Txinak Hong Kongi eskatu dio «ordena» berriz ezartzeko

Pekinek aitortu du Carrie Lam buru duen gobernuak «gabeziak» izan dituela protestei aurre egiteko moduan, baina babesa helarazi die hari eta protestetan izan diren poliziei

Manifestariak Poliziaren eraso batean defendatu nahian, herenegun Hong Kongen egindako protestan. RITCHIE B. TONGO / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Babesa, kritikak, aginduak; Txinako Gobernuak denetik helarazi zion atzo Hong Kongekoari, azken bi hilabeteotako protesten auziaz aritzerakoan. Pekinek ez du ohikoa Erresuma Batuaren kolonia ohiaren barne egoeraz iritzia publikoki ematea, baina azken asteotako gertakariek egoera aldatu dute, eta horren adierazle izan zen Yang Guang eta Xu Luying Hong Kongeko eta Macaoko Auzien Bulegoko eledunek eman zuten prentsaurrekoa: Pekinen izenean, Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuari eskatu zioten «ordena» berriz ezartzeko, eta «manifestari biolentoak» zigortzeko.

Bi hilabete dira herritarrak kalean protestan ari direla, Lamek aurkezturiko estradizioen lege proiektuaren aurka egiteko; parlamentuak lege proiektu hori onartuko balu, Hong Kongek aukera izango luke edozein iheslari Txinara estraditatzeko. Hori gertatuko balitz, protestariek uste dute handitu egingo dela Txinarekiko duten menpekotasuna, eta horregatik izan dira protestan hilabeteotan.

Poliziak manifestarien aurka erabili duen indarkeria izan da azken asteotako eztabaidaguneetako bat, eta aurrea hartu dio lege proiektuari protesta egiteko arrazoien artean. Yangek eta Xuk «gabeziak» aitortu zituzten protestei aurre egiteko moduan, baina «erabateko babesa» helarazi zieten poliziei eta Lami. «Hong Kongeko herritar askok ez dute ezagutzen Txinaren legezko sistema. Horregatik adierazi dute euren kezka. [Txinako] Gobernuak manifestazioak errespetatzen ditu», adierazi zuen Yangek.

Orain, Txinako Gobernuaren estrategia da manifestazioetako ustezko indarkerian jartzea arreta, «gertakari izugarriak» eragin dituztelakoan. «Gure ustetan, Hong Kongeko egoerarik arriskutsuena da krimen bortitzak ez direla modu eraginkorrean gelditu. Gutxi batzuek egiten dituzte, baina egonkortasuna kolokan jarri dute». Hong Kongek estatus politiko berezia du Txinan: Herrialde bat, bi sistema esan ohi zaio, autonomia handiagoa duelako, eta sistema ekonomiko desberdina, kapitalista —Londresek eta Pekinek adostu zuten sistema, 1997an—.

Pixkanaka, atzera

Gaur egun, Lamek sustaturiko estradizioen lege proiektua behin-behinean etenda dago, agintariak berak ekainaren 15ean jakinarazi zuenez: «Legeak gizartean zatiketa handia eragin du», argudiatu zuen orduan, nahiz eta gaineratu zuen erabakiak ez zuela zerikusirik protestekin.

Jakinarazpen horren ostean ere, ordea, protestek aurrera egin zuten —bi milioi lagun atera ziren kalera ekainaren 16an—, eta Hong Kongeko gobernuburuak barkamena eskatu behar izan zien herritarrei, aitortuta hura dela «hein handi batean krisiaren erantzulea».

Gerora, hilaren 10ean, Lamek adierazi zuen lege proiektua«hilda» dagoela, baina ez zuen argi utzi gobernuak neurri hori behin betiko alde batera utziko ote duen: «Oraindik ere gobernuaren zintzotasunari buruzko zalantzak daude, eta lege proiektua berrabiarazteak beldurra sortzen du. Horregatik, errepikatzen dut ez dagoela inolako planik».

Protestariek Lamen dimisioa, lege hori behin betiko kentzea eta Poliziaren gehiegikeriari buruzko ikerketa bat abiatzea dituzte helburu, eta, hainbatetan adierazi dutenez, horiek lortu arte jarraituko dute kalean. South China Morning Post egunkariaren arabera, datorren ostiralean 2.000 bat funtzionario gehituko zaizkie herritarrei lege proiektuaren aurkako protestetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.