Pobreziaren jaitsiera moteltzen hasi da

Munduko Bankuak ohartarazi du martxa honetan ez dela lortuko muturreko txirotasuna ezabatzea 2030erako. Eguneko 4,75 euro baino gutxiagorekin bizi da populazio globalaren %46

Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Munduko Bankuak (MB) txirotasunaren aurkako borrokari buruzko argazki gazi-gozoa aurkeztu du Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Muturreko txirotasunak jaitsiera oso esanguratsua izan du 1990etik 2015era —%36 zen lehen, eta %10 da orain—, baina azken urteotan murrizketa horren erritmo biziak behera egin du, nabarmen. Bitartean, milaka milioi lagunek ez dituzte baliabide nahikorik oinarrizko beharrizanak asetzeko.

2030. urterako muturreko pobrezia desagerrarazteko helburua ezarri zuen Munduko Bankuak orain dela urte batzuk —zehazki, %3tik behera jartzeko—. Erakundeak muturreko pobreziatzat jotzen du eguneko 1,65 euro baino gutxiagorekin bizitzea. Atzo jakinarazitako azken datuen arabera, 2015. urtekoak, 736 milioi pertsona daude egoera horretan. 2013tik 2015era 68 milioi lagun gutxiago izan dira, gutxi gorabehera Thailandiako eta Erresuma Batuko populazioaren pareko zenbatekoa.

1990. urtetik, mila milioi lagun baino gehiago atera dira muturreko pobreziatik. Batez beste, puntu bat erori da txirotasuna azken bi hamarkada eta erdietan, baina orain apalagoa da bultzada. 2013tik 2015era %0,6 izan zen jaitsiera, eta MBk aurreikusi du murrizketa puntu erdikoa soilik izango dela 2015etik 2018ra.

Moteltze horrek zerikusi zuzena du pobreziaren jaitsierak izan duen banaketa geografiko desorekatuarekin. Txinan eta Asia ekialdean, oro har, aurrerapen itzelak izan dira. Aldiz, Saharaz hegoaldeko Afrikan geroz eta gehiago ari da handitzen txirotasuna. 1990. urtean, 278 milioi pobre zeuden Afrikako erdialdean eta hegoaldean. 25 urte geroago, 413 milioi dira. Populazioaren %41 muturreko pobrezian bizi da, eta munduko 28 herrialde txiroenetatik 27 daude bertan. «Laburbilduz, muturreko txirotasuna, geroz eta gehiago, Saharaz hegoaldeko Afrikako arazo bihurtzen ari da», ohartarazi dute bankuko txostenean.

Horrek ondorio zuzenak ditu pobreziaren aurkako nazioarteko estrategian. Afrikak dituen arazoak zuzentzeko, benetako esku hartzeak beharko dira. Bestela, ezinezkoa izango da muturreko pobrezia akabatzea. Ezkorra da bankuko txostena aukera horri buruz. «Pobrezia globalaren jaitsiera moteltzeak nahiko zail jarri du 2030. urterako helburuak betetzea». Historian sekula gertatu ez den hazkunde handi bat kateatzea beharko litzateke, eta horrek ere ez luke eragotziko pobreziak %10etik gora jarraitzea Afrikako herrialde gehienetan.

Txirotasun erlatiboa

Aipatu bezala, Munduko Bankuak eguneko 1,65 eurotan jarria du muturreko txirotasuna neurtzeko muga. Aspaldiko eztabaida dago horri buruz, ordea, askok zalantzan jartzen dutelako kopuru bakar batek txirotasunaren fenomeno osoa islatzeko modua ematen duen. Mundua bera asko aldatu da. Duela hogei urte, hamar lagunetik sei bizi ziren diru sarrera txikiak zituzten herrialdeetan. Uneotan, populazio globalaren %9 baino ez dira.

Hori dela eta, MBk erabaki du beste bi erreferentzia erabiltzea: eguneko 2,75 euro diru sarrera ertain-txikiak dituzten herrialdeen pobrezia muga gisa eta eguneko 4,75 euro diru sarrera ertain-handiak dituztenen muga gisa. Argazki etsigarriagoa ematen dute kalkulu horien emaitzek: eguneko 4,75 euro baino gutxiago ditu eskura munduko populazioaren %46.

119 herrialdetako lagin bat hartuta, ikertzaileek kalkulatu dute zortzi herritarretik bat dagoela pobrezia ekonomikoan, dirutan neurtuta. Eta bederatzitik zortzik ez dituzte oinarrizko beharrak aseta hezkuntzan edo azpiegituretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.