Momentu berri bat egosten

ERCk eta JxCk uste dute buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren epaia mugarri bat izango dela, eta hurrengo pausoak elkarrekin adostu beharra daukatela.
Oriol Junqueras ERCko liderra eta Carles Puigdemont JxCkoa, 2017ko uztailean Kataluniako Parlamentuan egindako saio batean.
Oriol Junqueras ERCko liderra eta Carles Puigdemont JxCkoa, 2017ko uztailean Kataluniako Parlamentuan egindako saio batean. ANDREU DALMAU / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2019ko abuztuak 16

Diagnostikoan bat datoz Kataluniako bi indar subiranista nagusiak, ERC Esquerra Republicana eta JxC Junts Per Catalunya: U-1eko erreferendumaren ondotik, 2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetatik, ez da batasunik egon alderdi eta elkarte zibil independentisten artean. Elsa Artadi (JxC) Generalitateko bozeramaile izandakoak aitortu zuen, uztailean, «hondoa» jo zutela. Dela Espainiako Estatuak errepresioa ezarri duelako, dela horren ondorioz erbestean edo kartzelan daudelako bi alderdi politikoetako liderrak, dela azken hogei hilabeteotan lau hauteskundetan lehiatu direlako, dela elkarren arteko mesfidantza historikoa are gehiago areagotu duelako azken urte eta erdiko zurrunbilo politikoak eta judizialak... JxCko goi agintari batek BERRIAri adierazi dionez, ez dituzte «helburuak partekatu». ERCko goi agintari bat «batasun estrategikoa» berregiteaz mintzo da.

Ez du zehaztu, aldiz, nola egin, zein urrats egin horretarako. «Asko hitz eginez». Eta hitz egiten ari dira alderdi subiranistak elkarren artean, erbestean zein kartzelan daudenekin, baita ANC Biltzar Nazional Katalana eta Omnium Cultural elkarte zibil independentistekin ere. Bi goi agintariei iruditzen zaie ziklo aldaketa baten atarian daudela, ziurrenik. Aurreko egunetan, behintzat, azken urteotako Diadarik gatazkatsuena dena igarota, buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaiari —urri hasieran kaleratzekoa da Espainiako Auzitegi Gorena, eta zigor gogorrak aurreikusten dira— eman beharreko erantzunarekin hasiko dira bide orri bat markatzen, baldin eta eman beharreko pausoak adosten badituzte. Bitartean, prozesu subiranistaren momentu berri bat egosten ari dira.

Ez dute, ez, 2017tik gaurdaino ibilitako bidea ibili nahi. «Mundu guztiak du erruaren zati bat», nabarmendu du JxCkoak. Pentsatzen du, halere, Carles Puigdemontek gidatutako proiektuak ERCk baino «gobernu jarrera gogorragoa» mantendu duela. Bi indarren harreman higatuaren une gorenetakotzat du Puigdemont Generalitateko presidente inbestitzeko saioa Roger Torrent (ERC) Kataluniako Parlamentuko presidenteak bertan behera utzi zuenekoa, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aginduei men eginez. Iazko urtarrilaren 30a zen.

ERCko agintariaren iritziz, haiek ez diote «errua» inori egotzi nahi. Baina JxCri leporatzen dio dena «nahastu» nahi izatea. «Batasunaz hitz egiten dutenean, hauteskunde batasunaz mintzo dira soilik. Guretzat, uniformetasuna da hori, eta aurrera egiteko baliagarri izan zaigunetik urruntzen da. Horregatik, hori egiten duenak tranpa egiten du zentzu horretan».

Batasunik ez denez egon, azken udal bozen ondoren ERCk akordioak egin ditu PSCrekin, eta gauza bera egin du JxCk. «Horiek dira batasun independentista motelduz joan diren sintomen ondorioak», aitortu du JxCkoak. Uste du ERCren barruan «anbiguotasuna» dela nagusi. Convergenteen espazio berrian ere ez dira atzera geratzen: PDeCAT, Crida, JxC... Eta espazio horretako liderretako bik, Artur Masek eta Marta Pascalek, Puigdemonten ildo, nolabait, frontistagoarekin bat egiten ez dutela. «Hitz egiten ari gara. Ikusiko dugu gure espazioak nola aurre egiten dion etapa berriari. Herrialde ikuspegiarekin erantzungo dugu, ez alderdi ikuspegiarekin», azaldu du JxCkoak. Ez du baztertzen alderdi gehiago sortzea elkarrizketa horietatik.

