Tunisiako historia garaikidearen unerik garrantzitsuenetan, UGTT Tunisiako Langileen Batasun Orokorra sindikatu boteretsua presente egon da beti, modu batera edo bestera. Independentziaren aldeko borrokan, UGTT izan zen mobilizazioen transmisio bidea alderdi politikoak debekatu zituztenean. Sindikatuaren tokian tokiko taldeak ezinbestekoak izan ziren diktaduraren gau luzean, 1984ko, 2008ko eta 2011ko matxinadetan, zeinak Zine el-Abidine Ben Ali despotaren ihesarekin amaitu ziren. Iraultzaren zortzigarren urteurrenerako prestatzen ari diren bitartean, berriz, sindikatuak beste indar erakustaldi bat egin du, aztertzen hasi baita politikan hastea.
Herrialdearen egonkortasunaren izenean hainbat urtetan soldaten eskaerei uko egin ostean, UGTTk kalera irtetea erabaki du orain, eta ataka zailean jarri du Yussuf Xahedek zuzentzen duen gobernua. Azken hiru urteetako lehen greba antolatu du arlo publikoan, eta urtarrilaren erdirako zerbitzu guztiak geldiarazteko helburua du. Bigarren hezkuntzan duen sektoreko adarrean, berriz, geldialdiak egiteaz gain, irakasleek uko egin diote ikasturteko lehen hiruhileko azterketak zuzentzeari. Oposizio banatuaren ahuleziaren aurrean, gobernuaren aurkari garrantzitsu bilakatu da.
Dena den, haren kritiken jomuga nagusia NDF Nazioarteko Diru Funtsa da, gobernuak 2.500 milioi euroko mailegua sinatu zuela-eta 2016an. «Gobernuak ez du garapenerako proiekturik.NDFren baldintza oso-oso gogorrak betetzera mugatzen da», kexu da Buali Mbarki sindikatuko idazkariorde nagusia. Langile publikoen soldaten eguneratzea da sindikatuaren kezka nagusia —inflazioak %7a gainditzen du—, afiliatuen %70 baino gehiago baitira funtzionarioak.
Gobernuaren egoera kritikoa da, ekuazio gaizto bati aurre egin behar diola eta. 800.000 langile publiko dauzka, eta Tunisia oso goian dago munduan funtzionario gehien duten herrien rankingean, Eskandinaviaren pare. Joan den urtean, barne produktu gordinaren %25 baino gehiago xahutu zuen soldatetan —Ipar Koreak eta beste gutxik gainditu zuten kopuru hori—. Ez dago defizita murrizteko modurik ehuneko hori jaitsi ezean, eta herrialdearen hazkunde makalak —%3aren azpitik— ez du laguntzen. Gobernuak egitasmo bat aurkeztu zuen iaz, langile publikoen erretiro aurreratua sustatzeko. Baina porrot egin zuen, eta aurten berriz ere soldatak izozteko aukeraren alde egin du, sindikatua borrokarako aurrez aurre jarriz.
Analista politiko batzuen ustez, iraultzaren ostean egon zen kontratazio masiboaren ondorioz gertatzen ari da orain hau guztia, estatuak 150.000 pertsona gehiago kontratatu baitzituen. Dena den, arazoa urrutiagotik dator. «Ben Aliren erregimenak enplegu publikoa politika sozial baten moduan erabiltzen zuen, eta herritarrak lasaitzeko balio zuen», baieztatu du Sayida Unissik, Lan ministroak —Ennahda talde islamistakoa da—. Aurkariek leporatu diote milaka pertsona errekrutatzea bere helburu politikoak betetzeko. «Ez da egia. Kontratatutako gehienak estatuarentzat ari ziren lehenago ere, babes sozialik izan gabe. Haien egoera erregularizatu besterik ez zen egin», argudiatu du Unissik.
Dena dela gertatutakoa, iraultza ostean agindu duten zazpi gobernuek jo dute lan publikoen eskaintzak egitera, herrialdea astindu duten protestak isilarazteko asmoz. Eta politika horrek azaltzen du, Munduko Bankuaren ikerketa baten arabera, tunisiar funtzionarioen produktibitatea lotsagarria izatea: egunean zortzi minutu. Langabezian dauden lizentziadunen mentalitatea ere azaltzen du neurri batean. «Ez denek, baina UDCko kideetako askok funtzionario izan nahi dute, lanpostu egonkor bat izateko aukera bakarra dela ikusten dutelako», azaldu du Xerif Jraifik, UDCko presidenteak. 350.000 lizentziadun langabe batzen ditu UDCk.
Jraifiren arabera, hainbat gizarte erakunde, berea barne, protesta olde bat abiatzeko hitz egiten ari dira. Urtero gertatzen den bezala, iraultzaren urteurrena gerturatzen den neurrian —urtarrilaren 14a—, giroa berotu egiten da. Joan den astean, kazetari gazte batek bere buruaz beste egin zuen, herrialdeko eremu pobreenetan pairatzen duten prekaritatearengatik eta pobreziarengatik protesta egiteko. Hurrengo egunetan sortu ziren protesta askotan istiluak piztu ziren hiru probintziatan, eta 30 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Duela urtebete, berriz, ordura arte ezezagun zen Fex nastaneu? (Zeren zain zaude?) taldeak ere —ezkerreko ekintzaile gazteek osatzen dute—, manifestazioak antolatu zituen gobernuaren aurrekontuaren austeritate politikaren aurka, eta toki askotan liskarrak egon ziren. Gobernuak etxeratze agindua ezarri zuen egoerari aurre egiteko.
Hauteskundeak, aurten
Gazte ekintzaileen eta langabeen protestek UGTTkoenekin bat egingo balute, gobernua gaindi lezakete. Europan klase sindikatu bilakatzen ari dira; Tunisian, berriz, indartsu daude sindikatuak. «UGTTren indarra herrialdearen historiaren parte da... Herriaren interesen aldeko indar gisa aurkeztu ohi da, langile klasearen ordezkari, bere afiliatuetatik harago», dio Lorenzo Fek, sindikatuaren ikertzaileak.
Legebiltzarreko alderdien ahuleziak, 2014ko hauteskundeetan izan zuten hondamendia bide, sindikatuaren politikotasuna indartu du, lehen ministroaren dimisioa eskatzeraino. 2015ean Bakearen Nobel saria eman zioten demokraziarako trantsizioan egindako bitartekari lanagatik, eta, orain, politikan urrats bat egiteko gogoeta prozesuan dago. Mbarkiren ustez, sindikatuak bere zerrendak aurkez litzake datorren udazkeneko legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta lurrikara bat eragin lezake; izan ere, milioi bat afiliatu dauzka, eta azken udal hauteskundeetan Ennahda 700.000 botorekin atera zen garaile. UGTT Tunisiako trantsizioa markatzen ari da.
Sindikatu bat baino gehiago
Tunisiako UGTT sindikatua politikara igarotzea aztertzen ari da. Milioi bat afiliatu ditu, eta protagonista izan da herrialdearen historiako gertakari nagusietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu