zehaztu zuen aldez aurretik Xiri ziurtatu ziola aliantzak ez duela asmorik Txina «inguratzeko». «[Xik] Deitu zidan, eta [Txina inguratzeko] hori ez egiteko esan zidan, ataka larri batean jarriko zelako», azaldu zuen Bidenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.