ANC sumindu du bi alderdien arteko adostasun faltak. Elisenda Paluzie elkarteko presidenteak esan izan du parlamenturako hauteskunde posible batzuetan subiranismoak botoen %50 gainditzen badu, alde bakarreko independentzia aldarrikapen bat egin beharko litzatekeela. CDR Errepublikaren aldeko batzordeek «traidore» deitu diete indar independentista nagusiei, Generalitatean koalizio gobernuan daudenei, eta U-1ari uko egin izana aurpegiratu. Espainiako Estatuari desobeditzeko eskatzen diete, baina ez dirudi hori denik haien asmoa. JxCko agintariarentzat, arazoa ez da desobeditzea, «horren zentzua» baizik. «Puigdemontek horregatik sortu zuen Errepublikaren Kontseilua». Erakunde pribatua aurkeztu zutenean, iazko urrian, ekintzen bidez prozesua nazioartekotzea helburu zuela jakinarazi zuten. «Kontseiluan egin ahal izango dira, ziurrenik, Espainiako jurisdikzioaren pean ez dauden ekintza politikoak. Badakigu zeintzuk diren ondorioak...».

Errepublikaren Kontseiluak auzia nazioartekotzeko duen «rol ezinbestekoa» onartzen du ERCkoak. Bestela, ez du proposamen zehatzik egiten. «Ziurrenik, gauza asko egin behar dira batera». Haren esanetan, ekintzek izan behar dute zibilak, politikoak, sozialak, «konstanteak, manifestazio batetik haratago doazenak», estatua higatzeko. Desobedientzia ekintzek balio beharko lukete estatua hitz egitera «behartzeko». Eta CDRek exijitutakoa egitea ez dela «posible» uste du. «Beste batzuek izan beharko zuten baldintzak, edo indar gehiago eduki beharko genuke». Hain zuzen ere, 2017ko udazkenetik, errepresioa hasi zenetik, ERCk eskatzen duena: oinarri soziala zabaltzea, estatuak bi egun lehenago erabilitako biolentzia salatzea xede zuen 2017ko urriaren 3 greba orokorreko «gehiengo handiak» berregitea. «Oraindik ezin izan dugu %50 baino gehiago lortu hauteskunde batzuetan, ikus dadin proiektu independentista proiektu irabazlea dela».

Junqueras eta bozak

Generalitateko bi alderdien arteko erlazioak zeintzuk diren ikusita, eta, kontuan hartuta, gainera, independentismoaren legitimitatea handitzeko aukera bat izan daitekeela emaitzak alde izanez gero, etorkizun hurbilerako beste agertoki bat izan daiteke Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak aurreratzea. Pere Aragones (ERC) Generalitateko presidenteordeak ez ditu baztertzen, aintzat hartuta, gainera, aurten egin diren hiru bozetatik bitan JxCren aurretik geratu dela ERC. Halere, JxCko goi agintariak ohartarazi nahi izan du Oriol Junqueras ERCren liderra «ziurrenik inhabilitatuta» geratuko dela epaiaren ondoren, eta ezingo duela boz posible batzuetan hautagai izan. «Puigdemontek, ordea, aurkeztu ahal izango luke».

Diada izango dute irailaren 11n. ANCren (antolatzailearen) asmoa da agintari politikoek ekitaldien lehen lerrorako sarbiderik ez izatea. JxCk ez du berritasuna gaizki ikusten. ERCk ez du partekatzen alderdien «kontra inplizituki» zabaldutako mezua. «Negatiboa da. Sartzen gara dinamika autosuntsitzaile batean».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Etxe Zurira heltzeko Floridan irabazi egin behar du Trumpek»

Arantxa Elizegi Egilegor

Hispanoen babesa ziurtzat jo du Floridako Ordezkarien Ganberako kideak, eta nabarmendu du errepublikanoak ez direla inoiz immigrazioaren aurka egon, «legezko migrazioaren» alde baizik.

Greba orokorra egin zuten atzo Polonian, eta milaka emakume atera ziren protesta egitera Krakovian. ©EFE

Haurdunaldira kondenatuak

Jone Bastida Alzuru

Emakumeen greba orokorra egin dute Polonian, Auzitegi Konstituzionalak legezko abortuak are gehiago murrizteko hartutako erabakia salatzeko. Datozen egunetan ere mobilizazioak egingo dituzte

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna